Pasaportea zigilatzea dute estreinako lana

Realak Cadiz hartuko du; irabazita, Europarako sailkatuko da hirugarrenez segidan. Imanolek deialdian sartu ditu Karrikaburu eta Lobete

Realeko Sorloth eta Rafael jokaldi bat lotu nahirik, Betisen aurkako partidan. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Realak Europan aritu nahi du datorren sasoian ere. Aurreko bi aldietan egin bezala, kontinentean barrena bidaiatzeko xedea du. Horretarako, bi bide ditu argien: Europa ligakoa eta Konferentzia ligakoa. Norabide bat hartu aurretik, ordea, pasaportea zigilatu behar da abiapuntuan.

Anoetan eskura dezake sailkapena, gaur arratsaldean. Donostiarrek Cadiz hartuko dute, eta, irabazita, Europarako urratsa egingo dute. Hori ziurtatzea da estreinako lana; beste bi jardunaldietan erabakiko da Europa ligan edo Konferentziakoan ariko diren.

Realak lehendabizikoan egin nahi du, txapelketa garrantzitsuagoa baita. Hori lortzeko, ezinbestekoa du seigarren postuari eustea gelditzen diren hiru norgehiagoketan. Iragan jardunaldian galdu eta gero, hiru puntuak bildu nahi ditu gaur; hartara, lorpena bideratuta joango da Vila-realera —hura da zazpigarren sailkatua—, igandean.

Ordea, Cadizek ez ditu gauzak erraz jarriko. Estu dabil, eta jaitsiera postuak saihesteko lehia betean. Mailari eusteko muga-mugan dago, eta irabazteko behar gorria du. Hargatik, Imanol Alguacil Realeko entrenatzailea ez da kontrarioaz fio: «Nahiz eta izenik ez eduki, oso zaila izango da. Bere partidetan erakutsi du kontrario zaila dela».

Izan ere, Imanolen esanetan, Cadizek hobera egin du Sergio Gonzalez teknikari duenetik: «Sergiok ikaragarri aldatu du taldea, eta orain oso bestelakoa da. Ondo egiten du presiora, eta azkar biltzen da baloia galtzen duenean. Patxadaz defendatzen du atzealdean, eta trantsizioetan ikaragarria da». Gaineratu zuen Realari bere jokoa egitea komeni zaiola haiei aurre egiteko.

Ate aurreko kamustasuna

Realak Europa du jomugan, eta Cadizen aurkako neurketa «historian arrastoa uzteko momentua» da, Imanolen iritziz. Irabazita, Realak hirugarren urtez segidan lortuko du nazioarteko txapelketetarako sailkatzea. Garaipena lortzeko, baina, ezinbestekoa da gola sartzea, eta hori da txuri-urdinen lasta. Joko onari golak gehitu ezinda ari dira donostiarrak: «Horretarako gai ez bazara, alferrikakoa da aukera asko sortzea», adierazi zuen prestatzaileak.

Realak taldeko aurrelari nagusietako bat faltako du: Alexander Isak. Suediarra zigortuta dago, txartel horien zikloa osatu duelako. Hura ordezkatzeko, Julen Lobete eta Jon Karrikaburu deitu ditu Imanolek. Azken horren inguruan mintzatu zen entrenatzailea: «Zerbait berezia du, eta hori badaukazu edo ez daukazu: gola da».

Helburu hori lortzeko deitu ditu harrobiko bi aurrelariak, nahiz eta bigarren taldekoei «kostatu» egiten zaien «lehen taldearen erritmoari eustea».

Isakez gain, Robin Le Normand ere faltako dute txuri-urdinek. Atzelariak ere bosgarren txartel horia ikusi zuen joan zen asteburuan, eta jokatu ezinda geratuko da. Hala, eten egingo da bretoiaren bolada luzea; orain artean, Espainiako ligan minutu guztiak jokatu dituen zelaiko jokalari bakarra izan da. Jon Pachecok edo Aritz Elustondok hartuko dute haren tokia.

Edonork jokatuta ere, Realekoek alde dituzte aurrekariak. Cadizek hemezortzi bider jokatu du Donostian, eta behin bakarrik irabazi du: 1940. urtean izan zen hori, lehendabiziko aldian. Ordutik, lau aldiz berdindu dute, eta etxekoak nagusitu dira gainontzeko hamahiru partidetan. Gaurkoan ere hala eginez gero, Europako saria lortuko du Realak. Horrek garrantzia gehitzen dion galdetuta, Imanolek argi du: «Niretzat, Realaren partida bakoitza final bat da, eta Cadizen aurkakoa ere bai».

REALA-CADIZ
Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Pacheco, Rico; Zubimendi, Silva, Merino, Rafael; Portu, eta Sorloth.
Cadiz. Ledesma; Akapo, Luis H., Chust, Espino; S. Emeterio, J. Mari, Alex, Salvi; Sobrino,eta Choco.
Epailea. Martinez Munuera.
Lekua. Anoeta (39. 500 ikusle).
Ordua. 19:00 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.