NBEk arrazoia eman dio andre bati indarkeria obstetrikoko kasu batean

Donostiako ospitale batek emakume bati erditzean emandako tratua salatu du erakundeak

Bi mediku, zesareaz jaiotako ume bat besoetan dutela. BERRIA.
Edurne Begiristain.
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herriko emakume batek indarkeria obstetrikoa jasan zuen 2012an Donostiako ospitale batean, erditzean baimenik gabeko interbentzioak egin zizkiotelako. Horixe ebatzi du NBE Nazio Batuen Erakundearen Emakumearen Diskriminazioa Desagerrarazteko Batzordeak, 36 urteko andrazkoak jarritako salaketa aztertuta.

Erditzean indarkeria obstetrikoa jasan zuela salatzeko, Nazio Batuen Erakundera jo zuen N.A.E.-k duela hiru urte, Espainiako justiziaren ateak itxita topatu ondotik. NBEn salatu zuen bortizkeriaz artatu zutela erditu zenean, eta tratu horrek ondorio psikologikoak eragin zizkiola. Arrazoi eman dio orain NBEk, andrazkoa indarkeria obstetrikoaren biktima izan zela ebatzita, eta Espainiako Estatuari eskatu dio emakumeari erreparazioa emateko «osasun fisikoan eta psikologikoan pairatutako kalteengatik». Halaber, galdegin dio emakumeen «autonomia eta gaitasuna errespetatzea», erditze etapa bakoitzean informazio osatua emanda eta edozein tratamendu inbaditzaile hasi aurretik «baimen askea» lortuta.

NBEren ebazpenak jasotzen duenez, haurdunaldiaren 38.astean eta ur poltsa hautsia zuela iritsi zen emakumea Donostiako ospitale batera, eta han erditzea eragin zioten, aintzat hartu gabe horrelako kasuetarako dagoen 24 orduko itxarote protokoloa. «Alternatiba posibleeiburuzko informaziorik eman gabe, erditzea eragin zioten, behar baino lehen eta haren baimenik gabe», nabarmendu du NBEk.

Are, txostenean jaso du baginan baimenik gabeko miatze ugari egin zizkiotela, ez ziotela jaten utzi, eta eskuak lotuak zituela zesarea bat egin ziotela. Erditu zenean, gainera, umea ez ziotela berehala eman nabarmendu du NBEk, gogora ekarrita funtsezkoa izaten dela amaren eta umearen arteko lehen kontaktu fisikoa.

«Fenomeno orokortua»

Erditzean pairatutako tratuak kalte fisikoa eta psikologikoa eragin zizkion emakumeari, ebazpenean jasota dagoenez. Antsietate sintomekin jo zuen lehen arretako medikuarengana, eta «erditze osteko estres nahasmendua» diagnostikatu zioten. NBEk uste du ospitalean jasotako tratuak «trauma» bat eragin ziola, «fisikoa eta psikologikoa».

Horrekin batera, NBEren batzordeak azpimarratu du erditzean indarkeria erabiltzea «fenomeno orokortua, sistematikoa eta errotua» dela osasun sistemetan. Eta zera ohartarazi du: «Medikuek eta erizainek aplikatu beharreko estandar eta protokolo guztiak bete izan balituzte, zitekeena izango zen biktima modu naturalean erditzea, fisikoki eta mentalki traumatizatu zuen prozedura hartatik igaro beharrik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.