Ingeteamek berpiztu duen oskola

General Electricek Ortuellan utzitako pabiloia erosi eta birmoldatu du argindar bihurgailuak egiteko

Ingeteameko langileetako bat, argindar bihurgailuetako bat muntatzen. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Ortuella
2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Langileek ate aurrean jarri zituzten pankartak iraganeko argazki dira jada. 2017ko azaroan etsipen aurpegiak ziren nagusi General Electric enpresak Ortuellan (Bizkaia) zuen lantegian. Ateak itxi eta 98 langile utzi zituen kalean, eta, bide batez, 5.500 metro karratuko pabiloi bat hutsik. Bi urte geroago, baina, zarata hotsa itzuli da hara, Ingeteamen eskutik. «Bigarren bizitza» eman diogu eraikinari, hala deskribatu zuen atzo grafikoki Adolfo Rebollo Ingeteameko kudeatzaileak, inaugurazio ekitaldian. Berpizkundea sendo jaio da, gainera: 70 langile dituzte egun, eta espero dute100dik gora izatea hurrengo urtean.

Orube eta pabiloi baten historia da Ingeteamek Euskal Herrian ireki duen seigarren lantegiarena. «Erakundeen eta enpresen arteko elkarlanaren eredu ezin hobea», laburbildu zuen Rebollok. Ezin hobea agian, baina ez laburra, Ingeteamek sei hilabete baino gehiagoko bidea egin behar izan baitu General Electricek utzitako oskola betetzeko. Elektrizitate bihurgailuak egiten dituzte orain, armairuak direlakoak, argindar potentzia argindar estatiko bilakatzen dutenak.

General Electricek ateak itxi zituenean, Ingeteam lurzoru industrial baten bila ari zen Bizkaian. «Lehentasun bat zen, ez lehiakortasunarengatik, baizik eta bertakoak garelako eta lantegi bat nahi genuelako». Aukera gehienak, baina, ez ziren egokiak: orube batzuek kargak zituzten, eta beste batzuk birkalifikatu egin behar ziren edo kutsatuta zeuden... Aukera bakarra eraikita zegoen pabiloi bat erostea zen. Eta orduan iritsi zen General Electricen albistea, «izarrak lerrokatzea behar genuen hura lortzeko», gogoratu zuen. Ekuazioa, izan ere, ez zen erraza. Orubea eta pabiloia Altuna y Uria eraikuntza enpresarena zen, General Electricek luzerako alokairua zuen, eta Ingeteamek, hura erosteko interesa. Hari askoko mataza.

Lehen bilerek ez zuten fruiturik eman. «Jarrerak urrun zeuden; nik uste nuen ez genuela lortuko». Orduan iritsi zen Jaurlaritzaren «artekari lana», negoziazioak erraztuz. «Alde guztiekin hitz egin zuten. Gurekin eseri ziren, eta negoziazioetan bateren bat urruntzen bazen, itzultzera behartzen zuten». Kudeatzaileak Ekonomia Garapen Sailaren eta SPRIren lana, eta General Electricen «jarrera» ona goratu ditu. Bezero dute Ingeteamen, eta General Electricen bilakera arduradun nagusiak Euskal Herria etorri behar izan zuen. Gutxienez bi akordio behar ziren: alokairua haustea eta erosketa. Azkenean, baina, posible izan zen, horrelako pabiloi bat hutsik uzteak ez zuen zentzurik, eta jarrerak gerturatu egin ziren. Ingeteamek pabiloia eta orubea erosi zituen sei milioi euroko inbertsio batekin.

Eta langileak? Bada General Electricek kaleraturiko hamar lantegi berean ari dira, eta beste bost, Ingeteamek Beasainen duen lantegian. Beste hainbatek euren kasa lortu zuten lana. Erakundeen laguntza, baina, haratago joan zen, besteak beste lantegiko ekipamenduen %10aren erosketan lagundu baitzuten. SPRItik azaldu zutenez, Meatzaldea «alde behartsua» da Europako Batasunarentzat, eta lehiakortasun epaitegiak horrelako laguntzak ahalbidetzen ditu. Ortuellako langabezia tasa %12,9koa da, eta %13 ingurukoa da Meatzaldean.

Itsasontzi elektrikoa

Lantegi berrian elektrizitate bihurgailuak egiten dituzte. Zer dira? Sareko potentzia pilatu eta elektrizitate estatiko bihurtzen duten gailuak. Gero, bihurgailu handiago batean, argindar estatiko hori mugimendu bilakatzen dute edozein mekanismo edo motor aktibatzeko. Egun, Ortuellan, txanda bakoitzeko armairu bat egin dezakete. Urteko datuei erreparatuz, 34 tren mugiarazteko 136 gailu, azpiegitura industrialetarako 120 gailu —minerala suntsitu, labeak berotu...—, argindar sareko kalitaterako 24 gailu, eta 40 ontzi mugiarazteko 120 gailu egin ditzakete.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria lantegiaren inaugurazioan egon zen. Azaldu zioten Ingeteamen egin dituztela Ortze Euskal Herrian eraikitako lehen itsasontzi elektrikoaren propultsioaren osagarriak. «Ortuellako bihurgailua Indarren, Beasaingo gure enpresan, eraikitako motor batean txertatu dugu, eta horrek mugiaraziko du ontzia», azaldu zuen Rebollok. Autoekin bezala, itsasontzien pauso elektrikoa ematen ari dira, eta Ortze udaberrirako egongo da prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.