BERRIA Txapelketa

Ez daude barkatzeko

Doneztebeko Errekak eta Lazkaoko Lapkek irabazi egin dute XVII. Berria Txapelketan, eta elkarren kontra ariko dira final-laurdenetan

Beñat Zubizarreta, Lazkaoko Lapkeko Gazte mailako aurrelaria. JON URBE / FOKU.
jon eskudero
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Final-zortzirenetako lehen bi kanporaketetan gertatu bezala, joan den asteburuan ere zerrendaburuek ez dute hutsik egin XVII. Berria Txapelketan. Oraingoz, indartsu agertzen ari dira, eta igandean Doneztebeko Errekak eta Lazkaoko Lapke-k eskuratu zuten final-laurdenetarako sailkapena. Nafarrek gogotik sufritu behar izan zuten Zaratamoko Upo Mendiri irabazteko; gipuzkoarrak hiru partidak irabazita nagusitu ziren Markinaren aurrean. Horrenbestez, final-laurdenetako kanporaketan elkar ikusiko dute Errekak eta Lapke-k.

ZARATAMO
Erreka (Doneztebe) 2
Upo Mendi (Zaratamo) 1


Izerdia latz bota behar izan zuen Errekak Upo Mendi mendean hartzeko, igande goizez, Zaratamoko pilotalekuan (Bizkaia). Etxekoek ezin izan zuten nagusitu, nahiz eta jaialdiko lehen partida aise irabazi. Kadeteen mailan 22-1 irabazi zuten Upo Mendiko Elorzak eta Gomezek Errekako Oiartzabal eta Jimenezen aurka. Partidak ez zuen kolorerik izan, eta batez ere sakearekin min egin zuen aurrelari bizkaitarrak. Askoz estuagoa eta hobea izan zen gazteena. Erabakigarria izan zen, gainera. Faborito atera ziren Errekako Apezetxea eta Agesta, baina oso justu irabazi zieten Upo Mendiko Iglesias eta Elortzari: 22-19. Hobeto hasi ziren bizkaitarrak, eta hamazazpinako berdinketara arte irekita mantendu zuten lehia. Baina Apezetxeak hartu zuen aginte makila, eta, haren lanari esker, nafarrek irabazi zuten.

Horiek hala, nagusien esku geratu zen guztia, eta Errekako Barandiaranek eta Cuairanek ez zuten hutsik egin. Presioarekin jokatzen badakitela erakutsi, eta 22-12 irabazi zieten Upo Mendiko Iglesias eta Gartziari. Hasieratik oso nagusi izan ziren nafarrak, eta Cuairanen joa eta Barandiaranen abilezia nagusitu ziren.

HERNANI
Lapke (Lazkao) 3
Markina 0

Errazago lortu zuen hurrengo faserako sailkapena Lazkaoko Lapke elkarteak, hiru partidatik hiru irabazi baitzizkion Markinari, igande arratsaldez, Hernanin (Gipuzkoa). Kadeteetan, Izagirrek eta Ibarluzeak 22 eta 11 menderatu zituzten Egurrola eta Calvo. Emaitzak adierazi baino askoz partida gogorragoa izan zen, ordubete baino gehiagoz aritu baitziren jo eta ke lau pilotariak. Baina gipuzkoarren sendotasunak ez zuen pitzadurarik izan. Opari oso gutxi egin zituzten. Gazteen arteko lehiak ez zuen kolorerik izan, Lazkaoko Zubizarretak eta Telleriak 22 eta 2 irabazi baitzieten Markinako Ibarloza eta Alvarezi. Maila horretan dagoen aurrelaririk onenetakoa da Zubizarreta, eta haren jokoari aurre egin ezinda ibili ziren bizkaitarrak.

Dena erabakita zegoela jokatu zuten nagusiek, eta lazkaotarrek irabazi egin zuten hirugarren partida ere. Senar eta Garmendia 22 eta 11 nagusitu ziren Agirreamalloa eta Ibarlozaren kontra. Txapelerako hautagai sendoa dela erakutsi zuen Lapke elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.