Emakumeen liga, profesional hilaren 15etik

Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak abian jarriko ditu horretarako legezko urratsak. AFEk aurrerapausotzat hartu du erabakia

Athleticek eta Realak Lezaman jokatutako ligako azken partida. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako emakumeen futbol liga profesional izango da datorren ekainaren 15etik aurrera: hala iragarri zuen atzo Jose Manuel Francok, Espainiako Kiroletarako estatu idazkariak. Hilabeteak ziren Espainiako Gobernuak iragarria zuela hala egingo zuela, eta iritsi da eguna. «Beste urrats bat izango da berdintasunerako bidean».

Gizonezkoen futbol ligarekin eta ACB ligarekin batera, profesional izango den liga bakarra izango da. Klubek eta AFE futbolarien sindikatuak aspaldi egindako eskaria zen, eta orain hasiko da gauzatzen. Behin onartuta, liga berriak izango dituen estatutuak idatzi beharko dituzte, eta presidente bat izendatu. Behin hori eginda, Liga berria ofizialki inskribatuko dute.

Profesionalizazioak hainbat urrats ekarriko ditu berdintasunaren bidean. Besteak beste, aukera izango da jokalariek sinatu zuten lehen lan hitzarmena berriz negoziatzeko. Izan ere, oraindik ere partzialtasun bat dago emakume futbolarien kontratuetan, eta liga profesionala izateak eragotzi egingo luke hori.

Ikusteko dago telebista eskubideen auzia nola konpontzen den. Izan ere, klub gehienek Mediaprorekin sinatu zuten kontratua, eta gutxi batzuek Espainiako Futbol Federazioaren bidez komertzializatu zituzten. Kirol Kontseilu Nagusiak jada iragarri zuen eskubide horien komertzializazioa kanpoko enpresa baten bidez egin beharko dela.

Gainera, ikusi egin beharko da zer gertatzen den Iberdrolak babesle nagusi izateagatik ematen dion diruarekin ere: 4 milioi euro ematen dizkio egun, eta Espainiako Federazioak kudeatzen du diru hori.

AFE sindikatuak aurrerapausotzat jo du lortutakoa: «Iaz hitzarmena sinatu ostean, beste pauso garrantzitsu bat da emakumeen futbolean ere berdintasunaren bidean urratsak egiteko». Profesional izendatzeko izapideak ahalik eta azkarren egiteko eskatu dio sindikatuak Kirol Kontseilu Nagusiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.