Baionako ostalariek kolektibo bat osatu dute, beren egoera salatzeko

Frantziako Gobernuak itxiera atxikitzen badu ekintzak eginen dituztela iragarri dute

Baionako ostalari talde bat elkartu zen asteazkenean, bizi duten egoeraren berri emateko. BOB EDME.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Haserre dira ostalariak. Ez dira ez entzunak ez errespetatuak sentitzen. Urri bukaeran iragarri zuen Frantziako Gobernuak ostatuen itxiera, eta, Ipar Euskal Herriaren konfinamenduarekin batera, berehala etorri zen jatetxeena ere. Jean Castex Frantziako lehen ministroak berriki egin dituen adierazpenen arabera, ez dute urtarrilaren bukaera edo otsailaren hasiera aitzin berriz irekitzea aurreikusten. Ez daude ados. Baionako ostalari batzuen artean Kasu, ostalariak kexu! kolektiboa osatu dute, eta dei egin diete Ipar Euskal Herrian lanbide berean ari direnei elkartzeko eta antolatzeko. Ekintzak iragarri dituzte beren egoera salatzeko. «Beti izan ditugu zailtasunak gure artean federatzeko. Hor denak itxiak gara, ez dago aitzakiarik», dei egin du Ramuntxo Dulong Xina-k, Baionako Les Pyrenees ostatuaren jabeak. Ez-funtsezkoen kolektiboak azaroaren 28an Baionan antolatu duen mobilizazioan parte hartuko dutela iragarri dute.

«Ez-funtsezkoak». Hala kontsideratuak baitira ostatu eta jatetxeak ere. «Ez dakit konturatzen garen zer bortitza den entzutea ez zarela funtsezkoa», salatu du Dulongek. Florian Bouffaut Kalostrapeko ostatuaren jabearekin, Jerome François Soinua ostatuarenarekin, Cedric Bardiau Xapatan ostatuarenarekin, eta Eric Darrieumerlou eta Sylvain Verges Les Arcades jatetxearenekin batera, hitzordua eman zieten kazetariei asteazkenean, beren egoera azaldu eta haserrea erakusteko. Aurpegi goibelak zeuden mahaiaren inguruan. «Lehen konfinamenduan denak geldituak ginen. Hor, goizero, haurrak eskolara eramaten ditut; nire emaztea, anaia, lagunak... denak lanean dira. Ni ez. Psikologikoki biziki gogorra da», aitortu du Dulongek.

Behin baino gehiagotan azpimarratu dute: ez dute zalantzan jartzen osasun egoeraren errealitatea. Baina neurrien «inkoherentzia eta logika falta» salatu dituzte denek. «Protokolo biziki zorrotzak ezarri dizkigute: gu maskararekin gara une oro; bezeroak ere bai, altxatzen diren bakoitzean. Protokolo berriak ezartzerako, neurriak jadanik hartuak genituen», azaldu du Françoisek. «Aldi oro entseatu gara aurrea hartzen, baina ez du ezertarako balioizan», gehitu du Bouffautek. Eta Dulong, haserre: «Denek ezagutzen ditugu gure inguruan enpresen adibideak: eguerdian txirrinak jo, eta 200 eta 300 langile artean biltzen dira kantinan jateko, guk genituen protokoloak errespetatu gabe».

Ekonomikoki, kolokan

Inork ez du ukatzen: Frantziako Gobernuak laguntza ekonomiko handiak eman ditu ostatu eta jatetxeentzat. Gehienentzat bizirik irauteko balioko du, baina txikienek «arriskuan» ikusten dute beren burua. Estatuak bermatutako maileguei buruz hasi dira hizketan; mahaiaren inguruan diren guziek hartu dute, «zer gerta». Gehienek ez dute ukitu oraingoz, baina batzuk hasi dira xahutzen. «Ezin genuen bestela egin». Egoerak gehiegi irauten badu ostatu eta jatetxe «parrasta» batek itxi beharko dutela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.