Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Osasun krisiaren aurrean,«zutik» jartzea izango du xede EAJk

Kanpainaren atarian, 420 orriko hauteskunde egitaraua aurkeztu du. Egoera kudeatzeko gaitasuna goraipatu du Urkulluk jeltzaleengan

Iñigo Urkullu, EAJren lehendakarigaia, atzo, Bilboko euskalduna jauregian. LUIS TEJIDO / FOKU.
joxerra senar
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Gaur ekingo dio hauteskunde kanpainak, eta ezinbestean COVID-19a alderdien agenda politikoaren erdigunean kokatu da. Kanpainaren bezperan, atzo arratsaldean, Bilboko Euskalduna jauregian aurkeztu zuen 420 orrialdeko egitaraua EAJk. Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak nabarmendu zuen iraganeko krisialdietan egin bezala, «Euskadi berriro altxatu» egingo dela oraingo honetan, eta jarraian jeltzaleen konfiantzaren zigiluari erreparatu zion, bi aldiz. «EAJren hitza da». Konpromiso horren gain, Iñigo Urkulluk lehendakarigaiak azaldu zuen, «inor atzean utzi gabe», berreraikuntza izango duela lehentasun: «Kolpe handia hartu dugu, zauriak eta ubeldurak ditugu. Jarri gara aurrera begira, martxan gaude, eta zutik jarriko gara berriro. Hori da gure uste sendoa eta itxaropena».

Egitaraua aurkezteko Bilboko Euskalduna jauregia hautatu zuen EAJk, duela 40 urteko ontziolen krisialdia gogoan, «euskal herritarrek etengabe hobetzeko gaitasuna sinbolizatzen duelako», Ortuzarren hitzetan. Han bildutakoak, elkarren artean distantzia gordez eta euretako batzuk maskara soinean; COVID-19aren eragina nabari zen. Minutu bateko isilunea gorde zuten eritasunak eragindako hildakoen omenez. Urkulluk hitza hartu aurretik, Ortuzarrek aipatu zuen agiriak 30 helburu eta proposamen ugari bildu dituela.

Urkulluk, bere hitzaldian, nabarmendu zuen EAJk «konfiantza eta sinesgarritasuna» eskaintzen dizkiola euskal gizarteari berme gisa. Besteak beste, gogorarazi zuen «zorra murriztuz eta kaudimena irabaziz» kontu publikoak onbideratu dituela Jaurlaritzak amaitu berri den legealdian eta, ondorioz, «etxeko lanak eginda» harrapatu dituela COVID-19ak.

Lau ardatz

Egitarauari dagokionez, lau ardatz ditu, Urkulluren hitzetan: pertsonak, oparotasuna, planeta eta nortasuna. Lehenik, Urkulluk defenditu zuen gizarte kohesioa dutela lehentasun: «Gure apustua pertsona guztien alde egitea da, inor bazterrean utzi gabe». Bigarrenik, haren ustez, «lanik eta ekonomiarik gabe ez dago oparotasunik», eta enplegu arloko akordio bat proposatu du. Egitarauak dio 150.000 enplegu sortzea bultzatuko dutela. Hirugarrenik, iraunkortasuna jarri du xede gisa: 2005eko gas emisioekin alderatuta, %30 murriztea eta energia berriztagarriak kontsumoaren %25 izatea. Azkenik, nortasunari eusteko, autogobernuan sakontzeko beharra azaldu zuen Urkulluk.

Gaur hasiko da kanpaina ofizialki. Atzoko ekitaldiaren ondotik, EAJk Gernikan ekingo dio, 21:00etan. EH Bilduk Gasteizko Plaza Berria aukeratu du bi asteko lasterketako abiapuntu gisa, 20:00etan. Elkarrekin Podemosek eta PP-Ciudadanos koalizioak Arabako hiriburuan hasiko dute kanpaina ere bai: lehenak Europa jauregian 18:30ean; bigarrenak, 19:00etan, Ciudad de Vitoria hotelean. PSE-EEk Bilboko Arenalera joko du, 19:30ean.

Atzo, koronabirusak ekar dezakeen krisiaren aurrean Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuak adierazi zuen EH Bilduk ez duela onartuko «murrizketa bakar bat ere arlo sozialean». EH Bilduren iritziz, COVID-19ak erakutsi du zerbitzu publiko indartsuagoak behar direla, eta horretarako baliabide gehiago lortu behar dira. Agirrek eskatu dio Urkulluri «zintzoa» izateko: «Herritarrei argi azaldu behar die murrizketak ezarri behar dituela, murrizketak egiten hasi delako».

Idoia Mendia PSE-EEko eledunak Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak autogobernuaren alde adierazitako konpromisoa azpimarratu du. Gaur goizean, Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuako ordezkariak dira biltzekoak eskumenen transferentzia batzordean. Kanpainaren hasiera izanik, Mendiak arlo horretan sozialisten lana goraipatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.