Etxean geratu dira garaipenak

Zaratamoko Upo Mendi kluba eta Amezketako Zazpi Iturri eroso sailkatu dira Berria Txapelketako hurrengo faserako

Upo Mendiren eta Ataunen arteko kadeteen partida. Irudian Alberdi ageri da pilota jotzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jon eskudero
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Beste urtebetez abiatu du ibilia Berria Txapelketak, eta indartsu abiatu ere. Besteak beste, ostiralean jokatu ziren atariko kanporaketetako lehen bi lehiak, eta etxean aritu ziren taldeek ez zuten hutsik egin. Hain zuzen, Zaratamoko Upo Mendik 2-1 irabazi zion Atauni, eta emaitza berarekin garaitu zuen Amezketako Zazpi Iturrik Sestaoko Lagun Artea. Hortaz, bi garaileak final-hamaseirenetan izango dira. Upo Mendik LogroƱo Titin III.a elkarteari egingo dio aurre, eta Zazpi Iturrik, Burlatako Zugarralderi.

ZARATAMO
Upo Mendi (Zaratamo) 2
Ataun (Ataun) 1

Kanporaketa polita espero zen Zaratamoko pilotalekuan, eta bertan bildu ziren zaleek aski gauza politak ikusteko parada izan zuten. Gehiegi itxaron beharrik gabe, kadeteen arteko partidak piztu zuen zeresana. Gomezek eta Elorz II.ak ordezkatu zuten Upo Mendi, eta Alberdik eta Lopezek Ataun. Bada, Elorz II.a eta Alberdi maila horretako pilotari onenetakoak izaki, lehia bizia eta ona izan zen. Borrokatua izan zen hasiera, baina atzelari bizkaitarrak azkar markatu zituen aldeak. Elorz II.aren joari aurre eginda aritu ziren gipuzkoarrak; hots, bi pilotakada errebotera jo zituen. Alberdi ahalegindu zen aurrean jokoa nahasten, eta tanto onak eskuratu zituen. Ordea, azkenerako erraz irabazi zuen Upo Mendik: 22-9.

Emaitza hori tarteko, ataundarrek ezinbestekoa zuten bigarren partida irabaztea, eta ez zuten hutsik egin. Pronostiko guztiak hautsiz, Otaegik eta Contrerasek 22-14 menderatu zituzten Iglesias II.a eta Galan. Ez zen halakorik espero, baina irabazleek sendotasun erakustaldia eskaini zuten. Aparteko distirarik gabe, baina oso eraginkor jokatu zuten. Iglesias II.ak jokaldi interesgarriak egin zituen, baina galdutako pilotek kondenatu zuten. Gauzak hala, nagusien arteko lehiak erabakiko zukeen guztia, eta zabalik zegoen dena. Aurreikuspenen arabera lau pilotariak maila bertsukoak izanik, emozioa espero zen, baina Upo Mendiko Iglesias I.ak eta Elorz I.ak 22-11 irabazi zieten Ataungo Kerejetari eta Loidiri. Neurketak ez zuen misterio handirik izan, gauzak txukun egitea aski izan baitzuten bizkaitarrek puntu erabakigarria lortzeko.

AMEZKETA
Zazpi Iturri (Amezketa) 2
Lagun Artea (Sestao) 1

Atariko bigarren kanporaketan ere Bizkaiko elkarte bat eta Gipuzkoako bat lehiatu ziren, eta kasu honetan gipuzkoarrek irabazi zuten. Hori bai, ez zuten hasiera ederra izan, kadeteen arteko partidan aise nagusitu baitziren Sestaokoak. Lesio baten ondorioz, pilotari garrantzitsu baten hutsunea izan zuen Zazpi Iturrik, eta horrek erabat baldintzatu zuen norgehiagoka. Kolorerik ez zen izan, Lagun Artea-ko Perezek eta Quijanok 4-22 menderatu baitzituzten Zazpi Iturriko Karrera eta Karrera. Nahierara ibili ziren garaileak aurrean zein atzean. Kontuak aldatu ziren gazteen artekoan, dena den, gidoiak beste aldera egin baitzuen. Faborito ziren Armaolea eta Plazaola amezketarrak, eta 22-5 irabazi zieten Lagun Artea-ko Castillo eta Perezi. Aurrelari amezketarrak itxura dotorea eskaini zuen.

Nagusien esku zegoen guztia. Horrek erabakiko zuen dena.Presioari aurre ongi eginda, etxekoek ez zuten hutsik egin: Gorostidik eta Belokik 22-9 garaitu zituzten Sain de la Maza eta Jimenez. Bi taldeek ordezko pilotarien beharra izan zuten partida honetarako, eta egoera horretara hobeki moldatu ziren ziren amezketarrak.

Bada, asteburu honetan atariko beste bi kanporaketa jokatuko dira. Batetik, Iurretako Olaburu eta Azkoitia ariko dira aurrez aurre, eta, bestetik, Markina eta Zestoako Abantzu. Askoz gehiago izan zen Lagun Onak-eko bikotea, eta Prieto eta Morgaetxeberiak 22-1 irabazi zieten Picon eta Saezi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.