Albistea entzun

Urrutira iristeko bi hautagai

Azkoitiak eta Markinak talde erakustaldia emanda lortu dute Berria Txapelketako hurrengo faserako sailkatzea
Markinako taldeko pilotariak, igandean, Hernanin.
Markinako taldeko pilotariak, igandean, Hernanin. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Jon Eskudero -

2023ko martxoak 22

Zozketak hala erabakita, atariko kanporaketetatik abiatzea egokitu zaie Azkoitiari eta Markinari XVIII. Berria Txapelketan, baina erakutsi dute urrutira iristeko moduko taldeak dituztela. Hain zuzen, azkoitiarrek oso sendo jokatuta gainditu zuten etxean Iurretako Olaburu joan den ostiralean, eta markinarrek are sendoago menderatu zuten Zestoako Abantzu, igande arratsaldez. Hortaz, garaileen izenak kontuan hartzekoak izango dira aurrerantzean. Izan ere, aise iritsi dira final-hamaseirenetara.

IURRETA
Olaburu (Iurreta) 1
Azkoitia 2

Kanporaketa estua espero zen Olabururen eta Azkoitiaren artean, baina, bizkaitarrek etxean jokatu behar zutenez, faborito izaerarekin haiek kantxaratu ziren. Ordea, ez zuten asmatu aldetxo hori baliatzen. Oso interesgarri joan zen kadeteen arteko lehia. Interesgarri eta estu. Hasieratik aurrea hartu zuen Arregi eta Galartza Azkoitiko bikoteak: 4-8 eta 10-15. Atzelaria nagusi zen piloteoan, eta aurreko koadroetan ere lan duina egiten ari zen Arregi. Dena den, behetik gora egin zuten San Anton eta Atutxa bizkaitarrek, eta ederki estutu zituzten kontuak. Lanean oinarrituta, 19-20 hurbildu ziren, baina azkenean Azkoitiak lortu zuen puntua: 19-22.

Gidoiak kontrako norabidea hartu zuen gazteen arteko norgehiagokan. Serio eta langile jokatuta, erabat aurretik ibili ziren Bikandi eta Aldea iurretarrak (8-3 eta 15-7), eta bazirudien poltsikoan zutela berdinketaren puntua. Ordea, euren akatsek sartu zuten partidan Azkoitiko bikotea, Etxaniz eta Egañak osatua. Aparteko beharrik gabe, bere onetik atera zen Bikandi, eta garesti ordaintzetik gertu egon ziren. Halere, azkenean etxean geratu zen puntua (22-17).

Hortaz, nagusien esku geratu zen guztia, eta partida horretan ez zen kolorerik izan. Inunziaga eta Romero iurretarrek soilik bi tanto egin zituzten Oteiza eta Azkoitiaren kontra. Aurrelari azkoitiarrak nahierara jokatu zuen. Gauzak hala, Azkoitiak Logroñoko Titin III.a elkartea izango du aurkari final-hamaseirenetan.

HERNANI
Markina 3
Abantzu (Zestoa) 0

Aurtengo txapelketan orain arte inork eman gabeko talde erakustaldia eskaini zuen Markinak igande arratsaldez, Hernaniko pilotalekuan. Hiru partidetan jaun eta jabe izan ziren, eta oso pilotari interesgarriak kantxaratu zituen, gainera. Kadeteen arteko norgehiagoka izan zen jaialdiko interesgarriena. Zearra eta Ibarzabal markinarrek 22-8 irabazi zieten Uria eta Alonso zestoarrei, baina emaitzak ageri duena baino lehia estuagoa izan zen. Atzeko koadroetan nagusi izan zen Ibarzabal, baina aurrean tanto ikusgarriak egin zituzten biek. Tanto asko estuak izan ziren, baina garaipen erosoa eskuratu zuten bizkaitarrek.

Gazteen artekoan aparteko aldea egon zen bi bikoteen artean. Gaur-gaurkoz, beste maila batekoak direla ikusi zen, Markinako Alvarez eta Calvok 22-1 irabazi baitzieten Zestoako Lizarralde eta Agirreri. Hala, kontuak ongi erabakita zeuden nagusien partida hasterako, baina han ere oso puntu erosoa eskuratu zuten bizkaitarrek. Agirreamalloak eta Pujanak 22-4 menderatu zituzten Sasiain eta Alonso. Markinako aurrelariaren distira izan zen nabarmentzekoa.

Final-hamaseirenetako kanporaketan Najerino elkartearen aurka neurtuko ditu indarrak Markinak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Bizi nezakeen guztia bizi ostean noa; ezin dut gehiago eskatu»

Ainara Arratibel Gascon

Talde zuri-gorrian hamasei denboraldi egin eta gero, erretiroa hartzea erabaki du. 379 partida jokatu ditu, eta 162 gol sartu. «Bizitzan beste gauza batzuk egiteko ilusioa daukat orain», nabarmendu du. «Pozik, harro eta eskertuta» esan du agur.
Osasunako jokalariak Sadarren, Konferentzia ligarako sailkapena zaleen aurrean ospatzen. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Europara, txupinazo eta guzti

Beñat Mujika Telleria

Osasunak botako du txupinazoa sanferminetan, hamasei urteren ostean Europarako sailkatu dela eta
 ©BERRIA

Nafarroan bideak ixten ari dira

Ramon Olasagasti

Nafarroako Ingurumen Departamentuak zenbait eskalada eremutako ekipamenduak kentzeko eta bideak ixteko ebazpena atera du. Azken egunotan, gainera, beste eremu batzuetako bideak ere itxi ditu Madalenaitzen eta Meanon. Eskalatzaileak «oso kezkatuta eta haserre» daude.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.