Israelgo hauteskunde lehia astindu du Netanyahuren auzipetzeak

Fiskal nagusiak iruzurra egotzi dio lehen ministroari, bozetarako sei aste baino gutxiago falta direla

Benjamin Netanyahu lehen ministroa eta Avichai Mandelblit fiskal nagusia, 2013ko agerraldi batean. ABIR SULTAN / EFE.
mikel rodriguez
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Israelgo Estatua sortu zenetik (1948) auzipetu duten lehenbiziko gobernuburua da Benjamin Netanyahu. Avichai Mandelblit fiskal nagusiak atzo aurkeztu zituen lehen ministroaren kontrako karguak —iruzurra eta konfiantza haustea—, eta Israelgo giro politikoa goititik beheiti astindu du, sei aste baino gutxiago falta baitira hauteskunde orokorretarako —apirilaren 9an dira—. Netanyahu da berriz irabazteko faboritoa, eta lehen ministroak uste du haren garaipena eragoztea duela helburutzat fiskalak irekitako auzibideak. «Gure herrialdearen historian lehenbizikoz, epaiketa aitzineko saio batera goaz hauteskunde batzuen atarian, eskuina kendu eta ezkerra gobernura ailegatzeko bakarrik», kexatu zen atzo telebistan egindako agerraldi batean.

Mandelblitek hiru kasutan inputatu du Netanyahu. Lehenbizikoan, 1.000 Auzian, lehen ministroari eta haren familiari leporatzen die zenbait aberatsen eskupekoak onartu izana mesedeen truke; bigarrenean, 2.000 Auzian, lehen ministroari leporatzen dio Yedioth Ahronot egunkariari proposatu izana lehen ministroaren irudi positiboa emanez gero Israel Hayom egunkari etsaiaren aurkako legeak bultzatuko zituela; eta, hirugarrenean, 4.000 Auzian, fiskalak lehen ministroari egozten dio Bezeq telekomunikazio enpresarekin tratu bat egin izana konpainia horri onurak emateko Walla! webgunean Netanyahuren irudi ona zabaltzearen truke.

Epaiketaraino ailegatzeko prozesua luzea da, eta hauteskundeen ondoren gertatuko da hori. Netanyahu 1996-1999 artean izan zen lehenbizikoz gobernuburu, eta kargu horretan dago 2009az geroztik. Azken inkesten arabera, haren Likud alderdia higatzen ari da, gehienbat Benny Gantz armadaren estatu nagusiko buru zenak (2010-2015) hauteskundeetara aurkezteko asmoa iragarri zuenetik.

Netanyahuk militarizazioan, palestinarren aurkako errepresioan eta Iranekin jarrera erasokorra izatean oinarritu du agintea, eta hauteskundeetan emaitza onak eman dizkio.

Nazio Batuen Erakundeko ikerlari talde batek atzo argitaratu zuen txosten batean dioenez, ordea, Israelgo Estatua Nazioarteko Zigor Auzitegiak ikertu beharko luke, Netanyahuren agintaldian palestinarren aurka eginiko «gerra krimen posibleengatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.