Kirgizistanen alarma egoera ezarri dute, eta armada kalera atera

Presidenteak gobernu osoa kargugabetu du, eta azaldu du beste bat osatzea erraztuko duela

Bozen aurkako protestak Kirgizistanen, atzo. IGOR KOVALENKO / EFE.
Iosu Alberdi Jone Bastida Alzuru
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Kirgizistanen aste honetan egiten ari diren protesta sutsuen eta gertakarien ondorioz, herrialdeko presidente Sooronbai Zheenbekovek atzo iragarri zuen alarma egoera ezarriko zuela Bixkekhiriburuan, dekretu bidez. Arratsaldeko zortzietan sartu zen agindua indarrean —Euskal Herriko 16:00etan—, eta hilaren 21 arte iraungo du; hala, militarrek hartu zituzten kaleak. Parlamentuak hiru eguneko epean onartu beharko du ordena. Igandean eginiko legebiltzarrerako hauteskundeez geroztik, krisi politiko larrian dago herrialdea, eta mobilizazioek Hauteskunde Batzordea bozetako emaitzak baliogabetzera behartu zuten. Hain zuzen, oposizioak salatu zuen bozak iruzurrean oinarrituta zeudela.

Presidentetzaren dekretuak herrialdeak bizi duen egoera baliatu zuen larrialdi egoera ezartzeko; izan ere, adierazi zuten hauteskundeen ostean gertatzen ari diren «istilu masiboak» herritarren bizitzei «mehatxu» egin diezaieketela.

Ordenan, hainbat neurri onartu dituzte, hala nola etxeratze agindua ezartzea, herritarren sartu-irtenetarako araubide berezia jasotzea, etxebizitzetatik irteteko debekua, edota indar polizialen eta militarren parte hartzea «ordena publikoa bermatzeko». Larrialdi egoerak «ekitaldi masiboak» egitea ere debekatzen du, baita hedabideen gaineko «kontrola» izatea ere.

Zheenbekovek jakinarazi zuenez, Kirgizistango Indar Armatuek ibilgailu militarrak aterako dituzte dituzte «errepide kontrolak ezartzeko, liskar armatuen prebentziorako eta ordena publikoaren eta zibilen babeserako». Halaber, neurriaren helburua herritarrak babestea, segurtasuna bermatzea, eta egoera soziopolitikoa egonkortzeko ordena publikoa mantentzea dela adierazi zuten. Alarma egoerak irauten duen bitartean, Almazbek Orozaliev Barne ministrordeak izango du Bixkeken gaineko kontrola.

Dekretua sinatu eta gutxira, liskarrak izan ziren hiriburuko Ala-Too plazan. Tokiko komunikabideen arabera, buruzagi politiko ezberdinen aldeko taldeek harriak eta botilak jaurti zizkioten elkarri. Zenbait lekukok adierazi zuten tiroak ere izan zirela. Istiluetan, besteak beste, Tilek Toktogaziyev lehen ministro izateko hautagaia zauritu zuten, eta Almazbek Atambaiev presidente ohiaren aurka tiro egin zutela zabaldu zen —haren ibilgailuak bala zuloak zituen irudi batzuk erakutsi zituzten—; aste honetan askatu dute kartzelatik Atambaiev.

Alarma egoera ezarri baino ordu batzuk lehenago, Zheenbekovek jakinarazizuen Kubatbek Boronov lehen ministroaren dimisioa onartu duela, eta bera ere kargua uzteko prest dagoela, gobernu berri bat eratu eta hurrengo lehen ministroa nor izango den aukeratzen denean. Bide horretan, egungo gainerako gobernukideak kargugabetzeko dekretua sinatu zuen. Horiek, baina, euren postuetan jarraituko dute behin-behinean, gobernu berria osatu arte.

«Beharrezkoa da krisiaren aurretik lan egin zuten lehen ministroa eta gobernuko kideak kargugabetzea. Horrek izendapenak egiteko oinarria legez finkatuko du», azpimarratu zuen Zheenbekovek. Izan ere, presidentearen esanetan ezinbestekoa da «legezko esparrura» itzultzea. Gainera, gobernuko kideez gain, Segurtasun Nazionaleko Batzordeko presidente Orozbek Opumbaev ere kendu zuen bere postutik.

Izendapenak egiteko, ordea, beharrezkoa da akordio bat erdiestea, baina ez dago adostasunik oposizioko alderdien artean ere. Bozen emaitzak baliogabetzearekin batera, parlamentuak oposizioko diputatu izaniko Sadir Zhaparov hautatu zuen gobernuburu kargua hartzeko, eta Miktibek Abdildaev parlamentuko presidente izateko.

Alderdi guztiak, ordea, ez datoz bat, eta horietako hainbat Zhaparoven izendapenaren aurka agertu dira. Haien ustez, oposizioko alderdiek proposatutako hainbat hautagairen artean hautatu beharko litzateke. Hala, behin-behineko gobernu «tekniko» bat osatu nahi dute, bi edo hiru hilabete barru beste hauteskunde batzuk egin arte. Bide horretan, Errepublika, Ata Meken, Bir Bol eta Erreforma alderdiek Omurbek Babanov lehen ministro ohiaren alde egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.