Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Agur, telebista

2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun

«Gauza hoberik ezin zen asma euskaldunen frantsesteko». Daniel Landarten hitzak dira, Errobi taldeak Gure lekukotasuna disko gogoangarriko Telebista kantuan plazaratuak, 1977an. Telebistaren beste zenbait maltzurkeria eta eragin gaiztoren berri eman ondoren, honela amaitzen zen kantua: «Jaun aberatsak baitira egun / telebistaren jabeak / jabeak eta populuaren / lokarrarazle trebeak. // Agur, beraz, zuri / agur, telebista / tanti ruri ruri, / tanti ruri rura / agur, telebista / Gu guzien, gu guzien, gu guzien / izorratzaile trebea».

Urtebete geroagokoa da Madrilgo Topo rock taldearen Vallecas, 1996 kantua (1978). Honela dio (gaztelaniaz): «Vallecasen bizitzea arazo handia da 1996an, / Ongizatearen Ministerioak ematen dizkigun / drogak hartuta bizi gara. // Telebista beti dago martxan / mundu irreal bat proiektatzen digu / kaleetako egia ahantzarazten. / Telebista bedeinkatua / Telebista Santua / Telebista maitea. [...] Telebistak ez du atsedenik hartzen, telebistak zelatatu egiten zaitu, telebista gure laguna da».

Ia mende erdi geroago, telebistak, askorentzat eta askotan behintzat, gure eguneroko adiskide intimo baina lo-eragile eta izorratzaile trebe hori izaten jarraitzen du, euskaldunak frantsesten —eta, esan gabe doa, espainoltzen— dituen zelatari etengabea. Hori bai: zabaldu egin du esparrua, ez da pare bat leiho eskaintzen dituen zuri-beltzeko pantaila txiki samar hura, forma ugari hartu dituen izakia baizik, milaka forma, kolore, euskarri eta sarbide bereganatuz are intimoagoa egin zaiguna, barrukoago, geureago, guago.

Forma, kolore, euskarri eta sarbideen ugaritze horren barruan, euskaldunak frantsestu ordez erdaldunak —eta, esan gabe doa, euskaldunak— euskalduntzeko asmoa duen telebistarik ere badugu orain, 1982az geroztik. Ezin esan, ordea, asmo horretan arrakasta handia izaten ari denik, ikusle kopuruek adierazten dutenez, ETB1en ikusle kuota nekez iritsi baita %2ra azken urteotan (Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan). Telebistaren forma berrietan, berriz, euskarazko ikus-entzuleei buruzko datuak are okerragoak dira. Telebistaren bilakaerak eta historiak ez dio arrazoirik eta gaurkotasunik ostu Daniel Landarten aspaldiko hitz haiei. Nor kezkatu behar luke horrek? Kezkatzen al du?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.