Bata, betikoa; bestea, luzarorako etorria

Altunak eta Elordik esan dute «oso» gogotsu daudela finalerdietan elkarren aurka jokatzeko: batek zazpigarrena du jarraian; besteak, aurrenekoa

Aitor Elordi eta Jokin Altuna, etziko finalerdirako pilotak aukeratu berritan, atzo, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Bat Jokin Altuna da, betikoa: zazpigarrenez jarraian jokatuko du lau eta erdiko finalerdietan. Bestea, berriz, Aitor Elordi da: itxura du luzarorako etorri dela; jada jauzia egin du, final-laurdenetako ligaxkan aritu baitzen iaz, eta finalerdietan ariko baita aurten. Elkarren aurka jokatuko dute etzi, Bilbon. Finala dago jokoan.

Altunak sufritu egin du sailkatzeko: ligaxkako bigarren jardunaldian Peio Etxeberriaren aurka galdu izanak arriskuan jarri zuen azken bi ekitaldietako txapelduna. Baina Dario Gomezi nagusitasunez irabazita egin zuen aurrera. «Partida bat kenduta, txapelketa ona egin dut. Garrantzi handia ematen diot urteak joan eta urteak etorri ni hemen egoteari; sekulako ilusioa eta indarra ematen dit», esan zuen atzo, aukeraketan.

Azaldu zuenez, ez du izan «zalantzarik» bere jokoarekin, eta baieztapen horri indarra emateko nabarmendu zuen irabazi dituen sei txapeletatik bakarrean jokatu dituela partida onak hasi eta buka. «Oso txapeldun gutxik jokatu dituzte partida onak hasi eta buka. Beti duzu egun txarren bat. Peioren aurkakoa izan da nirea. Baina badakit halakoei buelta ematen. Orain, hutsetik hasiko gara».

Elordi goraipatu zuen: «Sekulako txapelketa egiten ari da. Min handia egiten ari da sakez eta boleaz, baina, batez ere, pilotari asko ematen ari da; atzean sartzen ari da aurkariak». Halere, zehaztu zuen egiten ari den txapelketagatik baino gehiago, haren «mailagatik» dela arriskutsua Elordi. Eredutzat jo zuen: «Egun, presa handia dago pilotariekin. Baina Aitor eredu da erakusteko pilotariei denbora emanez gero eta haiek lana eginez gero gora egin dezaketela. Oso ona da, oso arriskutsua; luzarorako etorri da».

Horregatik «motibatzen» du partidak, arerioa behetik gora datorrelako. Baita finalerdietan zazpigarrenez ariko delako ere. «Oso partida erakargarria da. Froga handia da. Lehia berezia izango da. Erabakigarria izango da egun ona izatea».

Gakoa: sinestea

Elordi ere jokatzeko irrikan dago. «Ia ezinezkoa zen hemen egotea. Ez nuen iaz baino okerrago aritu nahi; Jakari irabazi nahi nion bai edo bai. Hori lortuta, gozatu egin nahi nuen ligaxkan. Eta halaxe ari naiz: gozatzen. Presiorik gabe ari naiz, sasoiko nago, eta oso ondo prestatu naiz. Gainera, irabazten joan ahala, konfiantza handiagoz ari naiz; are gehiago izarrei irabazita. Orain, beste izar bati irabazi nahi diot: Jokini. Oso motibatuta nago. Dena ematera irtengo naiz».

Haren ustez, «denean» hobetu du: «Indarguneak sendotu ditut, eta ahulguneak hobetu. Pilotari osoagoa naiz. Lan handia egin dut. Pilotari gehiago ematen diodala? Lehen Mailako pilotak bizixeagoak dira. Gainera, pilota ondo sartzen ari zait eskuan. Fisikoki hobeto egoteak ere mesede egin dit».

Baina, batez ere, «buruz» hobetu duela iritzi dio. «Iaz ez nuen sinesten pilotari handiei irabaz niezaiekeenik. Orain bai; aurrerapausoa eman dut. Jokin estu hartzen dutenei irabazi badiet, zergatik ez diot irabaziko hari? Oso zaila da, espezialista handia baita, eta nik baino askoz eskarmentu handiagoa baitu. Baina, nirea egiten badut, aukera izango dut».

Sasoiz eta jokoz bete-betean aritu da orain arte, eta argi du horri eutsi beharko diola aukeraren bat izateko. «Motibazioz gainezka irten behar dut; beldur barik. Ezin dut oparirik egin; Jokinek ez ditu egingo. Sakearekin asmatu behar dut, pilotari abiadura eman, eta arriskatu; baina buruarekin. Kantxaren erdialdea bereganatzen duenak asko izango du irabazia. Zaila da defendituz nagusitzea, eta are eta zailagoa Jokinen aurka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.