Bozak Euskal Herrian

Mendiak EAJri eskatu dio «leial» izateko Pedro Sanchezekin

Otegik EAJri egotzi dio ez dutela abertzaleen arteko itunik egin nahi. Hiruko progresistari atea ez ixteko eskatu dio Gorrotxategik PSEri

Idoia Mendia PSEko lehendakarigaia, atzo, hautagaien aurkezpenean. PSE-EE.
Edurne Begiristain.
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begira eta kanpainaurrean murgilduta daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako indar politikoak. PSE-EEko lehendakarigai Idoia Mendiak atzo aurkeztu zituen, telematikoki, hiru lurraldeetan osatu dituen hautagaien zerrendak. Duela bi hilabete bertan behera utzitako hauteskundeetara PSEk aurkeztuzituen hautagai berberak izango dira uztaileko bozetako zerrendetan. Mendiak atzoko agerraldia baliatu zuen Espainiako Gobernuak osasun krisialdiaz egindako kudeaketa goraipatzeko, eta, aldi berean, EAJri eskatzeko Pedro Sanchezekin «leial» izateko.

Izan ere, Mendiak ohartarazi zuen uztailaren 12ko bozak, hurrengo Eusko Jaurlaritza aukeratzeko ez ezik, Eusko Jaurlaritzak Pedro Sanchezen gobernuarekiko duen «konpromiso maila» neurtzeko ere balio izango duela: «Krisialdi honetatik ez gara bakarrik aterako, eta sozialistok argi dugu Pedro Sanchezen gobernuaren eskutik irten nahi dugula». PSEko lehendakarigaiaren ustez, osasun krisialditik eta krisialdi ekonomikotik irteteak izan behar du datorren Eusko Jaurlaritzaren lehentasunik behinena, eta, «Euskadi ekonomikoki eta sozialki berreraiki» nahi bada, sozialistak ezinbestekoak izango dira akordioetan.

Mendiaren esanetan, «bazterketarik gabeko akordioak» lortzeko giltza izango da PSE-EE, «egonkortasun politikoa» bermatzeko gai den alderdi bakarra delako. Azpimarratu zuenez, egoera berrian «egonkortasun politikoa» funtsezkoa da, eta hurrengo gobernuak, elkarrizketarako eta akordioetarako gaitasuna ez ezik, Espainiako Gobernuarekiko elkarlana eta leialtasuna sustatu beharko lituzke.

Hiruko koalizioa

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia ere bozen osteko itunez mintzatu zen Euskadi Irratian. Batetik, azpimarratu zuen PSOErekin eta Unidas Podemosekin Madrilen lortutako akordioa aurrera eramatea espero duela, baina hala ez bada kaltetuak Euskal Herriko langileak izango direla, eta ez EH Bildu. Akordio horretatik landa, Otegik ez du baztertzen arlo sozialean «bestelako adostasunak» bilatzea Espainiako Gobernuko bazkideekin. Izan ere, EAJrekin ez bezala, PSOErekin eta Podemosekin bat egiteko aukerak badaudela azpimarratu zuen Otegik.

Izan ere, Euskal Herrian alderdi abertzaleen arteko elkarlana zail ikusten duela nabarmendu zuen, eta EAJri egotzi zion errua: «Ez du ezer jakin nahi. EAJk ez du nazio proiekturik herri honetarako, eta ez du independentziarik nahi». Otegik kritikatu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak itxi egin duela «Ibarretxek hasitako zikloa, ziaboga osoa eginez». Haren ustez, «logikoa» da EAJk PSE bidelagun aukeratzea: «Logikoa da PSErekin aliantzak lehenestea, gurekin egiten badu prozesu subiranista bat hasteko delako».

Bestalde, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSEren arteko koalizioa osatzeko proposamenari sozialistek emandako ezezkoa «harriduraz» jaso du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak, eta PSEri eskatu dio aukera hori galtzen ez uzteko: «Badaude bizitzan behin bakarrik pasatzen diren trenak, eta hiruko progresista hau aukera bakarrenetariko bat da». Gorrotxategiren iritziz, egungo «ezohiko egoeran» premia sozialek dute lehentasuna, eta «ezohiko erabakiak hartzea» eskatzen du.

EAJ eta PSE, baina, hiruko koalizioaren aurka agertu dira. Eneko Goia Donostiako alkateak (EAJ) atzo esan zuen zail ikusten duela akordio hori, eta Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak EH Bilduri gogoratu zion «ibilbide bat» duela egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.