Siemens Energyk esan du buruan darabilela Siemens Gamesa osoa bereganatzea

Siemens Gamesa Etengabe galerak ematen ari denez, handik falta zaion zatia erosi eta burtsatik aterata, berregituratu egingo luke Zamudioko taldea

Gamesak egindako haize errotak, Elgeako parke eolikoan. EEE.
Irune Lasa.
2022ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Hilabeteetako espekulazioen ostean, badirudi —oraingoan bai— Siemens Energyk abian jarriko duela Siemens Gamesan falta zaion zatia erosteko prozesua. Alemaniako konpainiak Zamudioko taldearen %67 dauka jada jabetzan, eta kalkulatzen da 3.500 milioi euro beharko dituela gainerako zatia eskuratzeko; kontuan izanda oraintxe Siemens Gamesaren merkatuko balore osoa 9.600-10.000 milioi eurotan dagoela.

Munichetik egindako adierazpenean, edonola ere, ez dago erosketa eskaintza publikoaren baieztapenik. «Ez dago erabakirik hartuta, eta ez dago segurtamenik salerosketa gauzatuko denik», esan zuen atzoSiemens Energyk. Baina burtsak pizteko nahikoa izan da alemaniarren esaldi bat: «Pentsakizun horren emaitza zabalik dago».

Eta horrela, Siemens Gamesaren tituluen baloreak %11 egin zuen gora, CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak behin-behinean haien salerosketa eten aurretik, «badaudelako zenbait zirkunstantzia eragina izan dezaketenak balore horien gaineko operazioen garapen normalean». Berriz salerosketa zabaldu denean akzioa are gehiago igo da, %12tik gora.

Merkatuan dago Siemens Gamesa, eta, haren %33a eskuratuta, Alemaniako taldeak eskumen osoa nahi du Zamudiokoarekin egin beharrekoa egiteko, lasta astuna bilakatu baitzaio, etengabeko galerak direla-eta, zeintzuek azkenean Municheko taldeari berari eragin dioten. Eta Energyren enpresa amari berari ere, Siemensi, zeinak oraindik baduen partea Siemens Energyn.

Siemens Gamesak 780 milioi euroren galerak izan ditu azken seihileko fiskalean (2021eko urritik 2022ko martxora). Iazko epe berean 54 milioiren galerak izan zituen, eta kopuruen okertze handi hori integrazio gastuei, amortizazioei eta lur gainekoparke eolikoen hainbat egitasmok (onshore) izandako atzerapenari egotzi die.

Zertarako?

Alemaniarrek zertarako nahi dute Siemens Gamesa burtsatik atera? Hura berregituratzeko. Zerbaitegatik bada ezaguna egungo Siemens Gamesaren burua —martxoan hartu zuen kargua Jochen Eickholtek—, berregituraketetan aditua izateagatik da.

Eickholtek Andres Nauen ordezkatu du, horrek karguan bi urte baino gutxiago egin ostean. Izan ere, zuzendari gorabehera handia izan da Siemens Gamesaren azken urteetako beste ezaugarri bat.

2017. urtean Siemensek eta Gamesak bat egin zutenetik, Financial Times-en arabera, Zamudioko taldeak lau kontseilari ordezkari izan ditu; bost finantzaburu, onshore negozioko bost buruzagi, offshore-ko bost buru; eta bizerbitzuburu.

Berregituraketen eufemismo horren atzean baliteke hainbat jokaldi egotea. Eta horietako bat aktibo batzuk edo gehienak salduz joatea izan daiteke. Edo ixtea ere. 2020ko ekainean itxi zuen konpainiak Aoizko (Nafarroa) bere lantegia, lehiakortasun bila ekoizpena Portugalera eramateko. Oraingoz, martxoko agerraldian Eickholtek esan du konpainiak ez duela buruan langile taldea murriztea, «luze gabe».

Muinean Zamudioko taldearen arazoa batez ere lurreko sorgailu eolikoen negozioan dago. Galerak eta galera iragarpenak zama handia bihurtu dira konpainientzat, eta akziodunak kontu eske jarri ditu, Alemanian bertan. Zamudioko taldearen akzioek beren balorearen erdia galdu dute azken urtean.

Eta Siemens Gamesa itsasoko eolikoetan lortzen ari den kontratu eta emaitza onak ez dira nahikoa kontuak orekatzeko, ezta inbertsiogileak eta zuzendari alemaniarrak baretzeko ere.

Egia da, halaber, Siemens Gamesa ez dela eolikoen negozioan arrastaka dabilen bakarra. Haren lehiakide nagusiak, Danimarkako Vestastek, iragarri berri du uste baino sarrera txikiagoak izango dituela aurten; eta berdintsu dabil General Electric ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.