2022ko buruz buruko finala Nafarroa Arenan jokatuko da

Maiatzaren 29an izango da partida, 3.000 eserlekuko pilotalekuan. Masters torneoko bi finalerdiak eta finala ere bertan jokatuko dira

2018ko Masters torneoko finaleko partida, Nafarroa Arenako pilotalekua jendez lepo beteta dela, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Nafarroa Arenako frontoia ari da pilota munduan bere tokia egiten, apurka-apurka. Esku Pilotako Enpresen Ligak (EPEL) atzo baieztatu zuen 2022ko Buruz buruko Txapelketako finala Nafarroa Arenan jokatuko dela, lehendabizikoz. Maiatzaren 29an jarri dute finala, eta partida atzeratzeko aukerarik ez da egongo. Akordioa pilota enpresak eta Nafarroa Arena kudeatzen duen NICDO enpresa publikoak itxi dute.

Orotara, Lehen Mailako lau partida jokatuko dira Iruñeko pilotalekuan: buruz buruzko finalaz gain, Masters torneoko bi finalerdiak —irailaren 30ean— eta finala —urriaren 2an—. Rebeca Esnaola Nafarroako Kultura eta Kirol sailburuak pozik mintzatu zen akordioa iragarri zuten aurkezpenean: «Buruz buruko finala Nafarroan jokatzeko aukera izatea oso pozgarria da; pilotarieneta pilotazaleen artean sekulako grina pizten baitu topaketa honek. Gure lurraldean ere zaletasun handia dago eta oraingo honetan, etxean bizitzeko aukera izango dugu».

Inaxio Errandonea Aspe enpresako zuzendari komertzialak bide beretik jo zuen, eta onartu pilotarientzat albiste «oso ona» dela, finalak gero eta frontoi gehiagotan jokatzeko aukera egoteagatik. «Orain arte, finalak Gasteiz, Donostia edo Bilbon jokatu baitira». Baiko enpresako zuzendari Unai Iglesiasek, bestalde, esan zuen finala Nafarroan jokatzea «berezia» izango dela, «pilotari nafar askok irabazi baitute buruz burukoa». Azkenik, Mocho Urdain NICDO enpresa publikoko kudeatzaileak «eskertza» adierazi nahi izan zien EPELi eta Nafarroako Gobernuari, txapelketa nagusi bateko finala Nafarroa Arenara ekartzeko erakutsitako prestutasunagatik: «Horrelako partida bat hemen jokatzeak gainerako ekitaldiak erakartzeko ere baliagarri izan daiteke, Masterseko finalerdia eta finala, kasu».

Nafarroa Arena pilotalekuak 2018an ireki zituen ateak lehendabizikoz, zazpi urtez inauguratua izateko zain egon eta gero. Masters torneoko finalarekin estreinatu zen, eta pilotalekuak dituen 3.000 eserleku bete zirela ikusita, urte horretako lau eta erdiko finala bertan jokatzea erabaki zuten, baita 2019koa ere. Horrez gain, emakumezkoen Nafarroako Txapelketako finala ere jokatu zen uztailean.

Binakako partidak, gaur

Asteburu honetan Binakako Txapelketako bigarren jardunaldiko partidak jokatuko dira. Gaur, Laso-Imazek eta Peña II.a-Albisuk elkarren aurka jokatuko duteIruñeko Labriten (17:15, ETB 1). Bi bikoteak txapelketako lehendabiziko partida irabaztetik datoz. Elezkano II.a-Zabaleta eta Irribarria-Rezusta aurrez aurre ariko dira bihar (17:00. ETB 1), Azkoitian (Gipuzkoa). Bi bikote horiek ere lehen puntua bildu zuten aurreneko neurketan. Altuna IIIa.-Martijaren eta Ezkurdia-Tolosaren arteko norgehiagokak itxiko du jardunaldia, astelehenean, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan. Beste bikoteek ez bezala, hutsean dute euren zakua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.