Zortzi onenek jarraituko dute txapelketan

Gazteleku eta Tolosa sailkatu dira XVII. Berria Txapelketako final-laurdenak jokatzeko. Garai-Gaminde finalean dira

Tolosak final-laurdenak jokatzeko urratsa egin du. BERRIA.
jon eskudero
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Asteburuan ere, gizonezko zerrendaburuek ez dute hutsik egin XVII. Berria Txapelketan. Besteak beste, Andoaingo Gaztelekuk eta Tolosak arazorik gabe gainditu dituzte kanporaketak, eta elkarren kontra jokatuko dute final-laurdenetan. Hurrenez hurren, Azkoitiko Oteiza eta Galdakaoko Adiskideri irabazi diete. Emakumeei dagokienez, bigarren finalerdia ere jokatu da, eta Leire Garaik eta Enara Gamindek eskuratu dute finalerako sailkatzea.

ANDOAIN
Gazteleku 2
Oteiza 1


Kanporaketa orekatuagoa espero zen Andoaingo Gaztelekuren eta Azkoitiko Oteizaren artean, baina azkoitiarren huts pare batek lanak asko erraztu zizkieten andoaindarrei. Etxean jokatzearen abantaila ederki baliatu zuten azken horiek. Kadeteetan, goi mailako partida ikusi ahal izan zuten pilotazaleek, eta Gaztelekuko Zestau eta Segurolak 22-14 irabazi zieten Oteizako Aldazabali eta Egañari. Lau pilotari onek jokatu zuten, baina Segurola izan zen onena. Gazte mailan ere Gaztelekuk eskuratu zuen garaipena, Gaztañagak eta Belokik 22-8 menderatu baitzituzten Etxaniz eta Juaristi. Maila horretako atzelaririk onenetakoa da Beloki. Epelak eman zizkion pilotari, eta haren agintea ongi baliatu zuen Gaztañagak aurreko koadroetan.

Dena erabakita zegoen nagusien partida jokatzerako, baina, halere, jaialdiko partida onena eskaini zuten Eskudero-Usandizaga andoaindarrek eta Oteiza-Juaristi azkoitiarrek. Tentsiorik ez, eta errematera bideratu zuten jokoa, eta tanto onak ikusi ahal izan ziren aurrean. Lehia berdinduaren ostean, tanto batengatik eskuratu zuten garaipena azkoitiarrek.

HERNANI
Tolosa 2
Adiskide 1


Andoaindarrek egin bezala, tolosarrek ere lehen bi partidetan erabaki zuten kanporaketa, Galdakaoko Adiskideren aurrean. Kadeteetan ez zen lehia handirik izan, eta Tolosak eta Castrok 22-5 irabazi zieten Ereño eta Gomezi. Pronostikoak bete ziren partida horretan, baina ez zen espero gazte mailan bide bera hartuko zuenik gidoiak. Neurketa gogorra eta orekatua aurreikusten zen Tolosako Amundarain-Gabirondo eta Adiskideko Ariznabarreta-Arroitaren artean. Ordea, bizkaitarrek euren mailatik oso behera jokatu zuten, eta 22-3 nagusitu ziren gipuzkoarrak. Amundarainek aurrean eginiko erremateak apartak izan ziren.

Horiek horrela, nagusiek ez zuten ezer izan jokoan, eta Adiskidek ohorezko puntua eskuratu ahal izan zuen. Nahiz eta bi aurrelarirekin kantxaratu, Legorburuk eta Karregalek goi mailako partida jokatu zuten, eta merezita irabazi zieten Tolosako Labaka eta Albenizi (14-22).

ANDOAIN
Garai-Gaminde 22

Arraiza-Agirre 10

Emakumezkoen bigarren finalerdia ere jokatu zen igandean, Andoaingo pilotalekuan, eta Leire Garaik eta Enara Gamindek 22-10 irabazi zieten Miriam Arraiza eta Naroa Agirreri. Faborito ziren irabazleak, eta ez zuten huts egin. Berdintsu joan ziren lehen tantoak, baina Garaik motorrak berotu zituenean erabakigarri gertatu zen haren jokoa. Gaminde gazteak ongi lagundurik, sendo eta inspiratuta jokatu zuen Garaik, eta aurkariek ezin izan zuten ezer egin. Hala, Garaik eta Gamindek aurkari izango dituzte finalean Olatz Arrizabalaga eta Nora Mendizabal, hilaren 24an, Hernanin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.