Afganistanen berriro hasi dituzte presoen inguruko negoziazioak

Talibanak eta gobernua elkarrizketetara itzultzea urrats garrantzitsua da bake prozesua abiatzeko

Preso talibanak aske uzteko zain, asteartean, Bagramen. STR / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Afganistango Gobernuak eta talibanek berriro ekin diete presoak askatzeari buruzko negoziazioei, horiek hilabete eta erdi pasatxo etenda egon ostean. Hain zuzen, muturreko islamistek horiek bertan behera utzi zituzten gobernua 5.000 gatibu askatzearen inguruko akordioa betetzen ari ez zela kexatu eta gero. Elkarrizketak kolapsatu ondoren, Kabulek eta talibanek presoak askatzeko aldebakarreko prozesua hasi zuten, eta gatibuen trukea espero baino askoz mantsoago joan da. Gainera, ez da egon aldeen arteko koordinaziorik.

Negoziazioetara itzultzeko urrats hori ezinbestekoa da Afganistango bake elkarrizketei bide emateko. Izan ere, talibanek martxo hasieran ohartarazi zuten preso guztiak askatzean itzuliko zirela negoziazio mahaira, eta, beraz, funtsezkoa da afera konpontzea bake prozesuari hasiera emateko.

«Talibanen ordezkaritza tekniko bat Kabulera iritsi da, bi aldeetako presoak askatzeko prozesuaren inguruan Afganistango Islamiar Errepublikako Gobernuaren talde teknikoarekin lan egitera», azaldu zuen atzo Javid Faisal Segurtasunerako Kontseilu Nazionalaren bozeramaileak. Nabarmendu zuenez, elkarrizketa horietan ez dute bestelako gairik landuko.

900 preso, aske

Azken berria Afganistanek asteartean 900 preso askatu ondoren iritsi da. Hain justu, igandean iragarri zuen Axraf Ghani Afganistango presidenteak beste 2.000 preso taliban askatuko zituela «borondate oneko keinu gisa», talibanek hiru eguneko su-etena iragarri ostean —duela hemeretzi urte hasi zen gerran muturreko islamistek deklaratutako bigarren tregoa izan da—. Era berean, negoziazioei berrekiteko bidea irekitzea ere bazen gatibuak aske uzteko erabakiaren asmoa, baita bakearen aldeko urratsa egitea ere.

Hain zuzen, talibanek eta Ameriketako Estatu Batuek (AEB) iragan otsail amaieran sinaturiko akordioa izan zen bake prozesua abiatzeko lehen pausoa. Horren arabera, AEBek eta harekin nazioarteko aliantza eratu duten herrialdeek beren tropak aterako dituzte Afganistandik hamalau hilabetean. Hala, gobernuaren eta muturreko islamisten arteko elkarrizketak ziren hurrengo egitekoa, baina, oraingoz, ez dute fruiturik eman. Bitartean, talibanek erasoak egiten jarraitu dute.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.