Jaurlaritzak dio legedia betetzen duela euskara eskakizunak

Irungo Udalak epaiari jarriko dion helegitea babestuko du. Gipuzkoako Foru Aldundia ere auzitegiaren ebazpenaren kontra agertu da

Bi udaltzain konfinamendu garaian, kalean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jone Bastida Alzuru - Irati Urdalleta Lete
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Egunotan harrabotsa sortu du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epai batek: bertan behera utzi ditu Irungo (Gipuzkoa) Udaltzaingo zerbitzurako hamabi lanposturi ezarritako hizkuntza eskakizunak, euskaraz ez dakitenentzat «diskriminatzailea» dela argudiatuta. Auzitegiaren erabakia aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzak ohar bat kaleratu zuen atzo, eta adierazi lan deialdiak indarrean dagoen legedia errespetatzen duela. Irungo Udalak helegitea jarriko dio EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenari, eta Jaurlaritzak esan du babesa emango diola.

Jaurlaritzaren arabera, herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen dekretuak dio udaltzain izateko lanpostuak lehentasunezkoak direla, jendaurrekoak direlako, eta, beraz, funtsezkoak direla «herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko».

Eustatek 2016an argitaratutako datu ofizialen arabera, Irungo herritarren %60,32k dakite euskaraz; hau da, 2016an zituen 58.315 biztanleetatik 35.179k. Jaurlaritzak azpimarratu du euskararen ezagutzaren kopuru horrek lotura estua duela «udaltzain lanpostua lortzeko euskara jakiteko betebeharrarekin». Eta hau erantsi du: «Gaur egun, Irunen 88 udaltzain daude lantaldean, eta egiaztatu behar da horietatik 59k euskara jakitea, hau da, %67k». 2020ko datuen arabera, Irungo Udaltzaingoko 34 lanpostutan euskara jakitea ez da postua lortzeko baldintza izan.

Irungo Udalak errekurtsoa jarriko dio epaiari, eta Jaurlaritzak egokitzat jo du erabakia, «kontuan hartuta udaltzainek herritarrekin izandako harreman ia guztiak ahozkoak direla, eta Irungo nahiz inguruko udalerrietako biztanleekin jardun behar dutela». Beraz, udalak helegitea jartzea babestu du.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ohar bat argitaratu zuen atzo, eta Eider Mendoza bozeramaileak epaiarekiko «harridura eta desadostasun irmoa» adierazi zuen, «orain arteko arauen eta sententzien interpretazio berri eta murriztaile bat» dela iritzita. Auzitegiarekiko errespetua agertuta ere, ez dago ados emandako argudioarekin: «Administrazioko langile bati erkidegoko bi hizkuntza ofizialak jakitea eskatzea ez da, inolaz ere, diskriminatzailea». Eta azpimarratu du herritarrek eskubidea dutela aukeratuko hizkuntzan arreta jasotzeko, euren hizkuntza eskubideak bermatuz. «Euskaldunek eskubide osoa dute zerbitzari publiko guztiekin euskaraz egin ahal izateko».

Epaiari, erantzuna

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Euskalgintzaren Kontseiluak «gogor» gaitzetsi dute auzitegiak emandako ebazpena asteon, eta ohartarazi dute eskubideen urraketa «betikotu» dezakeela. Adierazi dute epaiak eraso egiten diola Irungo herritarren hizkuntza eskubideari, eta horri nola erantzun aztertzen ari direla. «Epaiaren larritasuna aintzat hartuta eta herritarren hizkuntza eskubideak eta euskararen normalizazioa helburu, euskalgintzako eragileok erantzun bateratua prestatzen ari gara».

Horiek horrela, atzo jakinarazi zutenez, eragileek agerraldia egingo dute maiatzaren 17an, astelehenean, Bilbon, «batasunerako deia egin eta epe laburrean ezarriko diren mugarriak adierazteko». Salatu dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiak atzerapauso bat dakarrela «herritarren hizkuntza eskubideetan eta euskararen normalizazio prozesuan».

Auzitegiaren epaia jakin zenean, Behatokiak gogoratu zuen legearen arabera herritarrek eskubidea dutela zerbitzua euskaraz jasotzeko, eta ezinezkoa izango dela eskubide hori betetzea horretarako tresnak deuseztatu edo «bestelako interesen azpian» jartzen badituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.