«Zergatik da gurea halako sarraskiak gertatzen diren herrialde bakarra?»

Gazte batek hemeretzi haur hil zituen herenegun AEBetako eskola batean, eta Joe Biden herrialdeko presidenteak nabarmendu du heldu dela armen lobbyari aurre egiten hasteko garaia

Poliziak, herenegun gauean, Uvaldeko (Texas, AEB) Robb eskolako atarian. Salvador Ramos erasotzaileak 21 pertsona hil zituen guztira. AARON M. SPRECHER / EFE.
Paulo Ostolaza.
2022ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

Berriz ere tiroketa bat izan da Amerikako Estatu Batuetako ikastetxe batean: 18 urteko gazte bat errifle batekin sartu zen Uvalde hiriko lehen hezkuntzako Robb eskolan, Texas estatuan, herenegun 11:30 inguru zirenean —zazpi ordu gehiago Euskal Herrian—, eta gutxienez hemeretzi haur eta bi irakasle hil zituen. Baliteke hildakoak gehiago izatea, zenbait zauritu erietxeetan artatzen ari baitira.

Joe Biden AEBetako presidentea nazioari mintzatu zitzaion erasoa gertatu eta ordu batzuetara. Galdetu zuen ea noiz aurre egin behar dion herrialdeak armen lobbyari: «Ekiteko garaia da. Zentzuaren aurkako legeak oztopatzen dituztenei argi esan behar diegu: ez dugu ahaztuko». Izan ere, Bidenen arabera, estatubatuar gehienak armen erabilera kontrolatzeko legeen alde daude. «Zergatik jarraitu behar dugu triskantza hauekin bizitzen?», galdetu zuen: «Zergatik da gurea halako sarraskiak gertatzen diren herrialde bakarra?». Kamala Harris presidenteordeak ere bide beretik jo zuen. «Nahikoa da; neurriak hartzeko ausardia izan behar dugu», nabarmendu zuen.

Texasko Segurtasun Departamentuak azaldu duenez, erasoa gertatu eta gero, Poliziak hil egin zuen erasotzailea, Salvador Ramos. Ikastetxean sartu aurretik, amonari tiro egin zion —ospitalean dago, larri—, auto bat hartu zuen, eta eskolara joan zen. Errifle batekin, balen aurkako barneko batekin eta motxila batekin sartu zen hara, eta, Poliziak adierazi duenez, parean zuen edonori egin zion tiro. Hainbat ikasgelatara ere sartu zen, eta, ondoren, ikastetxean bertan babestu zen. Han hil zuen Poliziak. Lehen susmoen arabera, bakarrik aritu zen.

Ramos Uvaldekoa zen, hiriko bigarren hezkuntzako ikastetxe bateko ikaslea, eta Robbeko ikasle izandakoa. Zenbait hedabidek kaleratu dutenez, nerabezaroan bullying-a jasan zuen, eta Instagramen armen argazkiak jarri izan zituen.

Uvalde Mexikoko mugatik 50 bat kilometrora dago, eta 16.000 biztanle inguru ditu. Robb ikastetxean, 8 eta 10 urte arteko bostehun haur inguru daude, eta atzo zuten ikasturteko azken eskola eguna. Ikasleen %90 jatorri latinoamerikarrekoak dira.

2012tik AEBetako eskola batean izan den sarraskirik handiena da herenegungoa. Orduan, Adam Lanza izeneko 20 urteko gazte batek hogei haur eta sei heldu hil zituen, Connecticuteko Sandy Hook eskolan. Duela hamar egun eskas ere izan zen beste sarraski bat herrialdean: 18 urteko gazte batek hamar lagun hil zituen Buffaloko supermerkatu batean, New Yorken, eraso arrazista batean.

Greg Abbott Texasko gobernadoreak doluminak helarazi dizkie biktimei eta haien gertukoei, eta gertatutakoa argitzeko ahalegin guztiak egingo dituztela hitzeman zuen atzo. Abbotten gobernuak, ordea, erraztu egin du armak eduki eta erabili ahal izatea: iazko ekainetik, pistola bat soinean eramateko ez da baimen berezirik behar Texasen. Hala erabaki zuen hango Senatuak, non errepublikanoak nagusi diren. Abbottek berak sinatu zuen legea.

Lege hori onartu zutenean, armen kontrolaren aldeko taldeek azken urteetan Texasen izan diren tiroketak gogorarazi zituzten. Besteak beste, 2019ko abuztuan 30 lagun hil zituzten El Pasoko supermerkatu batean; 2018an, bi lagun hil zituzten bigarren hezkuntzako eskola batean, eta, 2017an eliza batean izandako tiroketa batean, 27 izan ziren hildakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.