EBk arau-hauste prozedura bat ireki du Poloniaren aurka

Bruselak uste du Poloniako Konstituzionalaren bi epaik zuzenbide komunitarioa urratu. Morawieckik klubaren «zentralismoa» salatu du

Mateusz Morawiecki eta Ursula von der Leyen, joan den uztailean biek Bruselan egindako bilera batera iristen. PASCAL ROSSIGNOL / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak pentsatzen du Poloniako Auzitegi Konstituzionalak azkeneko hilabeteotan kaleratutako ebazpenetako bik «desafiatu» egiten dutela EB Europako Batasuneko zuzenbidearen «nagusitasuna». Beraz, arau-hauste prozedura bat hasi du Varsoviaren aurka. Poloniako Gobernuak bi hilabeteko epea dauka batzordearen gutunari erantzuteko. Prozeduraren berri izan eta gutxira, atzo, Mateusz Morawiecki lehen ministroak Konstituzionalaren «independentzia» aldarrikatu zuen, Bruselaren «zentralismoaren» aurrean.

Bi sententzia horiek uztailean eta urrian eman zituen Konstituzionalak. EBko Ituneko atal batzuk eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren epai batzuk herrialdeko konstituzioaren aurkakoak direla ebatzi zuen, eta zalantzan jarri zuen ea auzitegi horren xedapenak lotesleak ote diren; hau da, ea EBko zuzenbideak izan behar duen lehentasuna.

«Auzitegi Konstituzionalaren independentziari eta inpartzialtasunari buruzko zalantza handiak ditu batzordeak, eta iruditzen zaio jada ez dituela betetzen aurretiaz legez ezarritako auzitegi baten eskakizunak, EBko Itunaren 19.1 artikuluak exijitu moduan», nabarmendu zuen batzordeak, atzo kaleratutako oharrean. Paolo Gentiloni klub komunitarioaren Ekonomia komisarioa auziaz mintzatu zen atzo prentsaren aurrean: «Uste dugu halako kasuetan urratu egin dela batasuneko zuzenbidearen nagusitasun, autonomia eta eraginkortasun printzipioa, baita Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren sententzien ondorio loteslea ere». Azpimarratu zuen, gainera, modu horretan jokatuta «Europako berme judizial guztiak» ukatzen zaizkiela Poloniako herritarrei.

Morawiecki, ordea, ez dago ados, eta, atzo Katowicera (Polonia) egindako bisita baten ondoren hedabideei adierazi zienez, EBk «gaizki ulertzen du» estatuen eta Europako azpiegituren arteko «banaketa». Nabarmendu zuen, bide batez, Polonian «lege gorena» dela Konstituzionalak ebatzitakoa.

Hori guztia dela eta, Brusela Polonia zigortzeko ahaleginean ari da. Urri amaieran auto bat kaleratu zuen Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak, zeinak Polonia behartzen zuen egunero milioi bat euroko isuna ordaintzera, indarrean mantentzen bazuen epaileen independentziaz ebazteko Auzitegi Goreneko batzorde bat. 2019an osatu zuten batzorde hori, herrialdean justizia erreforma egin zutenean. Bruselak salatu izan du erreforma horrek arriskuan jartzen duela justiziaren independentzia. Baina organo hori indarrean dago oraindik, eta Varsoviak uko egin dio isuna ordaintzeari.

Klubaren eta Poloniaren arteko tentsioa handia dela ikusi ahal izan zen urri erdialdean, Konstituzionalak aipatutako sententzietako bat kaleratu eta egun batzuetara. Morawieckik eta Ursula von der Leyenek auziaz eztabaidatu zuten Europako Parlamentuan, eta Europako Batzordeko presidentea irmo mintzatu zen: «Ez dugu onartuko gure balio komunak arriskuan jartzea».

Gentilonik atzo adierazi zuenez,«EBko legediarekin bat egingo duen irtenbide bat» espero du klubak. Bien bitartean, Europako Batzordeak oraindik ere ez du onartu Poloniako Gobernuak COVID-19aren ondorioei aurre egiteko aurkeztutako suspertze plana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.