Izena eta izana, biak dauzkate

LAPKE eta Erreka erakustaldia emanda sailkatu dira Berria Txapelketako final-laurdenetarako

Beñat Zubizarreta, Lazkaoko LAPKE elkarteko gazte mailako aurrelaria, asteburuko partidan. JON URBE / FOKU.
jon eskudero
2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Mailarik goreneko pilotariak hartu ditu joan den asteburuan Hernaniko pilotalekuak; besteak beste, XVIII. Berria Txapelketako final-zortzirenetako lehen bi kanporaketak jokatu baitira. Ez edonolakoak, gainera, izen handiko elkarteak lehiatu baitira. Batetik, erakustaldia emanda sailkatu da hurrengo faserako Lazkaoko LAPKE, iazko txapelduna. Irurtzun kanporatuta, berriz ere txapelak janzteko faborito nagusia dela erakutsi du. Bestetik, Doneztebeko Errekak ere lortu du helburua, Ortuellako Danok Lagunak mendean hartuta. Ohi bezala, nafarrek ere talde indartsua dutela erakutsi dute. Gauzak hala, final-laurdenetako aurreneko kanporaketa erabakita dago: LAPKE-Erreka. Izena ez ezik izana ere badaukatela berretsi dute bi elkarteek.

HERNANIN
LAPKE(Lazkao) 2
Irurtzun 1


Txapelketaren aurkezpen egunean adituek nabarmendu zuten moduan, Lazkaoko LAPKE da txapelketa irabazteko hautagai nagusia, eta, igande goizean, Hernanin, garbi geratu zen zergatik. Besteak beste, kadete eta gazte mailetako partidak aski izan baitzituen kanporaketa erabakita uzteko. Irurtzunek ere oso talde ona izan arren, Goierriko elkarteak gain hartu zion. Kadeteen artekoan, Izagirrek eta Iturbek 22-9 irabazi zieten Salaberria anaiei. Bi zati izan zituen norgehiagokak. 8-6kora arte, gogor aritu ziren, baina, hortik aurrera, eskua mindu zitzaion Salaberria atzelariari, eta horixe baliatu zuten gipuzkoarrek lehia hausteko. Izagirrek partidaren abiadura bizitu zuen, eta hura izan zen onena.

Antzeko zerbait gertatu zen gazte mailako neurketan ere. 7nakora arte, inork ez zuen lortu aurkaria baino gehiago izaterik, baina, hamabost tanto jarraian eginda, Zubizarreta eta Goiburuk 22-7 irabazi zuten Salaberria eta Salcedoren kontra. Logikak agindu zuen, Zubizarreta baita maila horretan dagoen pilotaririk onena. Saskitik pilota egokia aterata, nahierara aritu zen, era guztietako tantoak eginez. Garbi geratu zen Goiburu ere ondo moldatzen dela bi eskuekin. Horiek horrela, nagusien partida hasterakoLAPKEk eskuratua zuen hurrengo faserako sailkapena, baina jaialdiko partidarik onena jokatu zuten nagusiek. Goi mailako lau pilotari aritu ziren, eta De la Fuente eta Bergera nafarrek 22-14 menderatu zituzten Senar eta Garmendia. Profesionalei inbidiarik ez izateko moduko lehia jokatu zuten.

HERNANIN
Erreka (Doneztebe) 2
Danok Lagunak (Ortuella) 1


Lazkaotarrak baino gutxiago ez izan nahi, eta Doneztebeko Errekak ere lehen bi partidetan utzi zuen erabakita Ortuellako Danok Lagunak-en aurkako dema. Erreka elkarteak ibilbide oparoa egin ohi du txapelketa honetan, eta aurten ere helburu bera duela berretsi zuen. Besteak beste, kadeteen mailan Agesta II.a eta Barbarin nafarrak 22-7 nagusitu ziren Txabarri eta Brull bizkaitarren aurka. Pronostikoen arabera, norgehiagoka estua espero zen, baina galtzaileek ez zuten esperotako maila eman. Presaka eta galtzaile aritu ziren, eta nafarrek aski izan zuten txukun jokatzea lehenengo puntua eskuratzeko.

Bada, Errekak oraindik aiseago irabazi zuen gazteen artekoa: Apezetxea eta Agesta 22-2 nagusitu ziren Martinez eta Kortazar II.aren aurka. Emaitzak ez zuen inor ezustean harrapatu, nafarrek maila horretako bikoterik onenetakoa osatzen baitute. Agestak luze ibili zuen pilota ezker-eskuin, eta Apezetxeak ez zuen barkatu aurreko koadroetan.

Nagusien partidan, ez zen emozio handirik izan, eta Danok Lagunak-ek ohorezko puntua lortu ahal izan zuen, Kortazar eta Vega 22-8 nagusitu baitziren Tabar eta Cuairanen kontra. Bi atzelarirekin jokatzeko hautua gaizki atera zitzaion Errekari. Final-zortzirenek asteburu honetan izango dute jarraipena, eta beste bi kanporaketa jokatuko dira: Hernani-Txukun Lakua eta Buruzgain-Zazpi Iturri, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.