Hik Hasik «itun sozial baten beharra» aldarrikatu du

Egitasmoak 'Hezkuntza Adierazpena' gizarteratu du, sektoreko erronkei «zoru pedagogiko eta etiko bat» ezartzeko «ongarri» gisa

Hik Hasiko kide batzuk, atzo Donostian egindako agerraldiaren ondoren. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Hik Hasi aldizkariaren lehen zenbakia duela 25 urte argitaratu zuten. Horrenbestez, 2020-2021a «ospakizun urtea» izango da izen bereko egitasmo pedagogikoarentzat. Geroa elkarrekin idatziko dugu! lelopean, datozen hilabeteetarako egitaraua aurkeztu zuten atzo Donostian, eta hezkuntza erronkei erantzun eta «zoru pedagogiko eta etiko berri bat ezarriko duen itun sozial baten beharra» aldarrikatu dute. Xabier Sarasua egitasmoaren kide eta irakasleak azaldu zuenez, zoru hori finkatzeko «ongarri» gisa, Hik Hasik azken urteotan hezkuntza komunitatearekin—irakasle, erakunde eta hainbat sindikaturekin— landutako Hezkuntza Adierazpena gizarteratuko du, «hezkuntza komunitatearen hausnarketarako».

Sarasuaren arabera, COVID-19aren krisiak «kolokan» jarri du hezkuntza: «Euskal Herri osoko eta sare guztietako hainbat ikastetxerekin hitz egin genuen ikasturte hasieran, eta esan ziguten protokoloek eta kontingentzia planek lekua eta denbora kendu zizkietela hezkuntzari eta pedagogiari, eta pedagogiara bueltatzeko premia zegoela». Hori horrela izanik, «hezkuntzaren zimenduetara» joateko premia ikusi du Hik Hasik.

Horretarako, lehen-lehenik, iruditzen zaio eragileek, hezitzaileek, erakundeek eta herri mugimenduek «hausnarketa partekatu bat» behar dutela. Adierazpenaren asmoa da, Sarasuaren hitzetan, hausnarketa horretarako «gakoak» mahai gainean jartzea. Eragile guztien artean «konfiantza eta lankidetza» sustatzera deitu du. «Hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztion konpromisoa beharrezkoa da».

Duela hiru urte egitasmoak aurkeztutako «hezkuntza hobetzeko proposamena» dauka oinarrian adierazpenak. Eta zoru berria adosteko orduan, «gutxienez hiru ardatz garatu behar dira», Hik Hasiren ustez. Batetik, «komunitatean eta komunitaterako hezi»; bestetik, egitasmoak «bizitzarako» hezi nahi ditu haur eta gazteak, eta, horregatik, heziketak «askatzailea eta kritikoa» behar du izan. Hirugarren ardatza da «herritar euskaldun eleaniztunak» sortzea. Eta ohartarazpen bat egin du Hik Hasik: «Hiru zutabe horietan oinarrituriko eraldaketa sakonak gauzatzeko, ordea, lehenik Espainiako eta Frantziako estatuetatik jaso ditugun hezkuntza sistema horiek eragiten dizkiguten oztopoez ohartu behar dugu».

Egitasmoko kideek badakite, Sarasuaren esanetan, uneotan hezkuntza komunitatean bizitzen ari diren krisia «zeinen gogorra» den. «Komunitate horrek iparra galdu ez dezan, Hik Hasik itsasargi lana egiteko bokazioz ondu du adierazpena». Zabaldu dute lurralde eta sare guztietako ikastetxeetara, eta administrazioei, erakunde publikoei eta bestelako gizarte eragileei «hausnarketarako gonbidapena» egin die Hik Hasik.

Hausnarketa kolektiboak

Urteurrena ospatzeko lehen ekitaldia hilaren 14an egitekoak dira. Natura eskola bizia jardunaldia antolatu dute Andoaingo Bastero aretoan (Gipuzkoa), eta Iñaki Larrea eta Heike Freire izango dira hizlariak. 2021eko urtarrilaren 21erako adierazpenaren inguruko lehen hausnarketa kolektiboa egingo dute Iruñean, eta bigarrena maiatzaren 20rako programatu dute, Bilbon. Tartean, Autonomia, iniziatiba eta sormenaren lanketa jaiotzetik nerabezarora jardunaldia deitu dute: Tafallan, (Nafarroa), martxoaren 20an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.