10.000 milioi euroko funts bat enpresak erreskatatzeko

Espainiako Gobernua pandemiaren ondorioz arazoak dituzten «enpresa estrategikoen» kapitalean sartuko da, bideragarriak badira

Pedro Sanchez Espainiako presidentea, atzo, patronaletako eta sindikatuetako ordezkariekin. CHEMA MOYA / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Nazionalizazioen bidea ireki du Espainiako Gobernuak. 10.000 milioi euroko funts bat sortuko du pandemiaren ondorioak pairatzen ari diren enpresak erreskatatzeko, 2007ko krisi ekonomikoan bankuak salbatzeko erabili zuenaren antzekoa. Neurria atzo onartu zuen Ministroen Kontseiluak; ez dute nahi, ordea, azken krisi ekonomikoko akatsak errepikatu, eta laguntzak jaso nahi dituzten enpresek baldintza batzuk bete beharko dituzte.

Madrilek, bestalde, enpresek digitalizazioa eta prozesu jasangarriak bultzatzeko balioko duten 40.000 milioi euroren kredituetarako abalak ere onartu zituen atzo.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea atzo bildu zen patronal eta sindikatu nagusietako ordezkariekin, «berpizte ekonomikorako eta enplegurako» ituna sinatzeko. Ez da oso zehatza akordioaren edukia, baina atea zabaltzen du gai gakoetan gobernua, patronalak eta sindikatuak akordioak egiten saiatzeko.

Akordioa Europari bidalitako mezu bat da, eta hala adierazi dute sinatzaileek ere. Bruselan ari dira negoziatzen berpizte funtsaren banaketa, eta Espainiak irudi ona erakutsi nahi du Europako buruzagien aurrean. Aurreikuspenen arabera, 140.000 milioi euro jaso ditzake.

ERRESKATE FUNTSA

Enpresak erreskatatzeko funtsa jasotzeko, konpainiek bete beharreko lehen baldintza da estatuak haiek estrategikotzat jotzea, duten eragin sozioekonomikoagatik. Sailkapen horretan sar daitezke, besteak beste, osasungintzako enpresak, azpiegituretakoak eta komunikazioaren sektorekoak.

Koronabirusaren ondorioz kaudimen arazoak izaten ari diren enpresentzat da funtsa; Madrilek ez du erreskatatuko COVID-19aren krisia piztu baino lehen arazoak zituen enpresarik. Beraz, estatuak euren kapitala erostea nahi duten enpresek erakutsi egin beharko dute 2019. urtean bideragarriak zirela.

Bete beharreko beste baldintza batzuk dira paradisu fiskaletan negoziorik ez izatea, Espainiako Akordio Klimatikoan ezarritako baldintzak betetzea, eta gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala amaitzea. Behin laguntza jasota, ezingo dute dibidendurik banatu bi urtean.

Estatua enpresen kapitalean sartuko da orain, zati bat nazionalizatuko du, baina helburua da etorkizunean konpainia horiek berriz ere pribatizatzea. 2024ko abenduan enpresaren kapitalaren %15 edo gehiago publikoa bada oraindik, enpresa berregituratu beharko dute.

2020KO RENOVE PLANA

Ministroen Kontseiluak autoen salmenta sustatzeko Renove plan berri bat ere onartu du; horretara bideratuko ditu 250 milioi euro. Laguntzak zuzenak izango dira, 300 eta 4.000 euro artekoak, eta hogei urte baino gehiago dituzten autoak txatarretara eramateagatik beste 500 euro ere jaso daitezke.

Eusko Jaurlaritzak urtarriletik du martxan bere Renove plana. Orain arte ez dira gehigarriak izan Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak eman izan dituzten laguntzak, baina Industria Ministerioak atzo baieztatu zuenez, oraingoan bai. Hortaz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 3.600 eurorainoko diru laguntzak eskura daitezke gasolina edo diesel auto bat erosteko, eta 8.000 eurorainokoak guztiz elektrikoa bada.

Jaurlaritzak duela gutxi hobetu zuen Renove plana. Hortaz, 3.600 euro horietatik 2.000 jarriko lituzke Gasteizko gobernuak; 800 ordainduko lituzke Madrilek, eta beste 800 fabrikatzaileak.

LAGUNTZAK TURISMOARI

Turismoaren sektorean hiru laguntza txertatuko ditu gobernuak. Batetik, higiezin turistikoen hipotekak luzatzea onartu dute, eta, beraz, horien jabeek hamabi hilabete gehiago izango dituzte hipoteka kredituak itzultzeko. Luzapen hori baliatu ahalko dute COVID-19aren ondorioz zailtasun ekonomikoak dauzkaten autonomoek eta egoitza soziala Hego Euskal Herrian duten pertsona juridikoek.

Bestalde, sektorean digitalizazio eta berrikuntza proiektuak aurrera eramateko 216 milioi euro jarriko ditu Madrilek, eta barnealdeko turismoa eta nekazaritza turismoa sustatzeko plan bat ere onartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.