Espainiako Vuelta

Begiratokitik ere ez da zeru ertza ikusten

Roglicek etapa eta lidergoa lortu ditu Vueltako erlojupekoan, baina Carapaz eta Carthy ez ditu askorik urrundu. 47 segundoren barruan dira

Begiratokitik ere ez da zeru ertza ikusten.
enaut agirrebengoa
2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Ezaroko erlojupeko saioari etekina ateratzeko moduan zen Primoz Roglic (Jumbo Visma). Hala zioten iragarpen gehienek, eta bete egin ziren: Vuelta honetako laugarren etapa irabazi, eta elastiko gorria soineratu zuen txirrindulari esloveniarrak. Erdizka gelditu zen, ordea, ez baitzituen espero bezainbeste urrundu aurkariak. Duin aritu ziren Richard Carapaz (Ineos ) eta Hugh Carthy (Education First), eta eutsi egin zioten Roglicen kolpeari. Ekuadortarrak ezin izan zuen lidergoa defendatu, baina galera ez zen hainbestekoa izan: 49 segundo galdu zituen, eta, hala, 39ra gelditu da sailkapenean. Carthyk, berriz, saio harrigarria egin zuen, eta Roglicek 25 segundo baino ez zizkion atera. Hura ere gertu gelditu da sailkapenean, 47 segundora. Edozer gauza gerta daiteke oraindik.

Ibilbide bitxia zuen etapak. Lehen 31 kilometroak lauak ziren, baina bukaeran 1,8 kilometroko horma bat zuten, Ezaroko begiratokira iristeko. Pendiza %14koa zen batez beste; beraz, bizikletaz aldatu eta berotua hartu beharra zegoen. Espezialisten artean, Remi Cavagnak (Deceuninck) ezarri zuen aintzat hartzeko moduko lehen denbora: 47.37. Hortik apur batera, Nelson Oliveirak (Movistar) 48 segundo ondu zuen frantziarraren marka. Oso goian zegoen langa, baina gainditu egin zuen Will Bartak (CCC). Portugaldarrarekin berdinduta egon zen tarteko mugarrietan, eta bederatzi segundo atera zizkion amaierako aldapan.

Ez zirudien faboritoek Bartaren garaipena ezbaian jarriko zutenik. Roglic kapaza izan zitekeen, baina ordekan espero baino erreferentzia okerragoak izan zituen. Esaterako, lehen mugarrian bosgarren izan zen, Carthyrengandik bi segundora. Hurrengoan jada haren aurretik zegoen, baina segundo bat baino ez zion ateratzen. Carapaz, berriz, duin ari zitzaion eusten lidergoari: 19 segundo zituen galduak Roglicekin 24. kilometroko mugarrian. Alabaina, esloveniarra izan zen indarrak hobekien erregulatu zituena, zerbaitegatik da espezialista, eta estutu egin zuen azken txanpan. Garaipena ospatzen hastekotan zegoen Barta, baina hura baino segundo bat azkarragoa izan zen Roglic. Beste etapa bat zakura, eta elastiko gorria berriz soinera.

Berea egin zuen bakarka, Tourrean ez bezala, eta pozik agertu zen egindako lanarekin: «Oso polita izan da, aspalditik bainengoen erlojuaren kontra irabazi gabe. Indartsu sentitu naiz, eta sentipen onak izan ditut». Hori bai, orpoz orpo ditu Carapaz eta Carthy, eta kate motzean lotu beharko ditu datozen etapetan.

Bestelakoan, ez du mehatxu handirik, urruti gelditu baitira gainontzeko hautagaiak. Dan Martinek (Israel) 1.17 galdu zuen, eta lidergoa 1.42ra du jada. Hirugarren postua, berriz, ia minutu batera urrundu zaio. Nahiko garbi dago nortzuk igoko diren Madrilgo podiumera. Bertan izatea zuen helburu Enric Masek (Movistar), baina nekez lortuko du, atzo 1.43 galdu eta gero. Bosgarren jarraitzen du, baina podiuma 2.36ra gelditu zaio, eta 3.23ra lidergoa. Bitxikeria gisa, autotik eman zioten igoerarako bizikleta, eta egokitutako eremutik kanpo egin zuen aldaketa.

Euskal herritarren artean, Gorka Izagirrek (Astana) egin zuen lanik txukunena: 38. izan zen, 3.07ra. Mikel Nieve (Mitchelton), berriz, 63. postuan sailkatu zen, 4.47ko atzerapenarekin. Horrenbestez, asko zaildu zaio lehen hamarren artean sartzea.

Lasterketako etaparik luzeenetan bigarrena jokatuko da gaur, Lugo eta Ourense (Galizia) artean: 204 kilometrokoa. Txirrindulariek muino ugari eta hirugarren mailako hiru mendate ere igo beharko dituzte. Gainera, azken kilometroak %6,5erainoko pendiza izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.