Kezka eragin du katalanaren ofizialtzea lehenetsi izanak

Jaurlaritzak eta Sortuk kritikatu egin dute Espainiako Gobernua, EBn hizkuntza gutxituak ofizialtzeko eskearen harira adierazitakoagatik

Espainiako Gobernuko Atzerri ministro Jose Manuel Albares, Bruselan, kazetarien aurrean mintzatzen. PABLO GARRIGOS / EFE.
Arantxa Iraola - Mikel Rodriguez
2023ko irailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Konplitu» egin zuten. Asteartean aditz hori erabili zuen Espainiako Gobernuko Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek Bruselan zer egin zuten azaltzeko; hain justu, abuztuan Junts Per Catalunyak eskatuta erregistratutako eskabide bat eraman zuten Europako Batasunaren Kontseilura: euskara, katalana eta galiziera EB Europako Batasunean ere ofizial izateko bidea hastea galdegin zuten. Carles Puigdemonten alderdiak jarritako baldintzetako bat izan zen, PSOEk Espainiako Kongresuko presidentetzarako aurkeztu zuen hautagaia babeste aldera. Eskea ez zen aurrera atera, gainerako estatuetako ordezkarien dudak agerikoak izan ziren, eta atzeratu egin zuten erabakia, epe jakinik gabe. Horren ostean, eskaera apaltzeko prest agertu zen Albares, asteartean bertan: hiru hizkuntzak batera ofizialdu beharrean, katalana lehenesteko prest dira. Kritikak eragin ditu horrek Euskal Herrian.

Bart iluntzean, ordea, Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko diputatuak adierazi zuen Espainiako Atzerri ministroak dei egin ziola, eta ziurtatu ziola Madrilek ez duela katalana lehenetsiko EBn egin duen eskaeran. «Ofizialtasun eskaera hiru hizkuntzetarako da, eta Europako agintariek hiru hizkuntzak aztertuko dituzte, hori da ministroak ziurtatu didana», adierazi zuen Estebanek Radio Euskadiko Ganbara saioan. Jeltzalearen arabera, Albaresek esan dio «hiru hizkuntzetarako txosten bakarra» dutela aztergai EBko estatuek.

Arrazoibide okerra

Izan ere, Espainiako Atzerri ministroak herenegun Bruselan adierazitakoak erreakzio soka luzea eragin du Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak atzo esan zuen «objektiboki» ez dagoela ziorik euskararen ofizialtzea atzeratzeko. Gobernuko eledun Bingen Zupiriak, bide beretik, adierazi zuenPSOEk abian dituen «larrialdi politikoak» daudela erabakiaren atzean. «Pena» azaldu zuen euskararentzat hain garrantzitsua den gai bat era horretan atera dutelako plaza politikora, «interes politiko» jakin batzuei atxikita. Katalana lehenesteko hiztun kopuruari erreparatzea ere arrazoibide «txarra» dela argudiatu zuen Zupiriak: «Ikuskera horrek ekarriko luke munduan dauden hizkuntza gehienak behar baino lehen desagertzea».

Zupiriak nabarmendu zuen, hala ere, Europako Batasunean ez dutela baztertu guztiz euskara, katalana eta galiziera ofizial egiteko bidea, eta gaiaren gaineko «gogoetak» fruituak eman ditzakeen ustea dutela oraindik. «Espero dut denok abilidadea izatea ireki den ate honi, hasi den aldi honi, probetxua ateratzeko». Horretarako bideak ireki daitezkeela uste du; gogora ekarri zuen Europako Batasuna eratu zenean lau hizkuntza ofizial baino ez zeudela, eta egun 24 direla.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk berak ere izan zituen atzo hizpide Albaresen adierazpenak: «Ez zaizkit batere gustatu». Ezinegona azaldu zuen kazetarien aurrean, eta, adierazi zuenez, era ofizialean ere bai: Espainiako Atzerri Ministeriora helarazitako gutun batean. Jaurlaritzako lehendakari gisa, euskara defendatu behar duela gogoratu zuen Urkulluk: «Beste hainbat hizkuntzaren pareko izan behar du Europako Batasunean».

Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek ere hizpide izan zuen atzo Albaresen iragarpena. Hark ere lotura egin zuen Pedro Sanchez berriro Espainiako Gobernuko presidente izendatu ahal izateko negoziazioen barruan Kataluniako alderdi independentistekin hartu-emanak joritzeko beharrarekin: «Baina gainerako indar subiranistek ere eskatu dugu ofizialtasuna».

Gainerakoan, talde abertzaleek oro har, ontzat jo dute Espainiako Kongresuan euskara eta gainerako hizkuntza gutxituak legez erabili ahal izateko urratsa egin izana astearte honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.