Kanpoan, etxean bezala

Markinak nagusitasun handiz irabazi dio Lea Ibarrari, baita Lagun Onak-ek ere Bergarari

Torralba Zornotzako Lagun Onak klubeko kadeteen mailako aurrelaria, pilota jotzeko prest, joan den igandean, Bergaran. GORKA RUBIO / FOKU.
jon eskudero
2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Lehen jardunaldian eman zuen abisua, eta joan den asteburuan berretsi du: Markina Berria Pilota Txapelketa irabazteko faboritoetako bat da. Zestoako (Gipuzkoa) Abantzu hartu zuen mendean lehenbizi, eta Munitibarko (Bizkaia) Lea Ibarra final-hamaseirenetan, haren frontoian, eta berriro ere hiru partidetan gailenduta. Final-zortzirenetan dago jada.

Bizkaiko beste pilota elkarte bat sailkatu da: Zornotzako (Bizkaia) Lagun Onak. Arazorik gabe nagusitu da Bergaran (Gipuzkoa), etxeko taldearen aurka, eta hura ere onenen artean dago. Asteburuan hasiko dira final-zortzirenak. Bi kanporaketa jokatuko dira: LAPKE (Lazkao, Gipuzkoa) eta Irurtzun (Nafarroa) ariko dira batean, eta Erreka (Doneztebe, Nafarroa) eta Danok Lagunak bestean (Ortuella, Bizkaia). Irabazleak final-laurdenetan ariko dira.

MUNITIBARREN
Lea Ibarra (Munitibar) 0
Markina 3

Etxean jokatzeari ezin izan zion etekinik atera Munitibarko Lea Ibarrak, benetan bisitari gaiztoa egokitu zitzaion eta: Markina. Elkarren arteko derbian faborito ziren markinarrak, eta ez zuten huts egin. Ezin indartsuago ekin zioten kanporaketari, gainera, kadeteen mailan 5-22 nagusitu baitziren Zearra eta Ibarzabal Bengoetxearen eta Urzelairen kontra. Emaitzak adierazi bezala, partida ez zen batere berdindua izan, eta alde nabarmena egon zen bi bikoteen artean. Ibarzabalek oso urrun ibili zuen pilota ezker-eskuin, eta Zearrak ongi baliatu zituen aukerak aurreko koadroetan.

Lehen partidako emaitzarekin, bigarren norgehiagoka irabaztera derrigortuta zeuden munitibartarrak, baina ezin izan zuten. Kareaga-Kareaga bikoteak 15-22 galdu zuen Egurrola eta Calvo markinarren aurka. Hasieran oreka izan zen nagusi, baina 6-8kotik aurrera errenta polita lortu zuten garaileek: 9-15. Kareaga aurrelaria saiatu zen egoera iraultzen, eta tanto bikainak egin zituen, baina aldeari sendo eusten asmatu zuten markinarrek.

Dena erabakita zegoen nagusien partida hasterako, baina hirugarren puntuak ere Markina-Xemeinerako bidea hartu zuen. Agirreamalloak eta Pujanak 18-22 irabazi zieten Enbeitari eta Arrizabalagari. Jaialdiko neurketarik onena izan zen. 15nakora arte ez zen lehia hautsi, baina azken txanpan fisikoki gehiago izan ziren garaileak. Markinak Azpeitiko (Gipuzkoa) Ilunperen aurka jokatuko du final-zortzirenetan.

BERGARAN
Bergara 0
Lagun Onak (Zornotza) 3


Munitibarren gertatu bezala, Bergaran ere etxeko taldeak ezin izan zuen garaipenik eskuratu. Gainera, hirutik hiru partidak irabazi zituen kanpoko taldeak: Zornotzako Lagun Onak-ek. Hutsune dezente izan zituen Bergarak, eta igarri egin zen.

Kadeteetan, Torralba eta Diaz bizkaitarrak 13-22 gailendu ziren Etxabe eta Etxeberria gipuzkoarren aurrean. Norgehiagoka ona jokatu zuten lau pilotariek, baina Torralba nabarmendu zen guztien gainetik. Sakeari esker min handia egin zuen, eta beste abiadura bat eman zion pilotari.

Gazteen arteko lehian ere 12-22 nagusitu ziren Zornotzako Oregi eta Alonso Bergarako Lazpiurren eta Alberdiren kontra. Beste sendotasun batekin jokatu zuten irabazleek.

Hala, nagusietan hiru tanto egitea aski zuen Lagun Onak-ek kanporaketa bereganatzeko, baina ez zen horrekin konformatu, eta partida irabazi zuen. Oso erraz, gainera. Prieto eta Arrien 5-22 gailendu ziren Bergararen eta Cagigasen aurrean. Alde izugarria egon zen bi bikoteen artean, eta Prietoren erakustaldia aipatzekoa izan zen. Begien bistan geratu zen bizkaitarrak baduela zerbait berezia. Izerdi gehiago bota beharko dute zornotzarrek hurrengo kanporaketan, Tolosa (Gipuzkoa) izango baitute aurkari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.