Parisek ehun euroko laguntza bat emango du energiarako

Bi mila eurotik beherako sarrerak dituzten herritar guztiek jasoko dute. Hegoaldean, bonu sozialeko laguntzak handitu ditu Madrilek

Pertsona bat arropa garbigailu bat jartzen. LUIS TEJIDO / EFE.
Iker Aranburu - Jokin Sagarzazu
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Euskal Herriko etxebizitza askotan lasaitua hartuko dute negu honetan, argindarraren eta gasaren prezioen igoera leuntzeko Frantziako eta Espainiako gobernuek hartu dituzten neurriengatik. Ipar Euskal Herrian, ehun euroko laguntza bat jasoko dute hilean 2.000 eurotik beherako diru sarrerak dituzten herritar guztiek. Hego Euskal Herrian, laguntza handiagoak jasoko dituzte energiarako bonu soziala eskatua dutenek: 69.000 pertsona inguruk.

Parisko gobernuak urriaren amaieran aipatu zuen laguntza hori emateko aukera, eta asteazken gauean onartu zuen Frantziako Asanbleak. Ezkerreko eta eskuineko oposizioak kritikatu du laguntza norbanakoen diru sarreren araberakoa izatea, eta ez familiarena. Adibide batekin azaldu dute «injustizia»: 2.050 euroko soldata duen pertsona batek ez du laguntza jasoko seme-alabak bai baina bikotekiderik ez badu, baina 1.900 eurokoa duen batek bai, jasoko du, bikotekideak soldata izanda ere.

Dirua abenduan jasoko dute, enpresak emango die eta hari gero estatuak. Ez dago argi hori nola egingo den mugaz gaindi lan egiten dutenen kasuan; adibidez, Ipar Euskal Herrian bizi baina Hegoaldean lan egiten dutenen kasuan. Langile autonomoek, erretiratuek, langabeek eta gizarte laguntzak jasotzen dituztenek, berriz, 2022. urtearen hasieran eskuratuko dute laguntza.

Etekinei kosk

Hego Euskal Herrian eragina izango duten laguntzak, berriz, atzo onartu zituen Espainiako Kongresuak. Bonu soziala dutenen artean, orain arte %25eko deskontua zutenek %60koa izango dute martxora arte, eta gainerakoek, %70ekoa. Horrekin batera, gasa ordaintzeko 35 eta 124 euro arteko txeke bat jasoko dute, urtero legez —25 eurotik 35era igo dute gutxienekoa—. Horrez gain, fakturak ordaintzen ez dituztenei ezingo zaie argi edota gas loturak moztu, martxora arte.

Laguntza horiekin batera, beste neurri batzuk ere babestu ditu Kongresuak, tartean, argindar konpainien etekinei eragingo dien bat. Gobernuari eman beharko diote gasa eta CO2a isurtzen ez duten teknologien bidez ekoiztutako argindarraren prezioaren gainbalioaren parte bat—zerutik eroritako mozkinak ere deiturikoak—. Baina ez guztia, eta martxora arte soilik. Diru horrekin bonu sozialetarako eta berriztagarrietarako funtsak hornituko ditu gobernuak.

Bigarrenean egin du aurrera neurriak. Irailaren 16an helburu bera zuen dekretu bat onartu zuen Kongresuak, baina konpainia handien kritiken aurrean neurria aldatu du gobernuak. Kontratu guztietan ezarri nahi zuen penalizazioa; orain, libre geratuko dira epe luzeko kontratuetako mozkinen parte bat itzultzetik. Hala, hasierako dekretuan aurreikusi baino nabarmen txikiagoa izango da itzuli beharrekoa, epe luzeko kontratuak dituztelako hiru kontsumitzailetik bik eta enpresa gehien-gehienak.

Legeak, dena den, gobernuari modua ematen dio horietatik ere dirua jasotzeko. Hain zuzen ere merkatuaren aldaketei loturiko zati bat dago horietan, eta horren gainean modu proportzionatuan ezarriko dizkie murrizketak konpainiei. Dena den, penalizazioak irailaren 16az geroztiko kontratuetan baino ez dira ezarriko, eta aldi baterako izango da, martxora arte.

Horrekin Madrilek «arrazoizko prezioak» dituzten prezio finkoko epe luzeko kontratuak bultzatu nahi ditu, fakturak merkatuaren aldakortasunaren mende egon ez daitezen. Baina zer dira arrazoizko prezioak? Horretarako, kontratuei buruzko kontrol handiagoak ezarriko ditu, CNMC Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren bidez. Besteak beste, konpainiek bezeroei aldez aurretik,hilabeteko epearekin gutxienez, jakinarazi beharko diete epe luzeko kontratuetan egindako edozein aldaketa —orain arte ez zeuden behartuta—; merkaturatzen dituzten kontratu mota guztiei buruzko informazio garden eta berritua eman beharko diote CNMCri; eta erakunde horrek handizkako merkatuko prezioak gainbegiratzeko gaitasun handiagoa izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.