Lehen biak, pozez gainezka

Aurelien Paret-Peintrek irabazi du Italiako Giroko laugarren etapa, eta Andreas Leknessund jarri da lider. Faboritoek ez diote elkarri eraso egin

Lehen biak, pozez gainezka.
Julen Etxeberria.
2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Pozez gainezka zeuden Aurelien Paret-Peintre (Ag2r) eta Andreas Leknessund (DSM) atzo Italiako Giroko laugarren etapa bukatu berritan. Paret-Peintrek bere kirol ibilbideko garaipenik handiena lortu berri zuen: etapa bat itzuli handi batean. Bi garaipen besterik ez zuen lortuak sei urtean, baina biak lasterketa apaletan; ezer ez Giroan irabaztearekin alderatuta.

Pozarren frantziarra, eta pozarren Leknessund. Elkarrekin ihesean iritsi, eta Remco Evenepoeli (Soudal) bi minuturen aldea aterata, hark jantzi zuen maglia arrosa. Haren kirol ibilbideko lorpenik handiena ere bada. 23 urte bakarrik ditu, baina lau urte daramatza jada profesionaletan, eta palmares nahiko betea du. Erlojuaren aurka nabarmendu izan da, baina ez du modalitate horretan lortu haren garaipenik sonatuena: iaz izan zen, Suitzako Itzuliko bigarren etapan. Maila nagusiko proba da, baina txiki geratzen da Giroarekin konparatuz gero. Gainera, hurrengo etapak zailtasun handikoak ez direla kontuan hartuta, itxura du egun batzuetan gozatuko duela liderra izateaz. 28 segundo ateratzen dizkio Evenepoeli, eta 30 Paret-Peintreri.

Norvegiarra eta frantziarra eguneko ihesaldian izan ziren beste bost txirrindularirekin batera. Lan egin behar izan zuten tropelaren zaintza atzean uzteko. Eraso festa izan zen hasieratik, baina kilometro asko pasatu behar izan ziren ihesaldi ona osa zedin; etaparen erdira arte ia. Zazpi txirrindularik egin zuten aurrera, eta sei minutu pasatxoko aldea lortu zuten. Evenepoelen taldeak utzi egin zien joaten, azken igoerarako indarrak gordetzeko. Borroka espero zen Colle Molella Bigarren Mailako mendatean. Ez zen oso gogorra, baina min egin zezakeen, eta aldeak egin. Baina ez zen halakorik gertatu, faboritoen artean inork ez baitzuen ahaleginik egin. Horri esker jantzi zuen maglia arrosa Leknessundek. Ez dirudi Soudali asko axola dionik; mesede egingo dio indarrak gordetzeko, beharko baititu.

Atzokoaren aldean, lasaiagoa dirudi gaurko etapak, bosgarrenak. Gorabeheratsua da ibilbidea, baina azken 40 kilometroak maldan behera dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.