Albistea entzun

Irungo mugan migratzaileei «arreta psikosoziala» emateko eskatu dute

Migrazio bidaietan izandako bizipenak bildu ditu SOS Arrazakeriak txosten batean
SOS Arrazakeriako kideak, atzo, Irunen, txostenaren aurkezpenean.
SOS Arrazakeriako kideak, atzo, Irunen, txostenaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2023ko otsailak 4 - Irun

Laminek 24 urte ditu, eta Gambian hasi zuen bere bidaia, Europara iristeko asmoz. Lortu zuen. Orain, ordea, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko mugan aurkitu du oztopoa: hiru aldiz saiatu da hura igarotzen, baina Poliziak atxilotu egin du, eta Frantziako Errepublikara sartzea debekatu.

Lamineren bizipenak eta beste hemeretzi istorio bildu ditu Gipuzkoako SOS Arrazakeriak kaleratu berri duen txosten batean: Elkar gurutzatutako bizitzak Irungo mugan: entzutearen fruituak. Iragaitzazko migratzaileentzat laguntza psikosozialaren beharra. Atzo aurkeztu zuten, Irunen, eta aurkezpenean izan ziren Eva Aranguren SOS Arrazakeriako kide eta txostenaren egilea, eta Mikel Mazkiaran elkarte bereko zuzenbide arloko langilea.

Haien arabera, txostenaren helburua da Irunen dauden pasaerako migratzaileen kontakizunen bidez «euren bizipen eta errealitateak zabaltzea». Arlo emozionalean zentratu nahi izan dute, «ikuspegi feministarekin eta migratzailearen narratibatik». Txostenaren ondorioak kontuan hartuta, proposamen bat egin diote Eusko Jaurlaritzari: Irungo Hilanderas kalean Gurutze Gorriak kudeatzen duen harrera zentroan «laguntza psikosozialeko baliabide profesionalizatu bat» martxan jartzea.

Ikerketan hogei migratzaileren istorioak ageri diren arren, Irundik igaro diren 99 migratzaile elkarrizketatu dituzte txostena osatzeko. Jatorriz Saharaz hegoaldeko herrialdeetakoak dira gehienak, eta, migratzeko izan zituzten arrazoietatik hasita, Irungo mugara heldu arteko ibilbidean migratzaileek bizi izandakoak jaso ditu txostenak.

Adibidez, Mariamak 2019an ihes egin behar izan zuen Gineatik. «Nire senarra oposizioko kidea zen; Alpha Conde lehendakariaren aurkako bilerak eta protestak antolatzen zituen. Diktadurapean bizi ginen. Etxera itzuliko ez zen eguna irits zitekeela esan zidan senarrak, eta azkenean egun hori iritsi egin zen», azaldu die egileei. Bost hilabeteko haurdun zegoen Mariama, eta 5 urteko alaba hartuta ihes egin zuen. «Ez dut senarraren berririk harrezkeroztik, eta hiru urte pasatu dira jada. Egin ziotenaren ondoren, bizirik irauten ari dela pentsatzen dut».

Hala ere, Europara iritsi arteko bidea luzea izan ohi da migratzaileentzat. Marokon, Aljerian, Senegalen edo Mauritanian hilabeteak edo urteak igaro behar izaten dituzte, bidaia ordaindu ahal izateko. Mohammed ere 2019. urtean atera zen Boli Kostatik, eta Mali, Mauritania eta Maroko zeharkatu zituen. Malin Estatu Islamikoak bahitu zuen hilabete eta erdiz, eta tortura «basatiak» jasan zituen, ihes egitea lortu zuen arte. Marokon beltzek jasaten duten jazarpenari buruzko azalpenak bildu dituzte ikerketan: «Hiriko kaleetan gindoazenean, denbora guztian botatzen ziguten txistua aurpegira. Ezer egin edo esan gabe aurrera egin behar zenuen». Bidaian sentitutakoa laburtu die ikertzaileei: «Infernua eta hiltzeko gogoa».

SOS Arrazakeriako kideek azaldu dutenez, migratzen duten andreei indarkeria sexuala gehitzen zaie: «Emakumeek bidaian zehar sexu abusuak jasatea ia ezinbesteko jazoera bilakatu da, eta, bandetako kideek edota gizon migratzaileek ez ezik, mugetako langileek, poliziek eta beste funtzionarioek ere egiten dituzte». Gehitu dute emakume migratzaileek ere beraien migrazio proiektuan «jasan beharreko baldintzatzat» ikusten dutela jada indarkeria mota hori. Ikerketan bildutako testigantzen arabera, «bidean gertatzen denaren erdia» soilik jakingo balute, ez lukete erabakiko abiatzea.

Ondorio psikologiko larriak

Izan ere, bidean bizi izandakoak «depresioa, antsietatea, apatia, fobiak, erru eta porrot sentimenduak, jokabide suizidak, lo egiteko ezintasuna edo buruko eta gorputzeko nekea» ekarri die, besteak beste, migrazio prozesua egin dutenei. 18 urteko Alpha gazte ginearraren bizipenak jaso ditu erakundeak, esaterako. Gaur egun Oñatiko (Gipuzkoa) Larraña etxean dago —Zeharrek kudeatzen du—, baina Europara iristeko pateran bizi izan zuenak kalte larriak utzi dizkio: «Berarekin zihoazen lagunak indarrez kendu zizkion itsasoak, egarri eta gose utzi zuen, entzumen haluzinazioak eragin zizkion, eta etxetik hasi zuen bidaiaren amaiera bertan izango zuela sentitu zuen». Azaldu dutenez, oraindik entzumen haluzinazioak ditu, baita «gaueko izuak eta antsietate nahaste orokortua» ere.

Bidaiak eragindako kalteei Irun eta Hendaia arteko muga zeharkatu nahi dutenek aurkitzen dituzten oztopoak gehitzen zaizkie. Izan ere, Bidasokoa «ezberdina» dela azaldu dute zenbait migratzailek: «Gogameneko muga da hau; muga pasatzearen trukean ez zaituzte joko edo bortxatuko, ez dizute lapurtuko. Irunen, zure gogamenarekin jolasten dira».

Arlo juridikoa landuta, Mazkiaranek gaineratu du Irungo muga «barrukoa» dela eta, beraz, ez daukala zentzurik Poliziak migratzaileak bueltan bidaltzea. Izan ere, Schegen espazioan dago Irun, «eta hor zirkulazioa librea da». Gogoratu du beti izan direla pasaerako migratzaileak, eta ez dituztela kontuan hartu behar bezalako arreta emateko: «Eusko Jaurlaritzari dagokio migratzaile horiei baliabideak eskaintzea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

UEMAko herrietarako udalen ordezkariak, atzo, Azpeitian. ©JON URBE / FOKU

UEMAk egiturazko neurriak eskatu ditu euskararen erabilera sustatzeko

Irati Urdalleta Lete

Ehun herriko langa gainditu du, beste lau herri onartuta: Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria. UEMAk Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzeko konpromisoa hartu du
Hezkuntza Plazara elkarteko ordezkariak, atzo, Donostian eginiko agerraldian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Plan pilotu bat» galdegin dute, euskal hezkuntza sistemaren bidean

Ion Orzaiz

Hezkuntza Plazara-k elkarlana sustatuko du, hezkuntza proiektua, euskalduntzea eta euskal curriculuma bilduko dituen bide orria lantzeko
Ekitaldia atzo, Azpeitian. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Pasaiako segada argitzeko eskea egingo diote Jaurlaritzari

Gurutze Izagirre Intxauspe

Biktimen senideek sumina adierazi dute «hiru urteko lana lapurtu dietelako». Etzi, sarraskian parte hartu zuten polizietako bat identifikatzeko proba egingo dute auzitegian
Immigrazio lege proposamen berriaren aurkako afixa itsatsi zuten Baionako herriko etxe aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Dozenaka lagun bildu dira Baionan immigrazio lege berriaren aurka

Garazi Aduriz Zuñeda

Legeak ukango lituzkeen ondorioen berri eman, eta zakarrontzi batera bota dituzte. Migrazio politika duin bat» ukan dute aldarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.