Lokarria askatu da, eta Frantziako kontratu handia egingo du CAFek

146 tren hornitzeko kontratua da, eta Beasaingo enpresari %40 inguru dagokio: 1.000 milioi euro

CAFen Beasaingo instalazioak. CAF.
xabier martin
2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Argitu da Parisko aldirietako kontratuaren afera. RATP, SNCF eta Ile-de-France Mobilites operadoreek ohar batean jakinarazi dute Alstom tren ekoizleak blokeaturik zuen kontratu erraldoia martxan jarriko dutela, eta akordioa egin dutela alde guztiek. CAFek asko zuen jokoan, Bombardierrekin batera irabazi zuen kontratu hori, baina Alstomek auzitara jo zuen. Aldeek berretsi dute Frantziako tren ekoizleak oztopoak jartzeari utziko diola. CAFentzat berri pozgarria da, kontratu handia delako, 2.500 milioi ingurukoa, eta Beasaingo enpresari horren %40 dagokiolako gutxi gorabehera, hau da, 1.000 milioi euro inguru.

Eragileek jakinarazi dute Parisko RER-B aldirietako linearako trenen hornikuntza proiektua martxan jarriko dela; beraz, aldi berean RATPk eta SNCFk operatuta. Aldirietako 146 tren hornitzeko enkargu bat da, eta beste 34 unitate gehigarri egiteko aukera dago, gainera. Horixe izango da CAFentzat, trenak estreinakoz hornitzeko aukera, Parisko metropoli eremuko RER sarean—Europa kontinenteko garraio administrazio nagusietako bat—.

Lan karga bermatuta

«CAFek azken urteotan kontratu kopuru handia garatu du Frantzian», esplikatu du Beasaingo trengileak; horien artean bat nabarmendu du: 2019. urtearen amaieran SNCF operadorearentzat lortutakoa. Kontratu hori 28 tren hornitzeko da, eta beste 75 gehitzeko aukera ere jasotzen du. Zerbitzua Paris-Clermont eta Paris-Limoges-Akitaniako Tolosako lineetan eskainiko dute. CAFek nabarmendu dituen beste proiektu batzuk hauek dira: Nantes, Besançon eta St. Etienne hirietarako tranbiak; Lyongo metroko D lineako trenen flota birgaitzeko lanak; eta tren makina elektrikoen hornikuntza.

Korapiloaren jatorria

Egunkari honek aurreko astean aurreratu zuen CAFek bidea libre zuela Frantziako kontratu handia lortzeko, Alstomek atzera egin ondoren. Korapiloaren jatorria aurtengo otsailean dago, kontratua lehiaketa publiko bidez adjudikatu zenean. Alstomen ustez, 2.560 milioi euroko eskaintza irabazlea merkatu preziotik behera zegoen, eta lehiaketari helegitea jartzeko asmoa plazaratu zuen. Kontua da, CAFek eta Kanadako Bombardierrek eskaintza bateratua egin zutenean, Alstom oraindik ez zela Bombardierren jabea, eta adjudikazioa egin bitartean erosi zuela. Baina dagoeneko traba guztiak atzean geratu dira.

Herenegun, gainera, beste kontratu baten berri eman zuen CAFek: Suediako eskualdeko trenen hornikuntzarako, 250 milioikoa. Geroa argitzen duen lan karga bermatuko dute kontratu horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.