Inoiz baino langile gehiago daude Hego Euskal Herrian

Pandemian galdutako enplegua berreskuratu da: 36.000 lanpostu sortu dira iazko abuztutik. Langabezia tasa krisiaren aurreko mailan dago

Iker Aranburu - Jokin Sagarzazu
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko lan merkatua indartsu eusten ari zaio urte hasieran hasitako joerari, eta hilabetez hilabete hazten ari da langileen kopurua eta gutxitzen langabeena. Afiliazioari dagokionez, azaroko datua inoizko hoberena izan da: 1.273.749 langile zenbatu ditu Espainiako Gizarte Segurantzak. Hain justu, duela bi urteko azarokoa da marka historikoa: orduan baino 2.614 landun gehiago daude orain. Aurrekoa 2008koa da, eta orduan baino 4.168 langile gehiago daude.

Langabezia ere COVID-19aren aurreko datuetara itzuli da. 2020ko abuztuan jo zuen goia. Osasun krisiaren hasieratik abuztura bitarte, 34.206 lagunek galdu zuten enplegua, eta ordutik aurtengo azarora arte 35.939 lanpostu sortu dira. Hortaz, pandemian suntsitutako enplegua berreskuratu da. Langabezia tasa 2019ko azaroan erregistratutakoaren oso antzekoa da: %10,97koa zen orduan, eta %10,98koa da orain.

Langabezia txikituz joan da azkenengo hamabost hilabeteetan, hiruretan izan ezik: iazko abuztuan, eta aurtengo urtarrilean eta martxoan. Egun 149.481 lagun daude erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan. Duela urtebete baino 22.482 gutxiago dira, eta urrian baino 1.076 gutxiago. Gipuzkoan salbu —53 langabe gehiago daude—, behera egin du beste lurraldeetan: Nafarroan (-426), Bizkaian (-401) eta Araban (-302).

Zerbitzuetan jaitsi da gehien(-873). Azaroa hilabete ona izan ohi da sektore horretan, Gabonetako kanpainarako langile batzuk kontratatzen direlako, baina egia da lanpostu horietako asko galdu egiten direla urtarrilean. Beste datu batean ere ikusten da merkataritzak azaroko emaitzetan izan ohi duen eragina: alor horretan emakume gehiago aritu ohi dira lanean, eta haien artean gehiago txikitu da langabezia. Dena dela, emakumeak dira langabe erregistratuen %56,9.

Beste sektoreetan, industrian apurka gutxitzen ari dira langabeak (-217 azken hilean), eta behera egin du aurretik lanik ez zutenen artean ere (-74). Hilabete okerragoa izan da, berriz, lehen sektorean: 55 langabe gehiago daude; eta hiru gehiago eraikuntzan.

Azaroko kontratazioei dagokienez, datu bat nabarmentzen da SEPEren txostenean: mugagabeak dira egindako kontratu berrien %11,83. Azken urteetako batez bestekoen gainetik dago kopuru hori, eta hilabete batean inoiz egindako kontratu finko kopururik handiena da: guztira, 14.385. 2006aren amaierara eta 2007aren hasierara egin behar da atzera antzeko datuak ikusteko, kopuru osoetan eta ehunekoetan. Aurtengo otsailean kontratu berrien %12,81 izan ziren finkoak. Azken hilabeteetan Lan Ikuskaritzak kanpaina bat egin du aldi baterakoak erregularizatzeko.

Badago kezkatzeko datu bat: handitzen ari da langabezia saririk ez dutenen kopurua: %55,5ek ez dute eurorik jasotzen; urtebete lehenago baino bi puntu gehiago.

Aldi baterakoak, jopuntuan

Gobernuek eta sindikatuek azpimarratu dute oraindik ere aldi baterako kontratu gehiegi egiten direla. «Emaitza onek ezin dute errealitate hori ezkutatu», adierazi du Jaurlaritzak. Hala ere, nabarmendu du positiboa dela energiarekin eta hornikuntzarekin loturiko «ziurgabetasun egoera batean» lana sortzen jarraitzea. Horixe azpimarratu du Nafarroako Gobernuak ere.

Sindikatuentzat, «prekarioa» da sortzen den lan gehiena, eta azaroko datuetako hobekuntzak sendotu daitezen, ezinbestekoa da lan erreforma indargabetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.