Euskal aparrak badu zigilua

'Euskal Garagardoa-Basque Beer' sor-marka merkaturatu dute, oraingoz hamabi ekoizlerekin

Sor-markan sartu diren garagardo etxeetako ordezkariak, topa egiten, atzoko aurkezpenean. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Barakaldo
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Euskal garagardogileek euren sor-marka propioa izango dute aurrerantzean. Aspaldiko nahi hori Euskal Garagardoa-Basque Beer izendapenarekin gorpuztuko da, eta, oraingoz, euren produktua, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoitzi eta botilatzen duten hamabi etxerekin jarriko da abian. Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko egitasmoa da, eta botiletan zein kutxetan ikusgai egongo den zigilu batek zehaztuko du zein garagardok betetzen dituzten gutxieneko baldintzak.

Euskal Garagadoaren Elkarteak atzo eman zuen ezagutzera sor-marka, BECen antolatu duten Gustuko Gastronomia azokan. «Marka bat sortzea beharrezkoa zen, garagardogileen sektorea bateratu, eta kontsumitzaileek jakin dezaten zein garagardo ekoizten diren Euskadin eta zein ez. Gure sektorean marka batzuk euren ekoizpen gunearekin bat ez datorren jatorria iradokitzen dute», azaldu zuen Jabi Ortega elkarteko presidenteak eta Gar & Gar etxeko ordezkariak. Harena da ikurra eramango duen garagardoetako bat, eta hauek dira beste 11k: Baias, Basabe, Boga, Etxeandia, Maiken Brewery, La Salve, Olañeta, Olbeam, Pagoa, Txorierri eta Urban Beer.

Aurretik sagardoan edo ardoan erabilitako sor-marken funtzionamendua izan da euren inspirazioa. Bittor Oroz Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikaiaen Politikarako sailburuordeak, dena den, onartu zuen «zaila» dela kontsumitzaileari jakinaraztea zein den «hemen» ekoitzitako garagardoa eta zein ez, eta horregatik dela garrantzitsua ikurra. Hamabi etxeetako ordezkariak egon ziren aurkezpenean, eta batek baino gehiagok «fake beer» [garagardo faltsua] kontzeptua erabili zuen jatorriarekin iruzur egiten duten markak definitzeko. Eta zer da, orduan, sormarka lortzeko eskatzen dena? Bada garagardoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoitzi eta botilaratzea. Elkarte «irekia» da, eta aurrerantzean etxe gehiago batzea espero dute.

Hiru herrialde horietan iaz salduriko garagardoen %2 baino ez ziren izan euskal garagardoak, eta, alde horretatik, asko dute hazteko, baina lehia estua da. «Marka handiek asko inbertitzen dute marketinean, eta prezioen gerran sartzen dira. Guk, aldiz, kalitatea, jatorria eta egiazkotasuna jartzen dugu mahai gainean», aldarrikatu zuen Alba Donadeu Boga etxekoak. Hala, sor-markaren balioa nabarmendu zuen: «Bertakotasun hori bermatzen duen kanpo ikuskaritza bat egitea bezala da».

Elkarteko kideek 1,25 milioi litro garagardo ekoitzi zituzten 2018an, eta %46 kanpoan ekoitzi zuten. Datuek diote, gainera, garagardo artisauen kontsumoa gora egiten ari dela, eta sor-markaren zigilua daramaten etxe gehienek tankera horretakoak ekoizten dituzte. «Jendea apurka ikasten ari da, eta artisaua probatzen duenak ez du besterik nahi izaten. Garagardo komertzialekin alderatuta, beste produktu bat da», aletu zuen Ortegak.

Hurrengo pausoa euskal produktuekin lan egitea izango da, eta Ortegak aurreratu zuenez, helburua jarri diete euren kideei. «Gure asmoa da garagardogile bakoitzak, gutxienez, hemengo osagarriekin eginiko garagardo bat izatea. Euskal lupulu, malta eta legamiarekin egina».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.