Jaurlaritzak esan du Gestampen kaleratzeak aztertuko dituela

Langileek salatu dutenez, multinazionala «iruzur» egiten ari da laguntza publikoekin

Iñigo Urkullu eta Arantxa Tapia, Francisco Ribera Gestampeko zuzendari exekutiboarekin, iazko urtarrilean. IREKIA.
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritza ere «harrituta» azaldu da Gestampek Zamudion (Bizkaia) dituen bi lantegi itxi eta langile guztiak (230) kaleratzeko hartu duen erabakiarekin, eta ez du baztertzen autogintzako multinazionalari azalpenak eskatzea. Nabarmendu du ez zuela enpresaren asmoen berri, azkenaldianhainbat bilera egin dituzten arren. Ekainean, adibidez, akordio bat sinatu zuten, auto elektrikoa bultzatzeko egitasmo baterako —zortzi milioi euro emango dizkio gobernuak Zornotzan (Bizkaia) zentro bat zabaltzeko—, eta hain justu hitzarmena egin eta gutxira iragarri zituen Gestampek murrizketak mundu osorako, urteko lehen seihilekoan 120 milioiren galerak izan zituela argudiatuta.

Jaurlaritzak azaldu duenez, bazekien sektorea eta bi lantegi horiek «egoera zailean» zeudela, baina aitortu du ez zuela espero multinazionalak Matricerias Deusto eta GTS ingeniaritza itxiko zituenik —160 eta 70 behargin, hurrenez hurren—. Hala ziurtatu zuten atzo Iñigo Urkullu lehendakariak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak.

Sindikatuek mesfidantzaz hartu dituzte Jaurlaritzaren azalpenak, eta enpresaren erabakia eta azken urteotako jokamoldea arretaz aztertzeko eskatu diote, baita hari emandako diru laguntza publikoak kentzeko ere, baldin eta azkenean bi lantegiak ixten baditu. Izan ere, sindikatuek gogoratu dutenez, multinazionalak Iberiar penintsulan dituen lantegi guztietatik bi baino ez ditu itxiko: Zamudioko biak.

Hain justu, konpainiariemandako laguntzez mintzatu zen lehendakaria atzo, Euskadi Irratian. Adierazi zuen ez duela «zilegi» ikusten ikerketarako diru publikoa jasotzen duen enpresa batek «besterik gabe» kaleratzeak iragartzea. «Beti esan dugu, diru laguntza bat ematen denean, enpresa horiek leialak izan behar dutela Jaurlaritzarekin, eta Gestampekin gertatu dena aztertu nahi dugu. Galerak izan dituztela irakurri dugu, baina beste batzuek ere izan dituzte, eta gure dirua baldintzatuta dagoen ala ez jakin nahi dugu».

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuarentzat, dena den, ez dira gaiak nahastu behar. Jaurlaritzak multinazionalari emandako dirua defendatu du. «Bi gauza ezberdin dira. Aipatzen dugunean enpresa batek, zailtasunetan egon arren, jarraitu behar duela inbertsioak egiten eta apustua egiten etorkizunera begira, hau da eredua», adierazi zuen. Arabako Errioxan eginiko ekitaldi batean. Kaleratzeen inguruan, berriz, enpresetako zuzendaritzei eta langileen ordezkariei mintzatu zitzaien, eta «malgutasun formulak» adosteko eskatu zien, erabakiak «ahalik eta traumatikoenak» izan ez daitezen.

«Diru xahutzea»

Har daitezkeen neurrien inguruan, sindikatuek gogoratu dute bi lantegi horietan maiatzetik daudela aldi baterako enplegu erregulazioan. Langileen ordezkarien arabera, kaleratzeak egin beharrean horri heldu ahal zion enpresak, baina ez du nahi. Uste dute argi duela bi plantak ixteko erabakia. «Estrategia bati erantzuten dio». GTSko langile batzordeko presidente Izaskun Olanok uste du arduradunen «kudeaketa txarra eta gaitasun gabezia ezkutatzen» ari dela multinazionala. «Diru xahutze izugarri bat egin da, zuzendaritzak eraginda. Eta orain guk langileok ordainduko ditugu ondorioak».

Sindikatuek Jaurlaritzari eskatu diote arretaz aztertzeko zer gertatzen ari den Gestampen. «Arazoa bere negozio eredua da, eta ez Matriceria Deusto, GTS edo langileen soldatak. Gestampen pertsona asko sartu dira negoziotik negozioa egiteko». Olanoren arabera, multinazionaleko arduradunek «etekin partikularrak» atera nahi dituzte gobernuen diru laguntzetatik. «Ikerketa eta garapenaren kontu horrekin, kea baino ez du saltzen zuzendaritzak. Ez du lantegien iraupenaren aldeko apustu argirik egiten, eta ez da gai mahai gainean jartzen diren planak kudeatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.