ELAk subrogazio klausula eskatu du Nafarroako metalgintzarako

Gogor kritikatu du patronalak lan hitzarmeneko negoziazioetan izaten ari den jarrera. Soldata eguneratzeko eskaintzak KPItik urrun daude

Metalgintzako bi langile makina bat atontzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko irailaren 17a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak subrogazio eskubidea bermatzeko eta azpikontraten erabilera murrizteko eskatu dio Nafarroako metalgintzako patronalari. Egun lurraldeko lan hitzarmen berria negoziatzen ari dira, eta sindikatuak APNEM eta ANEM patronalen jarrera salatu du. «Mamirik gabeko» eskaintzak egitea egotzi dio, eta soldatak KPIaren oso azpitik eguneratu nahi izatea.

Nafarroako metalgintzako sindikatuen plataformak —ELAk, CCOOk, eta UGTk launa ordezkari dituzte, eta LABek, hiru— eta patronalak hilaren 26an egingo dute hurrengo bilera. Hara begira Carlos Sarasa ELAren Nafarroako industria federazioaren ordezkariak bere sindikatuaren eskakizunak azaldu ditu. Azpikontratei mugak jartzearen garrantzia nabarmendu du, langileen artean sortzen dituzten aldeengatik. «Haren eraginez, langile askori beste itun kaskarragoak aplikatzen zaizkie», salatu du. Eredu bat ere jarri du, metalgintzako eta aparkalekuetako langileen baldintzak alderatuz. Metalgintzako ituneko soldata oinarria urtean 21.700 eurokoa da; aparkaleku langileena, aldiz, 14.500 eurokoa.

Ez da azpikontraten inguruko ardura bakarra, ELAk subrogazio eskubidea itunean jasotzea nahi baitu. Klausula horren arabera, azpikontrataturiko zerbitzua ematen duen enpresa aldatzen bada, berria behartuta dago aurrekoaren langileekin jarraitzera. ELA 2015ean hasi zen eskubide hori aldarrikatzen, eta beste sindikatuei eskaera horri muzin ez egiteko eskatu die. Subrogazioa, besteak beste, Gipuzkoako eta Bizkaiko itunetan jasota dago.

Horiek, baina, ez dira talka puntu bakarrak. ELAk esana du KPIaren araberako soldata eguneratzeak marra gorria direla eta patronalaren eskaintza hortik beherakoa da. Sei urterako eskaintza bat egin du (2022-2027), eta hauek lirateke eguneraketak: %3,75eko igoera aurten; %3,5ekoa 2023rako; %3,25ekoa 2024rako eta %2koa hurrengo hiru urteetarako. Alderatuz jarrita, abuztuan %10,4an zegoen KPIa. «Horrek esan nahi du itunak eragiten dien 35.000 langileek erosahalmena galduko dutela», ohartarazi du Sarasak.

Greba Araban

Nafarroakoa ez da korapilatzen ari den metalgintzako itun bakarra. Hilaren 26an ere bilera dago Bizkaian, eta iragan asteko bileraren ondoren greba hotsak ozen hasi ziren berriz. Araban, berriz, hots horiek errealitatea dira, eta sindikatuek jada greba deialdia egina dute hurrengo asteko asteazken, ostegun eta ostiralerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.