Oliba olioaren prezioa gorakada izugarria jasaten ari da. Aurreko uztako produkzioa, prezio berrian (garestiagoan) saltzen hasi direlako zabaldu da polemika. Prezioen igoerak guztiongan duen eragina handia izaten bada, are handiagoa da egunero erabiltzen ditugun produktuetan gertatzen denean. Horregatik merezi du, polemikaren gainetik, harago ere begiratzea. Aspaldi sartu zen kapital handia Andaluzian eta Mediterraneoko hegoalde guztian inbertitzera, baina prozesua orain bizkortzen ari da. Hori posible egiteko eredu superintentsiboak, eta teknikfikazio eta datifikazio prozesuak behar izan dira.
Lehena, olibondoa hiru eratara lantzen da: tradizionala, zuhaitzak elkarrengandik bereizita; intentsiboa, aurrekoak baino zuhaitz gehiago biltzen ditu hektareako; eta superintentsiboa edo olibadia heskaian, hektareako olibondo dentsitate handiena duen laborea. Azkena, lurrarentzako kaltegarriena dena, paisaia guztiz aldatzeaz gain, lurra azkarrago txartzen du. Hala ere, azkar zabaltzea lortzen ari da, uzta sasi-automatikoki jasotzeko aukera ematen duelako.
Bigarrenik, ura da arazo larriena eremu horietan; ura duenak irabazten du. Horren faltan, sentsore eta droneen bidez ur falta edo landareen gaitzak detektatzeko bideak ere garatu dituzte. Urrutitik errazagoa da orain tratamenduak zein zuhaitzi eman edota ur premia zeinek duten bereiztea. Izango dituen ondorio kaltegarriak kontutan hartzen ez dituen, epe motzeko mozkina bilatzen duen finantza-eskema bihurtzen da horrela.
Hirugarrena datifikazioaren ezarpena da. Algoritmo prediktiboen bidez eta eredu ezberdinak entrenatuz, lursail bakoitzak eman dezakeen produkzio kopurua aurreikustea dute helburu. Horrek urruneko inbertsioak errazteko balioko du, estimazioak egin eta lurraren ustiaketa negozio espekulatibo neokolonial erraldoi bihurtuz.
Gertatuko dena ikasketa bat da guretzat. Arrakala handiak sortuko dira teknologia dutenen eta ez dutenen artean. Lurraldearekiko erantzukizunak garrantzia galtzen du, erabakiak hartzen dituztenek milaka kilometrora egoteko tresnak dituztelako orain. Lurraren langileen antolaketa da hori gelditzeko aukera bakanenetakoa, eta horretarako ezinbestekoa izango da jabetza kolektiboa eta lurraldearen zaintza erdigunean jartzea, baita teknologia haien alde jartzea ere.

IRLEN SAREA
Olibondoa astindu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu