Xehetasun txikietan dago txapela

Altuna III.ak eta Elordik antzeko pilotak hautatu dituzte finalerako. Jaurlaritzak dopin kontrola egin die finalistei. 215 sarrera gelditzen dira

Jokin Altuna, pilota batekin jolasean, Aitor Elordi aukeraketa hastear zegoen unean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Xehetasun txikien finala izango da etzikoa. Jokin Altunak eta Aitor Elordik bat egin dute pilota aukeraketaren ondoren egindako analisian, eta esan dute ñabardura gehien kontrolpean duenak irabaziko duela. Finala mikroskopioan jarri, eta biek ala biek nabarmendu dute hasierak berebiziko garrantzia izango duela, eta Bilboko pilotalekuak ezaugarri bereziak dituela. Pilotak aukeratzeko garaian, ondo azaldu dute zer pilota mota zeuden saskian, eta sakea egitean zer-nolako eragina izan dezaketen.

Lasai mintzatu ziren biak atzo Bizkaia pilotalekuan eginiko pilota aukeraketaren ondoren; besteak beste, gustura gelditu zirelako. Altunak 105,6 gramoko pilota bat eta 104,8 gramoko beste bat hautatu zituen; Elordik, berriz, 105,5 eta 104,7 gramokoak. Ezaugarriei dagokienez, «antzekoak» direla esan zuten. Elordik, baina, zehaztu zuen «pilota horixkak eta zuriak» zeudela sortan, bosna, hain zuzen ere. Eta zein da haien arteko aldea? Horrela azaldu zuen: «Larru horixka dutenak aproposak dira erasoan aritzeko; lurrean asko ibiltzen dira. Min handia egin daiteke. Zuriak, ordea, gehiago irteten dira, eta motelxeagoak dira».

Elordik horixka horiekin egin ditu partida hasiera bikainak txapelketan. Altunak hori goratu, eta hori eragozten saiatuko dela aurreratu zuen: «0-6 galtzen hasteko prest nago. Elordik abiadura handia ematen dio pilotari, eta, pilotek oraindik grazia dutenean, oso arriskutsua da». Gainera, onartu zuen ez dela fio aurkariaz, eta antzeman diola «lan handia» egiten duela aurretik: «Nik Lasori bi tanto egin nizkion jarraian zabalera sakatuz, eta berak gauza bera egin zion. Oso ondo prestatzen ditu partidak taktikoki».

Ligaxkako elkarren aurkako partida Eibarren (Gipuzkoa) jokatu zuten, eta etzikoa Bilbon izango da. Bada aldea bi pilotalekuen artean. Altunaren ustez, Eibarren «min handiagoa» egin daiteke erasoan, eta Bilbon «partidek luzatzeko joera» dute. Elordik beste ezaugarri bat nabarmendu zuen: «Kantxak ez du sarerik goian; pilotakada nahi beste lora daiteke. Horrek mesede egiten dit».

Musika tantoen artean

Kiriorik ez dute sumatu oraindik. Bereziki deigarria da Elordiren patxada, lo egiteko arazorik gabe baitabil. Altunak onartu zuen aurkaria «gozatzen» ikusi duela, eta hori dela gakoetako bat. Era berean, haren aldarri polita egin zuen: «Elordi, azken bi urteetan, Lehen Mailako pilotarien maila ematen ikusi dut Bigarren Mailako txapelketetan. Aukera oso gutxi izan ditu bere ibilbidean, eta izan duen aurrenekoan atea bota du». Elordik loreak itzuli zizkion. Ulertzen du aurkaria izatea faborito: «Altuna delako da faboritoa. Normala da hori, baina ni ez naiz hura baino gutxiago sentitzen».

Finalean giro ona egongo da. 215 sarrera daude oraindik salgai, erdiak inguru kantxako harmailako atzealdean. Azken finaletan saltzeko gelditu izan dira, eta 120 euroan egoteak ez du lagunduko. Finalean musika egongo da tanto artean, Altunari asko gustatu ez arren. Jendetza espero da Amezketatik (Gipuzkoa) eta Mallabiatik (Bizkaia). Mallabian hiru autobus antolatu dituzte, eta Altunak ongietorria eman zien: «Nire eta Elordiren zaleak bikain moldatzen dira. Haren zaleek nire tantoak txalotuko dituzte, eta nireek harenak. Ziur goizean giro bikaina egongo dela Bilbon».

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak mediku bat bidali zuen dopin kontrola egitera. Ezohikoa da aukeraketetan agertzea. Ondoren pasatu zuten finalistek. Binakako finalaren ingurumarian ez zuten kontrolik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.