CUPeko Boyak kargua utzi du, «jazarpena» jasan duelako

Boyak esan du «jazarpen psikologikoa» alderdiko kide batek egin diola. CUPek bere gain hartu du salaketa

2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Mireia Boya Kataluniako CUP alderdiko parlamentuko diputatu ohiak adierazi du erakundeko idazkaritza nazionaleko kargua utzi egin duela. Ohar batean, azaldu du «jazarpen psikologiko etengabea» jasan duela alderdiko kide baten partetik. Ez du izenik eman, baina esan du kide hori «oldarkorra» dela, eta «boterea erabili» duela haren aurka egiteko. CUPek azaldu du erakundeko batzorde feministak bere gain hartzen duela salaketa. Alderdiak gehitu du jazarpen egoeretarako duen protokoloa jarriko duela martxan.

«Nik egoera saihestu ahal izatea eskatu nuen, baina tristuraz ikusi dut nola erakundeek lehentasunak aldatzen ditugun; halako egoerak ahazten saiatzen gara, eta periferiako bilakatzen dugu benetan garrantzia duen hori». Hala azaldu du Boyak erakunde barruan bizi izan duen egoera. Idazkaritza nazionaleko kide zen Boya, eta ardura horretan «erasotzailearekin» topo egiten duelako utzi du kargua. Adierazi du horrek ez duela esan nahi politika betiko utzi duenik: «Ez da agur bat, gero arte bat baizik».

CUPek esan du lanean jarraituko duela «indarkeriarik gabeko espazio libreak» bermatzeko alderdiko kide guztiei. «Lanean jarraitu behar dugu alderdi feminista moduan ditugun hutsuneetatik eta kontraesanetatik ikasteko; CUP ez da desberdina eraso matxistak jasaten dituzten beste erakundeen aldean».

Boya izan da Kataluniako prozesu subiranistaren auzian auzipetutako politikarietako bat. Desobedientzia egotzi zioten iaz, eta, Manuel Marchena Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak hala erabakita, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren esku dago Boyaren eta beste bost auzipeturen kasua. Isun ekonomikoak eta 16-20 hilabete arteko inhabilitazioa eskatzen ditu fiskaltzak akusatuentzat.

Okzitaniako mozioa

Auzipetuei dagokienez, Okzitania Eskualdeko Kontseiluak Kataluniako preso independentisten aldeko mozio bat onartu zuen herenegun —94 boto izan ziren alde, eta 46 aurka—. Dokumentuan kontseiluko kideek adierazi dute «giza eskubideen aldeko defentsa» egiten dutela: «Bozkatzea ez da delitua, eskubide bat baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.