Dokumentazioa lortzea erraztuko diete etorkin adingabeei

Atzerritarren araudia aldatzea onartu du Madrilek. Bizileku baimena lortzeko epea laburtu diete, eta lan egiteko baimena eman

Jone Arruabarrena - Ekhi Erremundegi Beloki
2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen arau baten bidez, bakarrik iritsitako migratzaile adingabeentzat edo orain arte tutoretzapean egon diren 18 urtetik gorakoentzat errazagoa izango da bizileku baimena lortzea edo lan egitea. Atzerritarren araudiaren erreforma horrek bi aldaketa ekarriko ditu nagusiki. Batetik, orain arte bederatzi hilabetekoa izan da adingabeek dokumentazioa lortu arte itxaron beharreko epea, eta erreformak hiru hilabetera murriztuko du; hori bai, gazteok aberriratzen badituzte, dokumentazioak ematen duen baimena bertan behera geratuko da. Bestetik, lan egiteko baimena izango dute 16 urtetik aurrera, «lan merkatuan txertatu eta bizitza independente bat izateko aukera» izan dezaten.

Gizarte eragileen kezka iturri izan da iritsitako adingabeen egoera 18 urte bete ostean. Izan ere, adin nagusitasunera iritsi eta administrazioen tutoretzapetik atera ostean, babesgabe geratzen dira gehienak. Orain arte, gutxienez 500 euroko diru sarrerak eduki behar izan dituzte bizileku baimena berritzeko, eta behin lortutakoan, lan egitea debekatua zuten. Arau berriarekin, berriz, 500 euro baino gutxiagoko diru sarrerekin ere baimena lortu ahalko dute; gainera, diru sarrera horiek bizitzeko gutxieneko errentatik edo antzeko laguntzetatik eratorri ahalko dira.

Gainera, prozesu administratiboak ere sinplifikatu nahi dituzte, adingabeek aurkeztu behar duten agiri kopurua gutxituz. Hala, Espainiako Gobernuak saihestu nahi du 18 urte betetzean gazteekoraindik dokumentaziorik ez edukitzea. Orain 18 eta 23 urte bitarte dituzten paperik gabeko etorkinei ere eragingo die arau berriak, eta baldintza berdinak eskatu zaizkie haiei ere: lanetik edo diru laguntzetatik lortutako diru sarrerak izatea. Neurriek 15.000 etorkini eragingo diela aurreikusi du Madrilek; Hego Euskal Herrian ehunka adingabe eta gazte bizi dira egoera horretan.

Hala eta guztiz ere, erreformak ez du bide erraza izan. Jose Luis Escriva Migrazio ministroak egin zuen proposamena, etorkin gazteen integrazioan beharrezko pausua zela argudiatuta. Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa, ordea, aurka agertu izan da, araudia malgutzeak «erakartze efektu» bat eragin dezakeelakoan «milaka» gazterentzat. Abuztuan, proposamena Ministroen Kontseilura heltzekotan zela, bertan behera utzi zuen negoziazioa. Azkenean, ordea, Escrivak lortu du proposamena onartzea.

Ijitoen kontrako neurriak

Bestalde, Frantziako Gobernuak ijitoen kontrako neurriak gogortu ditu. «Harrera eremuetatik» kanpo aparkatuko duten bidaiariek 500 eta 1.000 euro arteko isuna arriskatuko dute aurki. Frantziako hiri nagusi batzuetan atzo hasi ziren neurria aplikatzen, eta ondoko asteetan Ipar Euskal Herrira ere zabal daiteke. Ijitoen elkarteek hainbatetan salatu dute botere publikoek ez dituztela dagozkien neurriak hartzen; «harrera eremu» anitzek ez dituzte baldintzak betetzen, eta horregatik jotzen dute beste lekuetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.