Agoizko zuzendaritzak berretsi du ixteak ez duela «atzera-bueltarik»

Langileek itxialdia egin dute Iruñeko San Lorentzo elizan. Gaur zortzi amaituko dituzte kontsultak

Siemens Gamesako behargina k, Iruñeko San Lorentzo elizako balkoi batean, atzo hasitako itxialdian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Agoizko (Nafarroa) langileen protestei entzungor egingo die Siemens Gamesak. Andreas Nauen kontseilari ordezkariak ziurtatu duenez, hango fabrika ixteko erabakiak ez du «atzera-bueltarik»; zehaztu du «alternatibarik ba ote zegoen» aztertu zutela, baina ez zutela topatu, langile batzuk beste postu batzuetan jartzeko eginiko proposamenaz gain. Hori eta 239 langileen etorkizunarekin loturiko beste alor batzuk zehaztu gabe dituzte oraindik; abuztuaren 7an amaituko da kontsultarako epea, eta hori luzatzeko eskatu dute sindikatuek, baina zuzendaritzak esana du ez duela luzatuko.

Taldearen emaitzak aurkezteko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok Nauenek. Konpainiak 805 milioi euroren galerak izan ditu urritik, horietatik 149 milioi COVID-19ari zuzenean dagozkion arrazoiengatik, eta bere «bidea aldatu beharra» berretsi du, batez ere onshore edo lehorreko haize erroten negozioan —Agoizko plantan palak egiten dituzte—, taldearen galera gehienak hor pilatzen direlako. Nauenek gogoratu du enpresak «doikuntza» gehiago egitea aurreikusi duela beste lantegi batzuetan.

Lurreko haize erroten datu txarrak gorabehera, kontseilariak azpimarratu du «tinko» sinesten dutela horretan, konpainiaren «hiru hanketako bat» delako, offshore-arekin eta zerbitzuekin batera. «Alor hori errentagarria izan daitekeen ebidentziak badaude, baina arriskuak saihestea da helburua». Nauenek onartu du konpainiak eta sektoreak aldi konplikatu bat bizi dutela, baina luze gabe espero dutela gorakada nabarmena izatea. Enpresak 31.500 milioiko eskari poltsa du.

Langileak, «azkeneraino»

Agoizko planta ixteko erabakia irmoa den arren, protestak «azkeneraino» eramango dituztela ohartarazi dute beharginek. «Ez gara geldituko. Ez dugu nahi eta ez dugu onartuko gure etorkizuna eta gure familiena sakrifikatzea, multinazional baten etekinak gizentzen segitzeko». Langile talde batek 24 orduko itxialdi eta baraualdia hasi zuen atzo Iruñeko San Lorentzo elizan. Gaur 11:30ean amaituko dute, eta gero parlamentura joango dira, herritarren artean bildu dituzten sinadurak erregistratzera. Azken asteetan mobilizazio ugari egin dituzte eta politikako, instituzioetako eta gizarte mugimenduetako ordezkariekin bildu dira.

Gogoratu dute lantegia berria dela, «diru publiko asko» jaso duela, eta «inbertsio txiki batekin» aurrera jarrai dezakeela. «Aitzakiatzat» jo dituzte enpresaren azalpenak. «Enpresari, Nafarroako Gobernuari eta herritar guztiei esan nahi diegu multinazional baten eskrupulurik gabeko politikaren biktimak garela, eta ez zaiola axola 239 familiaren bizitza eta ametsak haustea diru gehiago irabazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.