Lehengo lepotik burua

Tolosak eta Doneztebeko Errekak hautagaitza aurkeztu dute Berria txapelketa irabazteko. Elkarren aurka ariko dira final-laurdenetan

Goian, Amiano, Tolosakoa; behean, Mikelarena, Errekakoa. JON URBE / FOKU.
jon eskudero
2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Urteak dira pilota afizionatuaren gailurrean dabiltzala Tolosa eta Doneztebeko Erreka, eta lana fruituak ematen ari zaiela erakutsi dute beste urte batez. Izan ere, maila bikaina azaldu, eta arazorik gabe egin dute aurrera Berria Txapelketan. Tolosarrek lehen bi partidetan erabaki zuten kanporaketa Tafallako Peña Pilotazaleren aurrean, eta doneztebearrek ere ez zuten asko sufritu beharrik izan Astigarragako Mundarro garaitzeko. Hala, bi elkarte handi horiek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak final-laurdenetan.

HERNANIN
Tolosa 2 - P. P. San Sebastian (Tafalla) 1

Espero bezala abiatu zuen kanporaketa Tolosak, kadeteen mailan emaitza bikaina lortuta. Euskal Herriko txapeldunak dira Amiano-Sodupe, eta 22-5 irabazi zieten Tirado-Peñalverri. Nafarrak gogotik saiatu ziren haize kontra joaten, baina bi bikoteen artean zegoen aldea handiegia zen. Sodupek ongi luzatu zuten pilota ezker eskuin, eta Amianok denetariko tantoak egin zituen aurrean. Etorkizunari begira, ongi erreparatu beharko zaio pilotari horri. Gazte mailan ere emaitza berarekin irabazi zuten gipuzkoarrek, 22-5 nagusitu baitziren Altuna-Etxeberria Pernaut anaien kontra. Lehiarik gabeko partida bat izan zen, izerdi tanta bat botatzerako dena erabaki baitzuten irabazleek: 8-0 eta 15-3. Etxeberriak erakutsi zuen trebea dela bi eskuekin, eta Altunak ez zituen alferrik galdu aurrean hartutako aukerak. Jokin Altuna lehengusuaren gisan, tanto ederrak eskaini zituen.

Nagusien lehia hasterako, dena erabakita zegoen, baina nafarrak ez ziren burumakur kantxaratu, eta ohorezko puntua eskuratu zuten. Ruiz-Peñas 22-16 nagusitu ziren Elola-Telletxearen aurka. Hasiera gogor joan zen, baina, bederatzinakotik aurrera, gehiago izan ziren Tafallakoak. Peñas sendoago ibili zen Telletxea nekatu zenean, eta Ruizek erakustaldia eskaini zuen. Lehen parte hartzea izanagatik, lan bikaina egin du Tafallako elkarteak. Tolosak, berriz, erakutsi du txapeletik oso gertu ibiliko dela.

ASTIGARRAGAN
Erreka (Doneztebe) 2 - Mundarro (Astigarraga) 1

Podiumaren goiko koskara igotzeko beste hautagai nagusia Erreka da. Hori bai, kanporaketa ez zuen ongi hasi Astigarragako Mundarroren aurka, lehen partida aise galdu baitzuen. Mikelarena-Telletxeak 22-4 galdu zuten Mujika-Lizeagaren kontra. Ziurrenik, Lizeaga bera izango da kadete mailako atzelaririk onena, eta hark egin zuen aldea. Sekulako joa erakutsi zuen, eta aurkariak ez ziren gai izan ezer egiteko. Alderantzizkoa gertatu zen gazte mailan, eta Doneztebeko Loiarte-Agirrek 22-8 irabazi zieten Larrañaga-Urdangarini. Hori bai, gipuzkoarrak 5-0 aurreratu ziren. Hori ikusita, estrategia aldatu eta postua aldatu zuten nafarrek. Bete-betean asmatu zuten, jokoa atzera kargatuta garaipen erosoa lortu baitzuten.

Azken partidak erabakiko zuen guztia. Salaberria-Mariezkurrena ziren Errekako ordezkariak, eta Loidi-Santxez Mundarrokoak. Harmailak lepo ziren, zaleen artean emozioa baitzegoen, baina partidak ez zuen kolorerik izan. 22-5 irabazi zuten nafarrek. Mariezkurrena oso nagusi izan zen atzean, eta Salaberriak jarraipena eman zion azken bolada onari. Gipuzkoarrek, ordea, ohi baino okerrago jokatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.