Distirarik gabeko garaipena

Altuna III.a-Galarzak laugarren lehia irabazi dute jarraian: 22-20 Artola-Imazi. Aurrelariaren lan onak bikotekidearen partida txarra salbatu du. Baikokoek ez dituzte aukerak baliatu

Jokin Altuna, pilota errematatzear, atzo, Astelenan jokatutako partidan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Urtea amaitu moduan ekin diote urte berriari Jokin Altunak eta Ladis Galarzak: irabaziz. Aspeko bikoteak 22-20 hartu zituen mendean atzo IƱaki Artola eta Ander Imaz Eibarren (Gipuzkoa), Astelenan, Binakako Txapelketako seigarren jardunaldiko azkeneko partidan. Hala, gorako bideari eusten diote: ligaxkako aurreneko bi partidak galdu eta gero, irabazi egin dituzte hurrengo laurak. Horri esker, jauzia eman dute sailkapenean, eta bigarren dira orain, lau garaipenekin. Erik Jaka eta Jose Javier Zabaleta bakarrik dituzte gainetik, lehia bat gehiago irabazita. Altuna III.a-Galarzak Artola-Imazi hartu diete aurre jardunaldi honetan. Baikokoek ere lau garaipen dituzte, baina Aspekoek tanto alde hobea dute.

Altuna III.aren eraginkortasunaren eta Galarzaren segurtasunaren gainean eraiki zituzten Aspekoek azken hiru garaipenak. Atzo, ordea, erori egin zen bi zutabe horietako bat, atzelariak oso gaizki jokatu baitzuen. Bederatzi huts egin zituen, eta arriskuan jarri zuen garaipena. Haren pozgarri, Altuna III.aren tantoek eta aurkariek une erabakigarrietan egindako hutsek salbatu zuten: amezketarrak hamar tanto egin zituen, eta aurkariek, 11 huts, horietatik bederatzi Artolak.

Lehia nola hasi zen ikusita, nekez pentsa zitekeen Aspekoek horrenbeste sufrituko zutenik irabazteko. Indartsu hasi ziren, eta ziztu bizian 10-2 jarri ziren. Ez zuten gauza handirik egin horretarako; bakarra, aurkarien hutsak aprobetxatzea. Beste behin, eskas hasi ziren Artola-Imaz.

Ondo ari zen Altuna III.a, eta seguru Galarza. Baina atzelariak pilota bat galdu zuen, eta gero beste bat, eta urduri jarri zen. Horretaz konturatu ziren aurkariak, eta estu hartzen hasi ziren, baita helburua lortu ere, sei tanto jarraian eginda: 10-8. Baina hutsen partida zen atzokoa, eta Artola eta Imaz ere ez zebiltzan fin. Horrek eta Altuna III.aren tantoek aldea handitu zuten berriz: 14-9 eta 15-11. Orduan izan ziren Baikokoen minuturik onenak, Artolarenak bereziki. 16-17 jarri ziren, baita 18-19 ere. Ligaxkako zenbait partidatan egin bezala, atzetik aurrera eginda irabaziko zutela zirudien. Baina oraingoan erdibidean geratu ziren. Artolak egindako hiru hutsek eta Altuna III.ak sakez egindako tanto batek garaipena eman zien gorriei.

Berotua hartu zuten bi bikoteek. Bada, irabazleek atseden hartzeko denbora gutxi izango dute, bihar bertan jokatuko baitute hurrengo partida, Azpeitian (Gipuzkoa), Oinatz Bengoetxearen eta Jon Mariezkurrenaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.