Bostekoa eman diote elkarri

Larunbat honetan hasiko da BERRIA Erremonte Txapelketaren hirugarren ekitaldia, eta apirilaren 8an jokatuko dute finala. Lau erremontistek estreinakoa egingo dute

BERRIA txapelketa jokatuko duten erremontistak eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, atzo, Galarretan egindako aurkezpenean. MAIALEN ANDRES.
Julen Etxeberria.
2023ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Bostekoa eman diote elkarri aurten BERRIAk eta Oriamendi 2010 erremonte enpresak. Bosgarren urtea dute eskutik, erremontea sustatzea helburu hartuta. Lankidetza hitzarmen horren fruitu izan da 2019an eta 2022an elkarrekin antolatutako BERRIA txapelketa. Erremontista gazteenek jokatu zuten: lehen ekitaldian, Imanol Ansak eta Josu Arruartek irabazi zuten txapela; bigarrengoan, berriz, Kemen Aldabek eta Oier Apezetxeak. Arrakastatsuak izan ziren bi txapelketa horiek, eta, horregatik, Oriamendik eta BERRIAk hirugarren ekitaldia antolatu dute. Atzo aurkeztu zuten, eta ordezkariak pozik azaldu ziren berriz ere elkarrekin aritzeagatik.

Larunbatean hasiko da lehia, Hernaniko Galarreta frontoian (Gipuzkoa), eta toki berean amaituko da, apirilaren 8an. Egun horretan jokatuko dute finala.

Sei bikote ariko dira, bi multzotan banatuta: A multzoan, Ander Goikoetxea eta Aitor Aiestaran, Oscar Urrutia eta Apezetxea, eta Urtzi Gurrutxaga eta Ibon Zaldua egongo dira; B multzoan, berriz, Julen Loitegi eta Aritz Eskudero, Aitor Zaldua eta Odei Arregi, eta Jon Irazu eta Aritz Zubiri. Multzo bakoitzeko hiru bikoteek elkarren aurka jokatuko dute hurrengo lau larunbatetan: martxoaren 4an, 11n, 18an eta 25ean. Lehen egunean hauek izango dira partidak: Goikoetxea V.a eta Aiestaran Gurrutxagaren eta Zaldua I.aren aurka; eta Loitegi eta Eskudero Irazuren eta Zubiriren kontra. 16:30ean hasiko da jaialdia.

Egindako tantoen arabera lortuko dituzte puntuak, sailkapenerako: irabaziz gero (35 tanto), lau; 32tik eta 34ra tanto lortuz gero, bi; 29tik 31ra lortuz gero, bat; 23tik 28ra lortuz gero, batere ez; eta 22 edo gutxiago lortuz gero, puntu bat kenduko zaie. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan, apirilaren 1ean: A multzoko lehena B multzoko bigarrenaren aurka, eta B multzoko lehena A multzoko bigarrenaren kontra. Irabazleek finala jokatuko dute.

Erremonteak erakarri egiten du oraindik. Hala, lau erremontistek debuta egingo dute: Gurrutxagak, Irazuk, Aiestaranek eta Eskuderok. Lehen biak aurrelariak dira: Gurrutxaga Aizarnazabalgoa da (Gipuzkoa), eta 22 urte ditu; Irazu, berriz, Adunakoa da (Gipuzkoa), eta 23 urte ditu. Aiestaran eta Eskudero, ordea, atzelariak dira: Hernanikoa (Gipuzkoa) da lehena, eta 25 urte ditu; eta Andoaingoa da bigarrena (Gipuzkoa), eta 28 urte ditu. Berri oso ona da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.