Vucic kontserbadoreak garaipen argia lortu du Serbiako bozetan

Botoen %61,6 lortu du presidentearen SNS alderdiak. Parte hartzea %50ekoa izan da

Aleksandar Vucic Serbiako presidentea, igandean, hauteskundeetako garaipena ospatzen. ANDREJ CUKIC / EFE.
Jon O. Urain Gorka Berasategi Otamendi
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Aleksandar Vucic Serbiako presidente kontserbadoreak garaipen nabarmena lortu zuen igandean, herrialdeko parlamenturako hauteskundeetan. Botoen %70 zenbatuta, gobernu koalizioa gidatzen duen eta Vucic buru duen SNS Serbiako Alderdi Aurrerakoiak botoen %61,6 jaso zituen. Horrek esan nahiko du legebiltzarrean 190 parlamentari inguru izan ditzakeela. Hau da, 250 eserleku dituen ganberaren hiru laurden. 2016ko hauteskundeetan, botoen %48,25 jaso zituen.

Bigarren alderdia SPS Serbiako Alderdi Sozialista izan zen; %10,3 boto eskuratu zituen, eta 30 bat eserleku. SNS eta SPS elkarrekin gobernatzen ari dira 2012az geroztik, eta Ana Brnabic sozialistak du lehen ministroaren kargua 2017tik; hortaz, gobernuko koalizioaren nagusitasuna erabatekoa izango da parlamentu berrian.

Oposizioak apenas izango duen ordezkaritzarik; SPAS Serbiako Batasun Abertzaleak botoen %3,6 lortu zituen, eta are pisu txikiagoa izango dute gutxiengo hungariarra, albaniarra eta bosniarra ordezkatzen dituzten alderdiek.

Oposizioko alderdi garrantzitsuenek, berriz, boikoterako deia egin zuten. Serbiarako Aliantza koalizioak ohartarazi zuen boz askeak egitea ezinezkoa izango zela, ustelkeria eta Vucicen autoritarismoa dela medio. Parte hartzea 2016an baino sei puntu baxuagoa izan zen arren, ez zen oposizioak nahi zuen bezalako boikotik izan. %50eko parte hartzea izan da.

Hauteskundeak apirilaren 26an egitekoak ziren, baina atzeratu egin zituzten koronabirusarengatik. Europan izurria hasi zenetik egin diren lehenbiziko hauteskundeak izan dira.

Vucicek historikotzat jo ditu emaitzak: «Leku guztietan irabazi dugu, baita iraganean inoiz irabazi ez dugun lekuetan ere».

Kosovorekin bilera

Vucic Serbiako presidentea Kosovoko presidente Hashim Thacirekin bilduko da larunbatean, Washingtonen, Etxe Zurian, AEBek gidatutako elkarrizketa batean. Bilkuratik kanpo gelditu da EB Europako Batasuna, nahiz eta Serbia batasuneko kide bihurtzeko elkarrizketetan ari den Bruselarekin. Vucic Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovekin bildu zen joan den astean, eta bilkuraren ostean adierazi zuen ez diola Kosovori independentzia aitortuko baldin eta trukean EBko kide izateko aukera besterik jasotzen ez badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.