Getxok ez du munduko soka askatuko

COVID-19a dela-eta atzeratu ondoren, datorren urteko irailaren 15etik 19ra jokatuko da Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa

Lur gaineko sokatiralariak Bilboko Euskal Museoan, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa Getxon (Bizkaia) jokatuko da, datorren urteko irailaren 15etik 19ra bitartean. Berez, atzo bertan hastekoa zen txapelketa, baina koronabirusaren egoera dela medio, hurrengo urteko irailera atzeratzea erabaki dute. Antolatzaileek eta babesleek Bilboko Euskal Museoan aurkeztu zuten atzo txapelketa. Baikor eta ilusioz mintzatu ziren.

Getxok 2015ean lortu zuen txapelketako antolatzaile izateko ardura. Suitza eta Herbehereak izan izan zituen lehiakide. Fadura kirol parkea izango da txapelketaren egoitza, eta, bertan, hainbat kategoriatako lehiaketak izango dira: sokatira modalitatearen araberakoak, pisuaren araberakoak eta sexuaren araberakoak. 1.500 kirolari bilduko dira orotara, tartean, euskal selekzioko sokatiralariak.

Lehiaketaren lehenengo bi egunetan, nazioarteko 72 taldelehiatuko dira. Azken bi egunetan, berriz, Euskal Herriko taldeen artekoa izango da norgehiagoka. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politikarako sailburuak adierazi zuen txapelketa Getxon egiteak Euskal Herriaren«irudia zabaltzeko aukera handia» ematen duela, eta mundu mailako «marka» gisa kokatzen duela. Zupiriaren arabera, Euskal Herria hainbat arrazoirengatik da ezaguna, eta kirolari dagokionez, sokatiran beste kiroletan baino «nabarmenagoa» da ezagutza hori.

COVID-19aren pandemiak eragindako osasun egoera dela eta «ziurgabetasuna» dagoela aitortu zuen Zupiriak: «Ez dakigu urtebete barru egoera zein izango den, baina Osasun Sailarekin batera ahalegin guztiak egingo ditugu txapelketa horrek aurrera egin dezan». Horrez gain, modurik «seguruenean» gauzatzeko «ahalegina» egingo dutela gehitu zuen.

Antolatzaileen arabera, Irlandan goma gainekoa jokatu ostean, Getxoko txapelketa da hurrengo «topaleku nagusia» mundu osoko sokatiralarientzat. «Munduko txapelketa honen antolakuntza proiektu handizalea bihurtu da», nabarmendu zuten antolatzaileek. Horregatik«erreferente» den txapelketa bat izatea nahi dute.

Dopinari aurre eginez

Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua ere mundu mailako ikuspegiarekin mintzatu da:«Txapelketa honek munduko mapan jarriko gaitu berriro». «Munduko mapa» horretan, euskal selekzioa eta kirolari euskaldunak «Euskadiko lurraren enbaxadore» izango direla adierazi zuen. Txapelketari esker, «atzerrian oihartzuna» lortuko dela uste du: «Sokatira hemen zein atzerrian ezaguna izatea lortuko dugu».

«Gure herrian sustrai sakonak ditu kirol honek», jarraitu zuenBilbaok. Kirol horren ezaugarriez mintzatu zen, eta «iraunkortasuna» eta «irmotasuna» sokatirarekin «oso lotuta» dauden baloreak direla adierazi zuen. Horrez gain, mundu mailako sokatira txapelketak beste gauza bat ere erakusten duela adierazi zuen Bilbaok: «Ekitaldi handiak antolatzen badakigula erakutsiko dugu beste behin».

Txapelketarekin batera, datorren urtean beste mugarri bat izango du sokatirak: dopinaren kontrako araudi berria. Getxoko Munduko Txapelketari begira, Eusko Jaurlaritzarekin batera protokolo berriak eta neurri «zorrotzak» ezarriko dituztela azaldu zuten antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.