Koronabirusa

Gutxienez ekain amaierara arte luzatuko dituzte lan erregulazioak

Espainiako Gobernuak eutsi egin dio langileak kaleratzeko debekuari, baina malgutu egin du. Dosierrak luzatzeko aukera zabalik utzi du

MARISCAL / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Bizikletan dabilen orok badaki erori egingo dela noizbait, eta kolpe lehor eta bat-batekoa saihestea dela hoberena. Bada, hala pentsatzen du Espainiako Gobernuak ere. Datozen hilabeteetarako aurreikusten diren kaleratzeen abiadura moteltzeko, erraztu egingo ditu aldi baterako erregulazioak, gutxienez ekain amaierara arte, eta epe hori luzatzeko aukera zabalik utzi du, birusa berriz hedatuko balitz eta gobernuak jarduerak murriztu beharko balitu ere.

Hala, orain arte bezala eutsiko die egoera horretan dauden beharginen langabezia sariei eta enpresek haiengatik gizarte segurantzan egin behar dituzten kotizazioen salbuespenei, baina bigarren puntu hori portzentaje ezberdinekin arautuko du, lanera itzuli ahala, ezarritako lanaldien arabera, eta enpresen tamaina kontuan hartuz.

Soldatapekoen kasuan, berriz, legediak bermatuko du egoera horretan daudenek —egun, lautik bat Hego Euskal Herrian— ekainaren 30era arte jasotzea langabezia saria; orain bezala, gabealdirik gabe eta kontagailua hutsean jarrita. Aldizkako langile finkoek, berriz, aparteko saria jasotzen jarraituko dute abenduaren 31ra arte.

Horrekin batera, gobernuak eutsi egin dio patronalak gustuko ez zuen neurri nagusiari: langile bat lanera itzuli eta hurrengo sei hilabeteetan enpresak ezingo du kaleratu. Hori eginez gero, bidegabetzat joko litzateke —kalte-ordaina handiagoa da—, eta enpresak itzuli egin beharko lituzke behargin horrengatik aurreztu dituen kotizazio guztiak.

Aldi baterakoak, arriskuan

Kaleratzeak zaildu arren, gobernuak, patronalaren presioen ondorioz, aukera hori malgutu zuen duela aste batzuk, eta dekretuan jaso du orain. Hala, ez da kaleratze bidegabe gisa hartuko aldi baterako kontratu batzuk etetea, lan horiek egiteko beharra eragin zuten kausak amaitzen direnean.

Zehaztapen hori bereziki garrantzitsua da turismoan eta ostalaritzan, sektore horietan ohikoagoak direlako horrelako lan kontratuak; uda garaian, bereziki. Enpresaburuek kezka agertu zuten euren negozioek datozen asteetan eta hilabeteetan izango duten bilakaeragatik, eta kontratu horiek eteteko baldintzak berrikusteko eskatu zuten. Aldi baterako lanaldietan ahalbidetzeaz gain, orain hartzekodunen konkurtso baten arriskua duten enpresek ere egin ahal izango dituzte kaleratzeak.

Patronalek azkenean oniritzia eman diote dekretuari; baita CCOO eta UGT sindikatuek ere. Testuan, halaber, beste bi puntu sartu ditu gobernuak: egoitza nagusia paradisu fiskaletan duten taldeek ezingo dute erregulaziorik eskatu. Eta erregulazioan dauden enpresek debekatua izango dute zerga urtean izandako irabazien dibidenduak banatzea, salbuespen batekin: Gizarte Segurantzako langileen kuoten murrizketen zatia itzultzen badute.

Aldaketak kotizazioetan

Negoziazioetako beste gai nagusia izan da langileengatik Gizarte Segurantzan egin beharreko kotizazioena. Laguntza horiek enpresek enplegua mantentzeko hartutako konpromisoaren mende egongo dira. Horrekin lotuta, dekretuan jasota geratu da aurreko astean iragarritako neurri bat: aldi baterako erregulazioetatik modu mailakatuan atera ahal izango dituzte langileak, lan kargak kontuan hartuz.

Horiek hala, orain honela geratuko dira enpresen kotizazioak: lantalde osoa erregulazioan duten 50 langile baino gutxiagokoek ez dute ordainduko, eta %75eko deskontua izango dute 50 langile edo gehiago dituztenek.

Lantalde guztiarekin baina lanaldi murrizturekin hasten diren 50 langile baino gutxiagoko enpresek maiatzeko kuoten % 85 deskontatu ahal izango dute, eta ekainekoen % 70; eta langile gehiago dituztenek maiatzekoen %60, eta ekainekoen % 45.

Aldiz, langile batzuk erregulazioan mantentzen dituzten 50 behargin baino gutxiago enpresek maiatzeko kuoten % 60 deskontatu ahal izango dute, eta ekainekoen % 45; eta 50etik gora langile dutenek, maiatzekoen%45 eta ekainekoen %30.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.