ERCk eta JxCk gobernu akordioa erdietsi dute Katalunian

JxCk gidatuko ditu ekonomia eta osasun kontseilaritzak. Mahai estrategikoa ez da arituko Errepublikaren Kontseiluaren pean

Pere Aragones eta Jordi Sanchez, atzoko ekitaldian, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Atzean geratzear daude hiru hilabeteko esperoa, ezin ulertuak eta bozak berriz egin behar izateko beldurrak. Kostata, baina itxi dute akordioa. Azken ordukorik ezean, ERCko zerrendaburu Pere Aragones aste honetan bilakatuko da Kataluniako presidente, Esquerrak eta JxCk «independentziarantz» joko duen koalizio gobernu bat eratzea adostu ostean. Alderdi bakoitzak zazpi kontseilaritza izango ditu, bi aldeen arteko «leialtasuna» oinarri izango duen talde batean.

Aragonesek azaldu du «arlo ekonomiko eta sozialean agenda eraldatzaile bat bultzatzea» izango dela gobernu berriaren helburua, COVID-19ak eragindako kalteei aurre egiteko. Horretarako, bi alderdiek kontseilaritza kopuru bera izango dute. ERCren esku geratuko dira, besteak beste, barne, hezkuntza eta kultura sailak, sortuko duten feminismoen kontseilaritzarekin batera. JxCk kontrolatuko ditu, berriz, ekonomia eta ogasunaren, justiziaren, osasunaren eta eskubide sozialen kontseilaritzak.

Carles Puigdemont presidente ohiaren alderdiaren jarrerak garrantzi berezia izango du, beraz, Europako Batasunaren Next Generation funtseko diru laguntzak banatzeko garaian —hainbat kontseilaritzak osatutako talde bat eratuko dute horretarako—, baina baita ERCk eta CUPek duela bi hilabete sinatutako aurreakordioari dagokionez ere. Idatzi haren bitartez, CUPek bere baietza ziurtatu zion Aragonesen inbestidurari, hainbat eskakizunen truke; ur zerbitzuak udalen eskuetara itzultzea eta energia zerbitzu publiko bat sustatzea, besteak beste.

Alderdi independentistek bestelako helburuak ere badituzte: gobernabidea bateragarri egin nahi dute «amnistia eta autodeterminazioa» lortzearekin. Hala, Aragonesek azaldu du ERCk, JxCk eta CUPek aurreko astean erdietsi zuten «gutxiengoen» aurreakordioak «independentismoaren kontsentsu estrategikoen oinarria» ezarri zuela: «Herrialdeak aurrera egin dezan errepublikarantz». Hark modua eman du estrategia independentistaren inguruko negoziazioek gobernua eratzea oztopa ez dezaten, izoztuta zeuden elkarrizketei behar zuten bultzada emanda. Izan ere, biak batera negoziatzeko eskaera ia azken muturreraino eraman zuen JxCk, Aragonesek berak jendaurrean adierazteraino ez zuela posible ikusten bi alderdiek osatutako gobernu bat.

«Tutoretzarik» ez

Hiru alderdiek, ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak eta Omnium Culturalek «zuzendaritza estrategikorako mahai bat» eratuko dute, CUPek eta ERCk martxoan adostu bezala. Hura ez da Errepublikaren Kontseiluaren «tutoretzapean» egongo, baina harekin «koordinatuko» da. Modu horretan eman diote amaieraERCren eta JxCren arteko liskar nagusietako bati. Hura nahi zuen estrategiaren gidaritzan JxCk, baina ERCk eta CUPek erakunde «partziala» dela uste dute. Izan ere, Puigdemontekin batera, Toni Comin eurodiputatuak eta presidente ohiaren inguruko beste hainbat lagunek osatzen dute haren zuzendaritza. Hori ere laster aldatu daiteke, ordea, egoera berrira «egokitzeko» aldaketak egingo ditu eta.

Beraz, lortu dute alderdiek gutxiengo estrategia bateratu bat. ERCk orain arte defendatu bezala, «elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko apustua» izango da Madrilekiko harremanaren oinarria, Aragonesek azaldu duenez, baina «oso gogoan hartuta estatuarekiko konfrontazio zibiko eta baketsu baten beharra defendatzen dugula». Bien bitartean, mahai estrategikoak beste erreferendum bat prestatzea izango luke helburu, Espainiako Gobernuak halakorik ahalbidetuko ez balu «oldarraldi demokratiko batekin» erantzuteko.

Horiek hala, Aragones presidente egiteko inbestidura saioa ostegunean edo ostiralean egin dezakete. Oraingoan, ERCko zerrendaburuak aise lortuko luke gehiengo osoa (68 boto); bere alderdiak 33 eserleku ditu, JxCk bat gutxiago, eta CUPek bederatzi. Aurrez, ordea, JxCko militanteek baietza eman beharko diote adostutakoari; ondo bidean, asteazken goizerako. Sanchezek esan du ez dela «probablea» alderdikideak akordioaren aurka azaltzea, baina hala egingo balute ere JxCk Aragonesen hautagaitza babestuko lukeela parlamentuko bozketan: «Ez dugu hauteskundeen jokalekua begiztatzen».

CUPek ere biltzar batera deituko du agian, bi alderdi nagusien arteko akordioak eurek sinatutakoan izan ditzakeen eraginak direla medio. Carles Riera eledunak adierazi du eurek «laguntza» eman dutela akordioa baieztatzeko. Era berean, ordea, Xavier Pellicer diputatuak gehitu du inbestiduraren alde egitea ez dela «txeke zuri bat» ematea, martxoan ERCrekin adostutako aurreakordioari erreferentzia eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.