PSOEren hizkuntz politikaz

Karlos Gorrindo eta J.J. Agirre
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Plataforma per la Llengua erakundeak gogorarazi digu berriki Espainiako Gobernu txit «aurrerakoiak» ere gazteleraren inposizioari eusten diola gogoz, eta zapalkuntza hori areagotzera datozen 61 arau baztertzaile onartu dituela 2020. urtean ere.

Eremu askotarikotan aurki daitezke arau horiek: ziurtagiri, titulu eta karnetetan, hezkuntzan, etiketajean eta jarraibideetan, enpresen betebeharretan, Administrazioarekiko harremanetan, nazionalitatea eskuratzeko prozeduran, sinbologian, eta abarretan. 2018. urtean Estatu espainiarrak onartutako arau inposatzaileak 139 izan ziren; 2017an, aldiz, 93.

Espainiar Estatuak katalan edota euskal hiztunak baztertzen gintuen PP agintean zela, eta bazterketan sakontzen jarraitu du PSOE-UP agintean direlarik ere.

EAJren gobernukide da PSE-PSOE (sic) EAEn , eta bere arrastoa agerikoa da zuzentzen dituen sailetan. Idoia Mendia egungo lehendakariordeak edo Andoni Unzalu aholkulari ohiak, besteak beste, gogor salatu izan dute Administrazio Publikoetako langileen erdiei euskararen ezagutza maila bat edo beste eskatzea. Ez dute inongo arazorik, baina, espainierarekin, gaztelera menperatzea langile guztiei exijitzen bazaie ere. Bideo lotsagarri honi Idoia Mendiak berak jarri zion ahotsa, «euskararen inposizioari azkena emateko» eskatuz.

Mendia, Arriola eta Hurtado dira PSE-PSOEko sailburuak egun Jaurlaritzan. Sareetan euskara proportzio esanguratsu batean erabiltzen duen bakarra, Arriola da. Mendiak oso gutxitan, eta Hurtadok sekula ere ez. Euskaldunak ez bide gaude hauen lehentasunen artean.

PSE-PSOEtarren ekimenak arrastoa utzi du EAEko hizkuntz politikan. EGAren eta Hizkuntz Eskakizunen inguruan hartutako neurri «aringarriak» edota D ereduaren urtzearen atzean, alderdi horren ahalegina eta eskua nabariak izan dira. Euskararen higatze-politika gisako bat daramate aurrera, tarteka zakar erasotzeari uko egin barik.

Nafarroan mozorrorik gabedihardu PSN-PSOEk

Zakar eta lotsagabe jardun zuten nafar euskaldunon eskubideen aurka UPNren bazkide zirenean, eta Geroa Bairen nahiz UPren bazkide direlarik (EH Bilduren zeharkako babesarekin), UPNrekin elkartzen dira hizkuntzaren auziari ekiteko gehienetan.

Oker egiteko arrisku handirik gabe, esan daiteke benetako PSOE pairatzen dugula Nafarroan, EAEko erreparoak atzean utzita.

Hamaika adibide jar daitezke: Iruñeko haurreskolen auzia, PAI eredua, eremu «mixtoko» herrietako eskola-ereduak, lanpostu publikoetarako oposizioetan euskara ez den ia edozein hizkuntza saritzea...

PSNko Hezkuntza Sailburu Carlos Gimeno Gurpegik esana du «D erdua segregatzailea» dela; Iruñeko Udaleko PSNren taldeburu Maite Esporrínek, harro galdetu zuen kazetarien aurrean «ea albaitariek euskara zertarako behar duten»... Hori da maila.

Hori da XXI. mendeko PSOEren arima, 1899an «euskararen heriotzaren alde gaude» aitortzen zuen PSOE hartatik hain urrun ez dagoena.

Eragile abertzaleak nora begira daude?

Alderdi espainiazaleen politika erasokor lotsagabe hauek ez lirateke posible, alderdi abertzaleek neurriko erantzuna emango baliete. Non daude? Zer gertatzen zaie?

Zergatik ez dute euskararen eta euskaldunen defentsa sendoagoa egiten?

Erantzunak jasotzeko irrikan gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.