Laurak sartzea lortu du Aspek

Peio Etxeberriak 22-2 hartu du mendean Jon Alberdi, eta final-laurdenetarako sailkatu da

Peio Etxeberria pilotari jotzen, atzo Beotibarren jokatutako norgehiagokan. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Buruz Buruko Txapelketako final-zortzirenetako kanporaketak biribilak izan dira Asperentzat. Lau pilotari zituen bertan, eta laurak sartu ditu final-laurdenetako ligaxkan. Ostiralean, Aitor Elordi sailkatu zen; larunbatean, Danel Elezkano; igandean, Dario Gomez, eta, atzo, Peio Etxeberria. Zenozko aurrelaria nagusitasunez gailendu zitzaion Jon Alberdiri: 22-2. Partida nahi bezala eraman zuen, eta azpeitiarrak ezin izan zuen ezer egin. Hala, Baikoko bi pilotari baino ez dira arituko ligaxkan: Unai Laso eta Erik Jaka.

Etxeberriak kolpea jaso zuen iaz, atariko kanporaketan Darioren aurka 22-2 galdu ostean. Hala, ikasgaia ondo ikasita atera zen Beotibar frontoiko kantxara. Bete-betean hasi zuen partida, fresko eta aginduz. 3-0 aurreratu zen. Tanto horietan ondoren egingo zuenaren zertzeladak eman zituen: pilota ezker-eskuin bizi mugitu zen, eta maiz sartu zuen ezkerparetean.

Laugarrena eta bosgarrena sakez lortu zituen —sei egin zituen guztira atzoko neurketan—. Hasiera on horrek patxada eman zion. Alberdiri, berriz, txapelketa nagusian debutatzeak eragiten duen urduritasuna antzeman zitzaion. Tentsio guztia askatu zuen lehen tantoa egin zuenean: 7-1. Buruz gainetik pasatu zion pilota Peio Etxeberriari. Sakea hartu eta bere pilotetako bat atera zuen Alberdik, erreskadan tanto kopuru on bat egiteko helburuarekin. Baina bakarra egin zuen. Etxeberriak berean jarraitu zuen. Gainera, pilotakadaren batean Alberdik behartzen bazuen, defentsan sendo aritu zen.

Nahi eta ezin ari zen Alberdi. Lehen atsedenaldira 12-1 iritsi ziren. Etenaldiaren ostean, partidak antzera jarraitu zuen. Bizkor zihoan partida. Artean tantorik luzeena Alberdiren bigarrena izan zen. Hogei pilotakada eman zituzten: 14-2. Emaitza ikusita, Alberdik arriskatzen hasi beharra zuen aukera txikiren bat izateko. Baina alferrik. Peio Etxeberriak oso ondo mugitu zuen aurkaria, pilotari abiadura emanez. Ez zuen tantoaren ekimena galdu.

Tantoak aurrean jokatu ziren. Lau eta erdiko partida bat zirudien. Hala komeni zitzaion Peio Etxeberriari. Aldea handitzen jarraitu zuen, tantoak ondo kudeatu baitzituen. 22.a egin arte.

Amaieran gustura zen Etxeberriak. «Lanak eginda noa etxera. Jonek ez du bere eguna izan. Baina uste dut nik partida biribila egin dudala. Dena atera zait: sakea, bigarren pilotakada... Sari handia da final-laurdenetako ligaxka jokatu ahal izatea». Hain zuzen, ligaxkako lehen partidan iaz belarrondokoa eman zion Dario izango du kontrario.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.