Gerra Ukrainan

Ukrainak esan du asteon hasiko dela zerealak esportatzen

Asteburuko Odesako portuko erasoaren ondoren, Errusiako Gobernuak adierazi du ez dagoela «oztoporik» laboreak ateratzeko

Odesako suhiltzaileak (Ukraina) portuan, iragan larunbatean, sua itzaltzen. EFE.
ander perez zala
2022ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Ukrainako Gobernuaren asmoa da zerealak aste honetan bertan berriz esportatzen hastea. Oleksandr Kubrakov Azpiegitura ministroaren arabera, «dena prestatzen» ari dira laboreak «egunotan» herrialdetik ateratzeko, eta, hori lortuz gero, NBE Nazio Batuen Erakundeak aurreikusi baino askoz ere lehenago abiatuko lukete prozesua: «Espero dugu akordioa datozen egunetan hasiko dela funtzionatzen, eta Istanbulen koordinazio zentro bat ezarriko dutela. Dena prestatzen ari gara asteon hasteko».

Kubrakovek atzo jakinarazitako datuen arabera, Ukrainak hiru milioi tona zereal esportatuko ditu hilero, eta, horri esker, 979.000 milioi euro jasoko ditu. Hori koordinatzeaz arduratuko den Istanbulgo zentroa (Turkia), printzipioz, bihar jarriko dute martxan; hori bai, ez du izango eskumenik Ukrainako itsasoan aritzeko, Azpiegitura ministroaren arabera Kiev arduratuko baita «kudeaketaz eta prozesua bermatzeaz».

Ukrainako Gobernuak aurreikusi du lehen ontzia Txornomorskeko portutik ateratzea, eta, dena ongi badoa, hurrengoak Odesakotik eta Pivdennikotik (Juzhne hiria) irtengo lirateke, Juri Vaskov Azpiegitura ministrordeak atzo azaldu zuenez; hirurak Odesa eskualdean daude, Ukrainako armadaren kontrolpean. Kubrakovek ez zuen eperik finkatu, baina Vaskovek adierazi zuen espero dutela «datozen 24 orduetan» ekitea berriz esportazioei.

Errusiak, Ukrainak, Turkiak eta NBEk iragan ostiralean sinaturiko akordioaren arabera, Itsaso Beltzean korridore bat zehaztu beharko dute ontziek modu seguruan nabigatzeko; joan den otsailaren 24an Errusiako armadak hasitako inbasioaren ondoren bi herrialdeetako armadek minak jarri baitzituzten Itsaso Beltzean —harrezkeroztik dago indarrean esportazioen blokeoa—.

Hitzarmen horrek zera ere aurreikusten du: Errusiak eta Ukrainak erasorik ez egitea ez ontziei, ez portuetan —Turkiako eta NBEko funtzionarioak egongo dira Ukrainako portuetan akordioak babestutako eremuak zehazteko—. Iragan larunbatean gertaturikoak, ordea, zalantza piztu du Moskuk ituna errespetatuko ote duen, Errusiako armadak Odesako portua bonbardatu baitzuen; Kieven arabera, zerealen biltegiak ez zuen kalterik jasan.

Sergei Lavrov Atzerri ministroak, ordea, atzo adierazi zuen ez dagoela «oztoporik» laboreak ateratzeko, joan den asteburuko erasoa Ukrainako armadaren «azpiegitura militarren kontrakoa» izan zelakoan. Are, Lavroven ustetan, iragan astean sinaturiko lauko akordioak ez dio eragozten Errusiari Ukrainaren kontra eraso egiten jarraitzea. Ideia bera helarazi zuen Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak: «Erasoek ez dute eragin eta ez dute eragingo [esportazioak] abiatzea».

Erreferendumak

RIA berri agentziaren arabera, Errusia erreferendumak prestatzen ari da Ukrainan kontrolpean dituen Kherson eta Zaporizhia eskualdeen etorkizunaz erabakitzeko.

Zaporizhian Errusiak izendaturiko gobernuko kide Vladimir Rogoven arabera, bi galdeketa horiek irailean egingo lituzkete, eta herritarrek erabaki ahalko lukete Errusiaren parte bilakatu nahiko luketen; 2014an Krimean erabilitako bide orri bera litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.